Lau bortxaketa salatu dira Baionako bestetan, eta gizon bat larri zauritu dute

Etxegarai auzapezak erran du 1,3 milioi pertsona inguru izan direla denera. Mutil bat hilik atzeman zuten etxean, bestetatik itzuli ondotik

Baionako besten bilanaren prentsaurrekoa, atzo goizean. PATXI BELTZAIZ.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
2023ko Baionako bestak «giro goxoan» iragan direla aldarrikatu du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Igandeko gauarekin bukatu ziren, eta atzo goizean egin zuen balorazioa Etxegaraik, Fabrice Rosay Pirinio Atlantikoetako suprefetak eta Caroline Parizel Baionako prokuradoreordeak, Baionako suprefeturan. Adierazi dutenez, lau bortxaketa salatu dira, gizon bat hil ala bizi da jipoi bat hartu ondotik, eta 18 urteko gazte bat hilik atzeman dute etxean.

Bortxaketei buruz, Parizelek azaldu du prozedurak abiatuak direla, eta ikerketa osatzen ari direla biktimekin. Gehitu du oraingoz ez dela «informazio gehiagoren zabaltzeko ahaletan». Asteazken gauean sexu erasoa jasan zuen beste emazte batek ere salaketa jarri zuen, baina fiskaltzak kasua artxibatu du.

Beste bi kasu larri ere gertatu dira besten denboran. Asteazken gauean, lehenik, 46 urteko gizon bati eraso egin zioten etxera sartzen ari zela. Ate aitzinera iristean, hiru gizonek sartzea trabatu zioten; galdetu zienean handik mugitzeko, jo egin zuten, behin eta berriz, bortizki. Prokuradoreordeak azaldu du gizona koma artifizialean dagoela, eta hiltzeko arriskua duela oraindik. Inkesta abiatu da, hilketa entseguagatik.

Azkenik, heriotza bat ere izan da. 18 urteko mutil bat hilik atzeman zuten igandean bere etxean, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Oraindik ez dakite zergatik hil den. Parizelek azaldu duenez, «ez zuen osasun arazorik, eta kirolaria zen». Zehaztu du mutilaren bi lagunek onartu zutela alkohola edateaz gain «estasi gisa saldu zizkieten bi pilula» erosi zituztela. Parizelek, hala ere, ez du baieztatu heriotzaren kausa hori izan zenik.

Bortxa eta indarkeria matxistako kasuak izanda ere, «giro goxoa» izan da Etxegarairen arabera. Erran du 1,3 milioi bestazale izan direla, nahiz datu ofizialak geroago emanen dituzten. Datorren urterako ez da baztertua bertze kanpin bat ezartzea, jakinik aurten Mousseroleseko kanpalekua osorik bete dela lehen aldiz.

Musikari dagokionez, azaldu du aurtengo desafioa zuzeneko musikarena izan dela. Hitzarmenak errespetatu ez dituzten ostatuak zigortu dituzte: bozgorailuetako musika azkarregi ezarri duten 35 bat ostatuk isuna errezibitu dute jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.