Mahats bilketa

Mahats uzta oso ona espero da, idorteak bilketa aurreratu arren

Joan den urtean baino gutxiago jasoko da Arabako Errioxan, eta apur bat gehiago Nafarroan. Kalitatean nabarmen hobea izango da. Sektoreak arduraz begiratzen dio klima aldaketari

Mahats beltza biltzeko prest, Arabako Errioxan. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko mahastizainek eta ardo ekoizleek irail erdialdean edo urri hasieran ekin ohi diote mahats aleak biltzeari, baina abuztura aurreratu dira azken urteetan. Tenperatura aldaketek eta idorteek nabarmen baldintzatu dute mahatsa heltzeko prozesua, eta gero eta goizago biltzea ekarri du horrek zenbait tokitan. Nafarroan, esaterako, inoiz baino lehenago hasi dira aurten, eta Arabako Errioxan ere epeak zertxobait aurreratuta dabiltza beste urte batzuekin alderatuta. Dena den, ez dirudi horrek uztari eragingo dionik, kalitate handikoa izango dela aurreratu baitute.

Ikusi gehiago:Arazoari errotik heltzeko garaia

Ohi bezala, Erriberako ekoizleak dira mahatsa biltzen lehenak. Duela bi aste ekin zioten chardonnay eta moskatel mahats zuria jasotzeari. Pixkanaka, ordea, iparralderantz ari da zabaltzen bilketa, Estellerriraino heldu arte. «Sor-markaren eremu guztian ari dira mahats zuria biltzen dagoeneko, eta batzuk hasiak dira beltzak ere jasotzen. Daukagun klima apetatsu honekin, haren bilketa ere aurreratu egin baita», adierazi du David Palaciosek, Nafarroa sor-markako presidenteak. Kalkulatu dute hilabete eta erdi, bi hilabete inguru beharko dituztela sor-markak babesten dituen 10.000 hektareak biltzeko.

Arabako Errioxan, berriz, mahatsaren heltze prozesua biltzeko puntu egokira noiz iritsiko zain dira gehienak oraindik. Izan ere, abuztuko bero boladek «eten» egin dute prozesu hori, eta fruitua «leheneratzen» ari da oraindik. Azken egunetako freskura eta euria baliatu nahi dituzte horretarako, Arabako Foru Aldundiko enologia eta mahastizaintza zerbitzuko teknikariek azaldu dutenez. Zakarkeria handirik ez egitea: horixe da ekoizleen nahia oraintxe, ekaitzak onura baino kalte handiagoa eragin ez dezan.

Gauzak ondo bidean, beraz, adituek uste dute iraileko lehen egunetan mahats zuriaren bilketari ekiteko moduan izango direla ekoizleak; aldiz, mahats beltzari dagokionez, hilaren amaierara arte itxaron beharko dute lehen aleak jasotzen hasteko. Teknikarien arabera, ohi baino gehiago iraungo du bilketak aurten, lursailen arabera «aldea handia» delako.

Edonola ere, uzta oparoa izango dela aurreratu dute, nahiz eta ez duten datu orokorrik jakinarazi oraindik: «Mahats asko dago; aleak txikiak dira, baina kalitatea oso ona da. Euri gutxi egin duenez, ez dute gaixotasunik hartu, eta osasun bikaina dute». Kopuruari dagokionez, iaz baino gutxixeago jasoko dutela espero da. Teknikariek zehaztu dute, halere, Errioxa sor-markak baimendutakoa baino gehiago izango dela, uzta murrizteko abisua «berandu» jaso dutelako ekoizle gehienek. «Ez dago denborarik eta langilerik horretarako».

Nafarroan ere espero dute mahatsen osasuna «bikaina» izatea eta uzta ona lortzea, hala kopuru aldetik, nola kalitatearen ikuspegitik. «Azken asteetan egunez eta gauez izan dugun tenperatura kontraste handiak on egiten dio mahatsari. Espero dezagun iragarrita dauden ekaitzek kalterik ez eragitea», esan du Palaciosek. «Hatzak gurutzatuak ditugu». Kalkulatu dute aurten iaz baino %10 gehiago bilduko dutela. Joan den urtean bereziki urria izan zen uzta, dena den.

Aldaketei so

Tenperatura gorabehera handiak, ekaitz bortitzak, idorte luzeak... klima aldaketaren ondorioak nozitzen ari da ardogintzaren sektorea ere, eta arduraz begiratzen dio aurrez aurre duen erronkari. «Sektorea kezkatuta dago», azpimarratu du Palaciosek. Mahatsa gero eta lehenago bildu behar izana da horren adibiderik argiena, hain zuzen ere. «Urtetik urtera aurreratzen ari gara. Hiru edo lau aste aurreratzeaz hitz egiten ari gara, eta hori asko da».

Arabako Errioxan ere nabaritu dituzte aldaketak azken hamarkadan. Mahatsa biltzeko epea aurreratuz doa han ere: lehen, irailaren amaierarako mahatsa jaso behar izatea «arazo» zen ekoizleentzat, eta, orain, gauza erabat arrunta bilakatu da. Baina aldaketarik handiena mahatsa ekoizteko baldintzetan izan dela azpimarratu dute mahats ekoizleek eta adituek. Izan ere, egun baldintzarik egokienak altueran daude, lehen mahatsa heltzen ez zen lursailetan.

Horrek guztiak ere mahatsaren ezaugarrietan eragin du, Arabako diputazioko enologia eta mahastizaintza zerbitzuaren arabera. Gero eta idorragoa den klimaren ondorioz, mahats aleen azidotasuna ere apalagoa delako, besteak beste. «Mahastiak landatzeko beste eremu batzuk bilatu beharko dira; beste mahats barietate batzuk, indartsuagoak direnak; egokitu beharko dira ekoizpen moduak egungo baldintzetara».

Egokitzapena: hitz horretan egin du azpimarra Palaciosek ere. «Enologoek, mahastizainek... gero eta modu profesionalagoan lan egin beharko dugu. Beste teknika batzuk bilatu beharko ditugu ardoak egun dituen ezaugarriak izan ditzan». Zehaztu du ari direla horretan dagoeneko, baina prozesua «luzea eta geldoa» dela gogorarazi du. «Eta noski, klimaz gain, kontsumo ohitura aldaketak ere eragiten digu: gero eta ardo zuri eta gorri gehiago edaten da, eta espero da hurrengo urteetan hazi egingo dela ardo horien eskaria. Horri adi ere bagaude».

Baikor geroari begira

Ardogintzan dena ez da ilun, ordea. Sektoreak baditu aldeko faktoreak, hala Nafarroan, nola Arabako Errioxan. «Kokapenak gure alde jokatzen du, esaterako. Iberiar penintsularen iparraldeko talaian kokatuta gaudenez, askoz ere gutxiago eragiten digu hegoaldean izaten ari diren tenperatura igoera handiak», azaldu du Palaciosek. «Eta gure mahatsak nazioarteko merkatuak eskatzen dituen ardoak ekoizteko aukera asko ematen ditu, fruta asko duelako eta freskura handia».

Arabako Errioxaren kasuan ere mahastiak dira geroaren berme. Mahasti zaharrak batez ere, 40, 50, 60 urte baino gehiago dituztenak. Izan ere, haien sustrai luzeak gai dira ura lortzeko lehorte garaietan ere, eta hori ardoaren kalitatean islatzen da gero, adituek adierazi dutenez. «Hori ere gure alde dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.