Alarde eguna izango da etzi Hondarribian (Gipuzkoa), baina aurten ere emakumeek ezingo dute berdintasunean parte hartu herriko jai nagusian. Azken 25 urteetan bezala, Jaizkibel konpainia parekideak desfilatuko du lehenik. Alardeak egingo du gero, emakumeak soilik kantinera moduan onartzen dituzten konpainiek osatuta. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak biei egingo die harrera, atzo Eider Mendoza ahaldun nagusiak jakinarazi zuenez: «Mugimenduak izan dira, eta aldundiak ere mugimendu bat egin nahi du elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta konponbidearen alde. Mugimendu bat, apaltasunez, alarde tradizionalaren desfilera eta Jaizkibel konpainiaren desfilera joanda».
Alardeen inguruko gatazka ondo ezagutzen du Mendozak: «Emakumea naiz, Hondarribian bizi naiz, hiru seme eta alaba bat dauzkat, eta gertutik ezagutzen dut egoera, sufritu baitut, herriak sufritu du». Azken urteetan, herritar gisara joan da bi desfileak ikustera, eta, aurten, ahaldun nagusi gisa joango da. Han izango da Igor Enparan Hondarribiko alkatea ere: urteetan, EAJko alkateek desfile baztertzaileari baino ez diote txalo egin, baina, aurten, aldaketa ekarri du Abotsanitz taldearen udal gobernuak, eta Jaizkibeli zein alardeari egingo die harrera.
Edonola ere, ez da lehen aldia izango aldundiak ofizialki Jaizkibeli harrera egiten diona: Bildu Gipuzkoako Diputazioan izan zenean (2011tik 2015era), urtero joan zen Martin Garitano ahaldun nagusia konpainia parekidea babestera, gobernu ordezkaritza zabal batekin batera; desfile baztertzailea, ordea, ez zuten ikusten.
Bestalde, Hondarribiko EH Bilduk «zerbait aldatzen» ari dela uste du, nahiz eta prozesua «nahi baino askoz ere luzeagoa» izaten ari den. Alarde publikoa, parekidea eta bakarra nahi du, eta uste du udal gobernuan izandako aldaketak helburu hori lortzeko aukera «paregabea» eskaintzen duela. Horregatik, koalizio abertzaleko bi zinegotziek Hondarribiko udal ordezkaritzarekin batera egingo diote harrera ofiziala Jaizkibel konpainiari, elizako eskaileretan.
Hondarribiko udal gobernuak EH Bilduko zinegotziei eskatu die alarde baztertzaileari ere harrera egiteko. Baina eskaerari ezezkoa eman diote: «Koherentziaz jokatuta, ez diogu harrerarik egingo. Harrera egiteak jarrera matxista baten konplize izatea dakarrelako».
Jaizkibeli zein desfile baztertzaileari egingo die harrera Eider Mendozak
Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du aldundiak ere«mugimendu bat» egin nahi duela, «elkar ulertzearen eta konponbidearen alde»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu