Albistea entzun

Roge Blasco. Kazetaria

«Kazetari gisa bidaiatzea ardura handia da, baina errealitatea ezagutzen da»

Munduko hamaika lekutara bidaiatu du Blascok, eta, besteak beste, horietan bizi izandakoak kontatu ditu Radio Euskadiko 'Levando Anclas' saioan, 1984tik. Erretiroa hartu berri du; bidaiatzen jarraituko du, baina, hemendik aurrera, turista gisa.
Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko uztailak 17 - Algorta

Egin dituen bidaiak azaltzean, gehiegi luzatuko den kezka du Roge Blasco kazetariak (Bilbo, 1955). Laburtuta ere, andana bat baitira bizipenak, eta ugariak, orobat, osteretan gertatu zaizkion bitxikeriak. Baina deserosoenak ere barre artean kontatzen ditu. Irrati, telebista eta prentsa idatziaren bidez helarazi ditu istoriok, eta, erretiroa hartu berri duen arren, halakoak kontatzen jarraitu nahi du.

Noiztik duzu bidaiekiko zaletasuna?

Uste dut bidaien kontua oso barruan dugula denok. Guztiok dugu gustuko bidaiatzea. Baina, hasieran, musikan espezializatu nintzen. EHUko Leioako [Bizkaia] campusean Informazio Zientziak ikasi nituen —lehen promozioa izan ginen—, lana bilatzen hasi nintzen irratian eta prentsan, baina ez nuen lortu. Getxoko [Bizkaia] bi lagunekin, euskal rockaren inguruko aldizkari bat egin nuen: Muskaria. Interesatzen zitzaizkidan prentsan ia agertzen ez ziren artista horiek guztiak: Itoitz, Haizea, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Iñaki Eizmendi...

Euskarazko musika, hein handi batean.

Bai, bai. Aldizkariaren helburua zen euskarazko diskoen eta tokiko taldeen albumen kritika egitea. Garai hartan, Xoxoa zigilua ere bazegoen, eta talde ezezagunei balioa ematen ari zitzaien; Errobi taldea ere bazegoen... Belaunaldi berri horrek prentsa bat behar zuen.

Irratian ere jorratu zenuen musika, ezta?

Portugaleteko [Bizkaia] JMC irrati independentean egon nintzen aurrena, bi urte eta erdiz Kalean Musika saioa egin nuen, eta gero Bilboko Popular 3 Estereo irratian sartu nintzen. Radio Euskadi hastapenetan zegoenean, Mikel Lejarzak etxera deitu zidan esateko plaza huts bat zegoela asteburuan. 1984. urtea zen. Zapatuetan, Local de Ensayo egiten hasi nintzen, musikari buruzkoa, eta futbol partidarik ez zegoenean lau orduz egoten nintzen jende pilarekin hitz egiten; domeketarako, Levando Anclas asmatu nuen, bidaiak eta musika ederra nahasteko. Local de Ensayo desagertu zen, eta Levando Anclas-ek oraindik jarraitzen du; urtarrilera arteko saioak grabatuta utzi ditut.

Zuretzat, beti egon dira lotuta musika eta bidaiak?

Bai, oso. Adibidez, Levando Anclas-en denbora asko ematen dut musika bilatzen. Saio bakoitzeko lauzpabost elkarrizketa dira, eta bakoitzak bere musika du. Esperimentatzea gustuko dut. Urte hauetan, zerrenda luzeak osatu ditut leku jakinak gogorarazten dituzten kantekin. Eta, atmosferak sortzeko, jazza sartzea gustatzen zait. Ahalegintzen naiz beti berezia izan dadin.

Jakin-min kulturalak bultzatuta bidaiatzen duzu?

Noski. Lehen saiotik erabaki nuen ez zela izango bidaiatze hutsa, ez nintzela egongo bisore baten atzean momentu oro; herrialdeetako kultura eta gizartea ezagutzea izango zela helburua. Hori nafar batengandik ikasi nuen, Jesus Lopez Castillogandik: 1988an, harekin egon nintzen 40 egunez Perun, Sendero Luminoso Limara gerturatzen ari zen garaian. Dokumentalak egitera joan ginen, eta esan zigun ez ginela joango Machu Picchura eta Cuscora, baizik eta auzo periferikoetara, ikusteko nola bizi ziren Andeetatik hirira migratzen zutenak. Eta konturatu nintzen bidaiatzea dela errealitate hori ezagutzea. Saioan hori erakusten ahalegindu naiz, edo beste gizarte batzuen inguruan hitz egingo duen jendea ekartzen. Adibidez, Iranen eta Iraken arteko gerraren garaian, emakume irandar bat eta beste irakiar bat batu nituen; beste batean, Tibeteko monje bat izan nuen, zeinak 4 urterekin ihes egin baitzuen Himalaiatik, Txinaren inbasioaren ondorioz.

