Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatuko dute Usansoloren desanexioa

Galdakaoko udaletxearen eskaerarekin aurrera jarraitzea erabaki dute batzorde instituzionalean EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak

Usansolo Herria plataformaren ekintza bat. BERRIA.
Erredakzioa
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Usansolo Galdakaotik (Bizkaia) bereizteko eta udalerri berri gisa eratzeko eskaerak beste etapa batgainditu zuen atzo Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzorde Instituzionalean. Galdakaoko Udaletxearen eskaerarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, eta, beraz, osoko bilkuran eztabaidatuko dute. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoekin egin du aurrera eskaerak; PSE-EEk kontra bozkatu du, eta PP abstenitu egin da. Bidearen azken mugarria Bizkaiko Batzar Nagusietan egin beharreko bozketa izango da: baiezkoa gailentzen bada, azken tramitazio burokratikoak baino ez dira faltako Usansolo udalerrien erregistroan sartu eta Bizkaiko 113. udalerria bilakatzeko. 40 urteko ibilbide neketsuaren amaiera izanen da.

Galdakaoko Udalak 2020ko urtarrilean erabaki zuen prozedura hastea, eta martxoan herri galdeketa egin zuten. Ekainean egin zioten eskaera Bizkaiko Foru Aldundiari. Azken hilabeteetan, Usansolo Herria plataformako kideek bilerak egin dituzte alderdi politikoetako ordezkariekin, eskaeraren aldeko jarrera har zezaten.

Usansolon bizi den biztanle kopuruaren inguruan zentratu da eztabaida, Espainiako legeak ezartzen baitu udalerri berriak gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituela, eta Usansolok gaur egun ez du betetzen baldintza hori: 4.520 biztanle ditu. Baina, arlo horretan, Foru Aldundiarena da eskumena, eta, foru arauaren arabera, gutxieneko biztanle kopurua 2.500ekoa da. Hori azpimarratu du Bea Ilardia EH Bilduko ordezkariak, eta herritarren hitza «errespetatzeko» garaia dela erran du, «aitzakiarik eta oztoporik gabe».

Jesus Lekerikabeaskoa EAJko ordezkariak esan du txosten juridiko eta ekonomikoak aztertuta ados direla eskaerak bere bidea jarrai dezan, eta zehaztu du osoko bilkuran «beste mota bateko balorazioak» eginen dituztela, «errespetuz eta arduraz». Eneritz Madariaga Elkarrekin-Bizkaiako ordezkariak gogoratu du 30 urte baino gehiago igaro direla Usansoloko auzotarren «borroka» abiatu zenetik, eta orain dela urte batzuk jada aurrera eraman zitekeen prozesu bati emandako oztopoak deitoratu ditu. Juan Otermin PSEko ordezkariak nabarmendu du eskaerak baldintza foralak baizik ez dituela betetzen, eta Espainiako Estatuko baldintzak saihesten dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.