Literatura. 'Mecanografiak'

Orotariko ipuinak

Idazlea: Harkaitz Cano. Argitaratzailea: Txalaparta.

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Izenburua ez nuen berehalakoan harrapatu; ordurako garuna udako eguzkiak egosi zidalako, ziurrenik. Mecanografiak da Harkaitz Canoren (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) azken liburua, aste gutxiz gehiago izango bada ere. EiTB Kultura Transit telebista-saioan esan zuen Canok berak ia-ia lanik egin gabe ateratako liburua dela. Izan ere, azken hogeita hiru urteotan argitaratutako narrazioak biltzen dituen antologia da Mecanografiak. Irati Jimenezek (Mundaka, 1977) egin du hautaketa, eta harena da hitzaurrea ere.

Atzera begirako liburu hau Canok ipuingintzan egin duen ibilbidea berrikusteko parada ederra izan daiteke, are, hortik zehar barreiatuta eta bistaz galdutako ipuinak aurkitzeko aukera ere bada. Gutizien dastaketa-menua da Mecanografiak, nolabait. Jimenezek ez ditu kronologikoki edo kanon baten barruko testuak hautatu; haren hitzetan, bilduma «ez-akademikoa» da, baina koherentzia mantentzen saiatuta egindako antologia dela ere badio, eta koherentzia zerk ematen dion asmatzen jakin ez dudan arren lortu duela esango nuke. Canok literaturarekiko erakusten duen maitasun bera erakutsi duela Jimenezek ere; hori iruditu zait. Canoren orotariko ipuingintzaren erakusgarri da antologia, eta denetarik eskaintzen dio irakurleari. Argitaratu dituen ipuin-liburu guztietako aleak daude jasota, eta baita, esan bezala, aparteko argitalpen batzuetan argitaratutakoak ere: 27 ipuin guztira.

Halabeharrez da orotarikoa Canoren ipuingintza, urteen joanaren, ipuin-liburu desberdinen, askotariko formatu eta eskakizunen beharren ondorioz eta noranahiko imajinazio ia mugagabeari eskerrak. Eta ez imajinazioa istorioak asmatzekoa bakarrik, eta istorioak kontatzekoa ere, hori baita koska. Ez naiz Canori buruz esan ez den ezer berririk esaten ari, dena dela.

Laudorio hutsa baino gehiago da antologia zabaltzen duen hitzaurrea, laudorioa ere badenez, Canoren bibliografiaz baino literatur ekoizpen eskergaz eta horren esanahiaz ere mintzo da Jimenez. Hala eta guztiz ere, ipuingintza da gehien landu duen generoa, kopuruari dagokionez, behintzat. Badaude ipuingintza horri buruz Jimenezek idatzitako bi esaldi, iruzkin honetara ekarri nahiko nituzkeenak, antologia honi buruz hitz egitean ituan ematen duelakoan. Honela dio: «Zeuri ere gertatuko zaizu, behin baino gehiagotan, ipuin hauek irakurtzerakoan literatura bila joan eta bizitza besarkatzen duzula sentitzea, edo alderantziz». Eta zer esan, niri behintzat gertatu zait, literatura bila joan naiz gehienetan eta bizitza topatu dudala esango nuke, eta literatura gehiago topatu dudala bizitza horretan, gero.

Badaude bilduman besteak baino iltzatuago geratu zaizkidan ipuinak, biribilagoak direlako edo horiexek zirelako behar nituenak, auskalo. Hauxe Jimenezen bigarren esaldia: «Biek aurkitzen dituzte narrazio interesgarrienak fantasiaren eta errealitatearen arteko puntu telurikoetan». Hemen Cortazarren eta Canoren arteko lotura egiten du Jimenezek, ez alferrik. Cortazarren heriotzarekin eta Parisen hasten da antologia, eta Cortazarren hilobia ere ageri da antologia ixten duen ipuinean, Parisko Père Lachaise hilerrian. Gehiagotan ere ageri da Cortazar, eta ageri ez denean ere hor dagoela esango nuke. Fantasia eta errealitatea, fikzioa eta errealitatea elkartzen dira Canoren unibertsoko orotariko ipuinotan: literatura eta bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.