Dena den, bidaia mugatua da beti, ez du denborarik ematen dena ezagutzeko, ezta 40 egunetan ere. Horrek frustrazioa eragin al dizu inoiz?

Bai. Askotan, sentsazioa duzu han jaioa izan behar zarela egoera ondo ezagutzeko. Bidaia beti da laburra, baina uste dut beharrezkoa dela bidaiatzea. Irudimenarekin ere egin daiteke, irakurtzen edo jende bati entzuten, adibidez. Ideia hori ere helarazi nahi izan dut Levando Anclas-en; bidaia bat beti hasten baita prestaketarekin. Orain, jende batek 40 egun baino gehiagoko osterak egiten ditu. Bidaiatzeko modua asko aldatu da, oro har: jendea kosmopolitagoa da, eta mundua, globalizatuagoa.

Zuk igarri dituzu globalizazioaren aldaketak?

Bai, asko igartzen da. Saioa hasi genuenean, deigarria zen Marokoko Atlas mendikatera joatea, adibidez, eta bidaiari horiei elkarrizketa egin genien. Edo Belgikatik edo Italiatik zetorren jendeari. 1974an, euskal espedizio bat egin zuten Everestera, eta 1980an igo egin zuten. Hori dena legendazkoa zen. Edo Aljeriara eta Malira autoak saltzera joaten ziren euskal herritarrak... Hain zuzen, Levando Anclas frustrazio batetik jaio zen: uste nuen Hego Amerikara bidaiatuko nuela eskola bukatutakoan; gero, karrera bukatutakoan; baina lan ederra topatu nuen... Uste nuen saioak bost egun baino ez zuela iraungo.

Bidaia aldatzen da hura kontatu behar denean? Kazetariaren begiradak eragiten dio?

Bai, bai. Zoragarria da. Doctor Livingstone, supongo telesaila egin genuen, 1987tik 1995era. Javier Angulo kameraren lagun egin nintzen, eta makina bat dokumental egin genuen elkarrekin. ETBn obragatik kontratatzen gintuzten; ez ziguten dokumentaletako aurrekontua onartzen, baina gero obra kontratua egiten zidaten berriro, eta dokumentala saltzen nion programari. Ni nintzenez zuzendaria... [barre egin du]

Nolakoa izan zen saioa?

Aukera izan genuen joateko Ugandara, Beninera, Kubara, Herbehereetara... Lanera zoazenean, ardurak dituzu; adibidez, bateriak ez hondatzea, gune tropikaletan ibili ginelako, edo belaontziren batean. Agian hilabeterako gindoazen, baina hiru dokumental egin behar genituen; emititutako minutuengatik ordaintzen ziguten, eta, beraz, asko grabatu behar genuen. Erantzukizun handia da, baina bete-betean sartzen zara hango errealitatean: Ugandan, Kultur ministroarekin egon ginen, pentsaezina turista bezala joan izan bagina; eta Bugandako erregearen koroazioan ere egon ginen, bertako kazetariekin batera. Edo, esate baterako, Kuban hoteleko gela erre genuen.

Nolatan?

Nire bizitza profesionalean bi momentu oso txar izan ditut, eta hori izan zen okerrena. 1993a zen, Habanako Hotel Nazionalera gonbidatu gintuzten. Kuban beste potentzia elektriko bat zuten, eta okurritu zitzaidan amaren josteko makinaren egokigailua eramatea. Gauez, Javik baterietara entxufatu zuen egokigailua, eta ohe azpian utzi zuen. Txinparta bat irten ei zen, eta koltxoia erretzen hasi zen 02:00etan. Ni beste gela batean nengoen, eta ordu horietan deitu zidan esateko bere gela erretzen ari zela. Hasieran ez nion sinistu, Javi oso fantastikoa baitzen. Korridorean, ordea, ke usaina sumatu nuen.

Zer gertatu zitzaizuen?

Heldu nintzenerako, Javik bainuontzia urez betea zuen, eta hara bota genuen koltxoia. Kearekin itotzen ari ginen. Suteen kontrako alarma jotzen ari zen, baina ez zen inor etorri. Harrerara deitu nuen telefonoz, eta orduan ere ez ziren etorri. Azkenean etorri ziren eta, lasaitasun osoz, bota ziguten: «Zer gertatzen da?». Hurrengo egunean, esan ziguten pila bat dolar ordaindu behar genuela; eta nik, zuzendariarekin hitz egin nahi nuela, alarma jota ere ez zelako inor agertu, eta hiltzeko zorian egon ginelako. Ondo uler zintezkeen haiekin. Beste lekuren batean, agian kartzelan bukatuko genuen sobornatzen saiatzeagatik.

Eta zein izan zen bigarren momenturik okerrena?

