Osasunak gaur igo nahi du Lehen Mailara, Cadizen irabazita

enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Osasunak bertan du gorengo maila, eta ez du gehiago itxaron nahi. Aurreko bi jardunaldietan ez bezala, bere esku dago urrats erabakigarria egitea. Oraingoan ez dago kalkulagailuaren beharrik: Lehen Mailako talde bilakatuko da gaur arratsaldean Cadizen (Espainia) irabazten badu (18:00). Garaipena lortuta, 80 puntu lituzke, eta, hiru jardunaldiren faltan, soilik Granada iritsi ahalko litzateke kopuru horretara. Ez dago neurketa bati heltzeko akuilu hoberik. Gainera, atseden hartuta iritsiko da, jokatu gabe irabazi baitzion Reusi.

Edonola ere, Jagoba Arrasatek ohiko diskurtsoari eutsi dio, zuhur mintzatuta. Euforia apaltzen ahalegindu zen: «Azkenaldian egindakoarekin, ez dugu aski izango Cadizi irabazteko. Oso aurkari zail baten aurka arituko gara, eta partida ia perfektua egin beharko dugu». Igoera fasean sartzeko lehian bete-betean dago sartuta Cadiz, eta, Arrasatek nabarmendu zuenez, «oso talde sendoa» da etxean; irailaz geroztik ez du bertan galdu. Gainera, aurrekariak kontra dituzte nafarrek: Cadizen jokaturiko hamazazpi lehietatik hiru baino ez dituzte irabazi. Iaz lortu zuten azken garaipena, Sergio Herrerak hiru penalti geratu zituen egunean.

Kale eginda ere, Osasunak jardunaldi honetan igotzeko aukera izaten jarraituko luke. Kasu horretan, gorritxoen soa astelehenean 21:00etan Albacetek eta Granadak elkarren aurka jokatuko duten norgehiagokan paratuko litzateke. Cadizen berdinduz gero, aski lukete Albacetek ez irabaztea; galduz gero, berriz, Albacetek ere beste horrenbeste egin beharko luke. Hala gertatuko balitz, Osasuna astelehen buruzuri bateko gauerdian bilakatuko litzateke Lehen Mailako talde. Ez da lorpen handi bat ospatzeko modurik gustagarriena.

Ospakizuna dezentez biribilagoa litzateke Osasunak gaur Cadizen irabazita. Lehia erabakigarria da, eta, horregatik, Unai Garcia ez beste jokalari guztiek bidaiatuko dute, zerrendatik at gelditu diren Kike Barja, Iñigo Perez eta Juan Perez barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.