Ipar Euskal Herrian etxebizitza arloan egiten diren iruzurrak salatzeko komunikazio ekintzak egin zituen atzo Alda mugimenduak Lapurdin. Iruzurrezko alokairu kontratu bat, konpentsazio arauaren urratze bat eta maizter batzuen kanporatze irregular bat salatu zituzten hiru ekintzatan. «Egoera horiek bukatu behar dira, [Ipar] Euskal Herriko maizter eta biztanleei abantaila kentzen baitie aldiro, egungo etxebizitza krisiak hertsaturik. Denok batera egoera lehenbailehen konpondu behar dugu!», adierazi zuen Lara Saget Aldako bozeramaileak. Gauzak ez badira «orain baino gehiago eta lasterrago» aldatzen, heldu den ikasturtetik aitzina presioa areagotuko dutela iragarri dute.
Landetan abiatu zuten eguna. Higiezin agentzia bat okupatu zuten, Ipar Euskal Herrian iruzurrezko alokairu kontratuak egiten dituela salatzeko. Behin baino gehiagotan salatu dute praktika hori Aldako kideek, eta uste dute Ipar Euskal Herriko agentzia gehienek egoera erregularizatzea erabaki dutela, ez baitute azkenaldian jakinarazpenik jaso. Izan ere, hori egiten dutenek etxe agentzia gisa jarduteko ziurtagiria gal dezakete.
Ondoren, Bidartera (Lapurdi) jo dute iruzur bat baino gehiago egiten ari den jabe baten jarduna salatzeko. Bere egoitza nagusiari atxikia duen etxola moduko bat alokatzen du epe laburrerako, baina ez du turismo bizitegi gisa deklaratua. Euskal Hirigune Elkargoaren konpentsazio araua urratzeagatik 50.000 euroko isuna arriskatzen du. Pankartak eta afixak jarri dituzte, eta etxeko jabea deitu dute egoeraren berri emateko. Jabeak ezezagutza alegatu du: erran die ez zekiela baimen bat eskatu behar zenik bizitegia jabetza nagusiari lotua baldin bazen.
Afera da beste iruzur bat ere egin duela, Aldako kideen arabera. Getarian duen bigarren etxebizitza batera jo dute Bidartekoa utzita. Bizitegia beretzat berreskuratu nahi zuelakoan, urte osoko alokairuan zituen maizterrei kanporatze agindua bidali zien, baina ez da sekula bertan bizitzera iritsi. Obra batzuk egin ondotik, epe laburreko alokairuan jarri zuen, astebeteko egonaldiarentzat mila euro eskatuta. Legez kanpokoa da hori ere. Bere jarrera leporatu diote Aldako kideek etxeko jabeari, Ipar Euskal Herriko langileen etxebizitza eskubidea aldarrikatuta.
Etxebizitza arloko hainbat iruzur ikusarazi ditu Alda mugimenduak Lapurdin
Iruzurrezko alokairu kontratu bat, konpentsazio arauaren urratze bat eta maizter batzuen kanporatze irregular bat salatu dituzte hiru ekintzatan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu