Udalen osaketa. Gipuzkoa

Goiak eskuratu du makila, eta PSE-EEri eskua luzatu dio batera gobernatzeko

Gehiengo soilarekin hautatu dute alkate.PSE-EEk zuri bozkatu du, jeltzaleekin akordioa lortu gabe dutelako.EAJk 1987an eskuratu zuen azkeneko aldiz alkatetza

Goiak eskuratu du makila, eta PSE-EEri eskua luzatu dio batera gobernatzeko.
jokin sagarzazu
Donostia
2015eko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ospakizunetarako tarterik utzi gabe ia, lanean buru-belarri hasi nahi du Eneko Goia Donostiako alkate berriak. «Berehala» bermatu nahi du datozen lau urteetarako «gobernagarritasuna», eta «minutu bakar bat ere galdu gabe» lortu nahi du legegintzaldi akordioa PSE-EErekin; datorren asterako espero du edukiei buruzko adostasuna. Aginte formulari dagokionez, berriz, sozialistei eskua luzatu die koalizio gobernua osatzeko. Eta haiek hartu. «Edo gobernua sartzen gara edo ez da akordiorik izango», azpimarratu du PSE-EEko Ernesto Gascok.

Zuri bozkatu zuten sozialistek alkatearen inbestidura saioan, atzo; ez zuten zuzenean babestu Goiaren hautagaitza, bi udal taldeen arteko akordioa lortu gabe dagoelako, Gascoren arabera. Aukeretako bat zen hori; Goiak ez baitzuen PSE-EEren botoen beharrik alkate izendatzeko, hori ziurtatua zuelako hauteskundeetan boto gehien lortutako zerrendako buru izateagatik, eta beste hautagai batek gehiengo osoa eskuratzea ia ezinezkoa zuelako.

Beste bi aurkeztu ziren, halere: Miren Albistur PPkoa eta Amaia Martin Irabazikoa. Albisturrek argudiatu zuen PPkoek bere burua aurkeztea erabaki zutela, ordu batzuk geroago Gasteizen izatekoa zen alkate aldaketarako EAJk EH Bildurekin eginiko «akordioagatik» eta «ETAren biktimen memoriagatik». Martinek, berriz, ez zuen zehazki azaldu bere hautagaitzaren zergatia. Horiek hala, EAJ, PP eta Irabaziko zinegotziek beren hautagaiei eman zieten botoa, eta PSE-EE eta EH Bildukoek zuri bozkatu zuten Horrenbestez, gehiengo soilarekin hautatu zuten Goia alkate.

Inbestidura lasaia izan zuen EAJkoak. Agintea hartzen goiztiarrenetarikoa izan zen; 09:00etan hasi eta 10:30erako amaitu zen saioa, sala berean egitekoak ziren ezkontzei lekua uzteko. «Legeak aginduta» formula erabiliz egin zuen zina, eta ondoren hartu zuen aginte makila, azkenengo lau urteetan alkate izandako Juan Karlos Izagirreren (EH Bildu) eskuetatik. Ikurra gora altxatu eta salako balkoi batean zeuden senideei eskaini zien lorpena Goiak, txaloen artean.

Bizkor joan zen dena, eta harrabotsik gabe. Saioa amaitu zenean, jakin zen Andoainen gertatutakoa; baina, komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan, bai Goiak eta bai Gascok garrantzia kendu nahi izan zioten han gertaturakoari. «Esaten dute zinegotzi baten akatsa izan dela, eta pentsatu nahi dut hori izan dela: akats bat», esan zuen Gascok. Egun bat lehenago bi alderdietako zuzendaritzek ezagutarazitako akordio globalaren indarguneak azpimarratu zituen, berriz, Goiak.

32 urteren ostean, EAJk berriz eskuratu du udala, Odon Elorza alkate zela (PSE-EE) bi agintalditan udal gobernuan parte hartu bazuen ere. Hori dela eta poztasuna nabari zen atzo han ziren agintari jeltzaleen aurpegietan; besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietakoa eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburua.

Hirugarren alkate jeltzalea izango da Goia, Jesus Maria Alkainen (1979-1983) eta Ramon Labaienen (1983-1987) ostean. Zendutako bi alkate jeltzaleak eta ondoren izandako guztiak gogoratu zituen Goiak, eta haiei guztiei eskertu zien eginiko lana. Haren hitzak entzuten zeuden Xabier Albiztur 1987an EAko alkate izandakoa, Elorza eta Izagirre. «Gauzak ez dira hasten pertsona bat iristen denean, kate baten parte gara, eta nik argi daukat beste katebegi bat naizela», azpimarratu zuen.

Esker mezuen ostean, datozen lau urteetan udalak zer «erronka» izango dituen azaldu zuen Goiak. Hiru: Donostia 2016 kultur hiriburua, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, eta bakeari eta elkarbizitzari ekiteko konpromisoa. Eta helburu horiek lortzeko tresna zehaztu zuen: ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioak. Alderdi guztiekin ez ezik, herritarrekin ere hitz egiteko konpromisoa hartu zuen, eta haientzat izan zituen azken hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.