1993an edo 1994an, Ekuatore Gineara joan nintzen Alvaro Iradierrekin, haren birraitona Manuel Iradierren urratsei jarraitzeko asmoz. Kogon egon ginen hilabetez, ospitalearen berrinauguraziora joan ginen, eta orduan ere ez genuen aurrekonturik; ospitalean bizi ginen. Javik ikurrin bat zeraman kameran, baina nik nahiago izan dut beti oharkabean pasatu. Terraza batean geunden, eta Javik mahai gainean ipini zuen kamera ikurrinduna. Alen mendiko parke nazionaleko zuzendariak kasu egin zigun: Getxon eta Gernikan [Bizkaia] lagunak zituen, eta parkeko erreportaje bat egiteko kontratatu gintuen. Alvaro Iradier joan zenean, ordea, atxilotuko gintuzten bihozkada izan nuen. Lana bukatuta, ibaia zeharkatzera joan ginen hegazkina hartzeko. Aurretik kontrol bat egin zigun komisarioak, Don Pedrok, nahiz eta ondo moldatzen ginen harekin. Eta ibaia zeharkatu genuenean, atxilotu gintuzten, estupefazienteen trafikoengatik, esan zutenez.

Orokorrean, nola kudeatu duzu arriskua zure bidaietan?

Denetara atrebitzen zara, ez? Adibidez, Beninera joan ginenean, hegazkinetik lastargiak ikusi genituen leku batzuetan. «Nora gatoz?», pentsatu nuen. Baina gero beharrean hasten zara, eta dena ahazten zaizu. Hamar egunetan bi dokumental egin behar genituen; halako egoeratan, gainontzeko kontuak ahazten zaizkizu.

Turistatzat duzu zeure burua?

Dokumentalak egitera joan izan naizenean, ez. Baina orain, bai.

Hausnartu duzu turismoaren eraginez?

Bai, noski. Askotan, halako saioak egitean, pentsatzen duzu turismoa sustatzen ari zarela, eta batzuetan txikizioa eragiten du. Ikusi besterik ez dago Iruñea sanferminetan, edo Bilboko eta Donostiako alde zaharrak. Turismoak auzoak aldatzen ditu, baita hiriaren fisionomia ere; lasaitasunean eragiten du, eta ogibideetan, denak ari baitira ostalaritzan... Hausnartzen dut, eta, batzuetan, gorroto dut turismoa.

Aldatuko al da bidaiatzeko zure modua?

Oraingo bidaiak udako oporrak balira bezala hartuko ditut. Gustatuko litzaidake Hego Amerikarako bidaia hori egitea, edo munduari bira, ez baitu ematen hain zaila. Baina, nolanahi ere, lan egiten jarraitzeko asmoa dut. Nire semeetako batek kamera ikasketak bukatu berri ditu, eta harekin erreportajeak egiten ari naiz orain. Hark praktikatzen du, eta ni ez naiz ahazten Doctor Livingstone, supongo saioan egiten genituen lanez.

Adibideren bat?

Bat egin dugu Basordako kalaren inguruan [Bizkaia], Lemoizko zentral nuklearra dagoen tokian. Eta konturatu naiz kala soilik ezagutzen dugula 60 urtetik gorakoek. Badia bat zegoen, itsasoa sartzen zen, hondartza bat zegoen, bainatzen ginen, arrantzaleak zeuden... Leku oso ederra zen. Mendia zegoen, baso autoktonoa; nire amonak baserria zuen han, beste asko ere bazeuden, eta irailean festa bat ospatzen zen. Bada, egun batetik bestera hori dena desagertu egin da; mapatik ezabatu da, toponimoa kendu zaio.

Irratian, telebistan eta prentsan egin duzu lan. Irrati esatari gisa identifikatzen zara batez ere?

Formatu guztiak aldarrikatzen ditut; denak gustatzen zaizkit. Orain, irratia ahaztu nahi dut apur batez; asko gustatzen zait idaztea, baita ikus-entzunezko mundua ere. Levando Anclas-ek hogei urte egin zituenean, liburu bat atera nuen istorioekin, eta bigarren zatia egitea gustatuko litzaidake. Gainera, batzuei berriro deitu diet urte askoren ondoren, eta kontatu didate tartean zer gertatu zaien.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio / FOKU

«Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.

Herritar ugarik produktuz beteriko poltsak utzi dizkiete Elikagai Bankuko boluntarioei. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elkartasunez bete dira orgak

Aitor Biain

Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuek bilketa nagusia egin dute, urtero bezala. Ehunka tona elikagai eta oinarrizko produktu bildu dituzte dendetan eta supermerkatuetan.
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Trantsizioa egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da»

Iker Tubia

Gorputza estaltzen duten babesetan gordetzen da Gomez izotz hockeyan aritzeko. Ia bizi osoan gorde behar izan du emakume zela, baina orain ez du ezkutatzen. Partida hor dago oraindik.
Gazte Euskaltzaleen Sarekoek protesta egin zuten EITBren Bilboko egoitza aurrean, azaroaren 16an. ©KLAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.