Baionako bestak

Behar ordurako besarkada prest

Maina harrera zerbitzuan izan da pasaiarik, baina ez momentuz ziztada salbairik edo sexu erasorik pairatu duen nehor. Prefetak jakinarazi du badirela bi sexu-eraso salaketa.

Maina harrera gunea. PATXI BELTZAIZ.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Nehoizko Baionako bestarik jendetsuenetan ez dira sexu erasoak nabarmendu, baina badira bi salaketa bederen, prefetak atzo jakinarazi zuenez. Bestalde, ziztada salbaiak gertatu dira: gutxienez 24, orain arteko salaketen arabera.

Unibertsitate ondoko karpak beharretan dagoen ororentzako besarkadak prest ditu Maina harrera gunean. Herriko etxearen iniziatiba da, eta Atherbea elkarteko Andree Diartek koordinatzen du. Animatzaile guziek badute eraso sexual eta sexisten gaineko formakuntza berezia eginik, baita ziztada salbaien gainekoa ere. Gaiarekin lotura duten egiturek bat egiten dute bertan, eta bakoitzak badu bere eskuorria: PAFek, Planning Familial-ek...

Victoria eta Christophe Planning Familialeko kideak dira. Christophek jada hiru inguru eginak ditu bestak hasiz geroztik, erran nahi baita, karriketan barrena ibili dela kide batekin, jendea sentsibilizatzeko erasoen gainean, batez ere eraso sexista eta sexualei dagokienez.

Bozkariatu da: «Uroski, asteazkenaz geroztik, ez dugu ziztadarik pairatu duen nehor ukan, ez ere erasoa izan denik. «Zabaldu den psikosiak askoz handiagoa da zinez gertatu direnen kopurua baino», ohartarazi du Christophek.

«Ziztadena dominazioarekin lotua da, maskulinitatearekin», azpimarratu du Victoriak.

Ziztada jaso duen nehor ez; bai, ordea, bertzerik: hiru emazte arrunt gazte hurbildu baitzaizkie kexatzerat, baizik eta haien egoerak ez baitzuen bat egiten edan zuten alkohol kopuruarekin. «Hiruretako batek bere burua kasik Errobirat bota du; bigarrena izugarri nahasia zen, eta hirugarrena, zinez zurbila. Normalizazioa bada, hirurak kexaturik ere, guraso batek ez baitie sinetsi, haien kontakizuna dudan ezarriz. Bada sekulako lana egiteko». Afera da susmoa dutela basoan drogaren bat jaurtiki ote dioten. Ostalariari seinalatu bazioten ere, ez dute babesik jaso, harik eta Mainara agertu diren arte. Orduan dira jabaldu, entzunak izan baitira, babespean.

Harrera, prebentzioa, behar den zerbitzuetara joaten laguntzea eta jabaltzea da haien lana. Gertatu izan zaie ere etxeraino laguntzea bakarren bat.

Bi gazte talde agertu dira, «Ezetz delarik, ezetz da» pegatina arrosa-ubelaren xerka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.