'Eskuan beti zerbait'

Kolpeak altzairu-kantoien aurka

Idazlea: Maialen Berasategi Catalan. Argitaletxea: Balea Zuria.

Irati Majuelo.
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Aurretik bere izena zenbait libururen itzulpenetan, BERRIAko zutabeetan zein zuzenketa-lanetan ikusi dugun arren, hau da Maialen Berasategi Catalanen estreinako lan propioa: Eskuan beti zerbait. Donostia Kultura IV. Poesia Saria irabazita, Balea Zuria argitaletxearen eskutik iritsi da gure eskuetara, azken lau urteotan beste zenbait poeta gazteren sorkuntzekin egin duten gisan.

Poemario laburra bezain intentsua da Berasategirena, igande arrats batean irakurri baina aste osorako resaka uzten duena. Nola zen ezinegonaz ari zen hura? Berriz irakurtzeko gogoa pizten duten poemak dira oro har, ez ulergaitzak direlako, belarri ertzean uzten dizuten oihartzunari berriz heldu nahi diozulako baizik, ea besterik dakarren. Ez da batere hasiera txarra lehendabiziko argitaratze batentzat.

Esango nuke hizkuntzarekiko segurtasunak eta kontrolak sostengatzen dituela poemok, begi kolpe bakar batez liburuaren tenperatura orokorra hartu nahian. Ukaezina da idazleak euskararen inguruan duen jakintza eta nabari da harekin egiten duela lan, sakonean. Halaber, ez du testua ukiezin bihurtzen, batzuetan gerta daitekeenez, idazkera zainduak ez du irakurlearengandik urruntzen. Hizkuntza jasoa du, bai, baina erabilerari oso emana da, adierazkortasuna bilatzen du zuzentasun hertsia baino areago, eta horrek eragin zuzena du poemen erritmoan eta estiloan. Aire freskoa nabari da lerroartean, zuzentzailearen lanetik askatzeko nahi bat, iparra galdu gabe. Bide horri tiraka, azpimarratzekoa da hitzak osatzeko ausardia, beharrari egokitutako hizkuntza eraikitzeko lana, hiztegiaren menpe egon gabe sortzea. Hizkuntzaren erabiltzaile xumeoi gogorarazten digu erabilerak egiten duela lengoaia.

Poema bilduma hau ume baten pauso biluzi ez-zaratatsuz hasten bada ere, laster agertzen dira lehen kolpeak altzari-kantoien aurka. Lehendabiziko poemetan, entzimeren gainean edo gotelearen beste aldean sumatzen diren dardarak jartzen ditu agerian, seismo handirik sortu gabe baina. Ordea, indar zuzenagoz interpelatzen dute hurrengoek irakurlea: Heldu lepotik, Alaba txit helduarena, Algara, Desheredatuaren kantua; ezin esan anbiguotasunean ari denik jolasean, zinez poema helduak dira, politikotasun handikoak, poetikotasuna ahaztu gabe. Begirada feminista sakon bat du idazleak, panfletoaren beharrik ez duena.

Era berean, irudi interesgarriak sortzen ditu zenbait poematan, besteak beste Olagarroa amets, Iharrari eta Lepamoztuaren poza, sarri umorerantz jotzen dutenak. Hala, ironiaren erabilera azpimarratu beharko litzateke Berasategiren idazkeran, zuku asko ateratzen dion baliabidea baita. Adibide zenbait aurki daitezke Zirimiri, Lautarra gora-gora edota Arnaskariari poemetan, zeinetan gaien larritasunei arintasuna ematea lortzen duen, berriz ere bueltan ireki den arrakala ikusarazteko.

Agian ez du guztizko batasun bat, geratzen dira airean zenbait poema batetik besterako trantsizioan, baina gehiagoren gosez geratzen da bat, ikusteko nora doan, zein den sigi-sagatsu hasitako bidezidorrak hartuko duen norabidea; zer erakutsi nahi duen, inongo plaza nagusitara iritsi eta bere burua monumentu handienaren gisa erakusteko inolako beharrik ez duen ahotsak. Umilaren zalantza eta ziurtasunetan hobeto funtzionatzen baitu poesiak, egia borobilen zilegitasun aurre-ezarrian baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.