Martxoaren 8an «formula berriak» erabiltzera deitu du Remirezek

'Emakumea behar zuen izan' leloarekin, kutsu negatiboak irauli eta andreen rola aldarrikatu nahi du aurten Nafarroako Gobernuak

Martxoaren 8ko kanpainaren aurkezpena, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Aurten, Emakumeen Nazioarteko Eguna «ezohikoa» izango da.Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak eta Eva Isturiz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariak aurtengo kanpaina aurkeztu zuten atzo. Remirezek nabarmendu zuen «berrasmatu» egin behar direla aldarrikatzeko moduak, azken hamabi hilabeteetan egin den legez, eta Martxoaren 8an «formula berriak» erabiltzera deitu zuen. Aurreko urteetako manifestazio erraldoien aldean, bestelako bideak lehenetsi ditu: mobilizazioetan osasun neurriak betetzea eta sare sozialetan eta balkoietan mezuak zabaltzea.

Agerraldian, galdetu zioten ea manifestaziorik antolatuko ote den, eta gogoratu zuen Espainiako Gobernu ordezkaritzan eskatu behar dela baimena. Azken hilabeteetan bestelako manifestazio batzuk egin izan dira, «normaltasun osoz eta neurriak betez». Remirezen arabera, zuhurtziaz jokatzera behartzen du pandemiak.

Emakumea behar zuen izan da gobernuaren aurtengo kanpainaren leloa. Mezu irmo horrekin, emakumeek egungo gizartean duten rol «funtsezkoa» aldarrikatu nahi izan du gobernuak. Nahiz eta esaldi hori maiz zentzu negatiboan erabili den, irauli egin nahi dute esanahia. «Benetako berdintasuna lortu nahi badugu, kontzeptu ugari aldatu behar dira», azaldu zuen Remirezek. Gogoan hartu zuen emakumeak lehen lerroan izan direla pandemiari aurre egitean.

Datozen egunetan, komunikabideetan eta sare sozialetan zabalduko dute kanpaina. Eva Isturizen arabera, lan munduan aritzen diren emakume anonimoek hartuko dute protagonismoa: zientzialari bat, supermerkatuko langile bat eta laborari bat. «Irudi horrekin, historian eskubideen alde borrokan izan den emakume bakoitza aldarrikatu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.