Gaztetxeak. Kultura eta sortzaileak

Kontrakultura sortzeko kultura

Kultura bizitzeko modu jakin baten ikur dira gaztetxeak; merkatu logiketatik urrun, autogestioa. Kontrakultura sortu nahi dute, baina bada zalantza duenik benetan hala egiten duten. Sortzaile askorentzat ezinbesteko plaza dira, mugak badituzte ere.

Hoi Denk Zirkue! ikuskizuna; urtarril hasieran antolatu zuten emanaldia. AZPEITIKO GAZTETXEA.
itziar ugarte irizar
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun

Bat inoiz zapaldu duenak, bertan mugitu denak, badaki zer den. Sortzetik kultura hegemonikoarekin kritiko, kontrakulturaren edo kultura alternatiboaren sinbolo dira gaztetxeak. Eraldaketa sozialerako eta bestelako harreman batzuk lantzeko eremu izateak berarekin ekarri du historikoki kultura sortu eta partekatzeko bestelako bideak lantzen saiatzea. Ez da tokiagatik, ezpada praktikagatik. Miren Aranguren Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko kideak jarri du oinarria: «Gaztetxeak kontrakulturatzat hartzea ez du baldintzatzen espazioak, bertan garatzen diren proiektuek baizik». Edonola ere, Arangurenen ustez bai, Euskal Herriko gaztetxeak izan dira eta badira «praktika kontrakulturalaren» adierazle. «Kultura hegemonikotik ateratzen diren espazio eta praktika politikoak dira. Hala ere, ez dira irla; askotan mantendu ditugu aldatu nahi ditugun botere harremanak eta egiteko moduak».

Autogestioa eta eredu parte hartzailea. Bi zutoin horiek eusten diote gaztetxeetako kultura alternatibotzat jotzearen ideiari, Oier Guillan idazle eta antzerkigilearentzat. Zutoinen barruan, ardatz gehiago: publiko aktiboa bilatzea; kultura salerosketa soil bat barik, truke modura ulertzea; edonork parte hartu ahal izatea kulturaren kudeaketan, programazioan, komunikazioan. Horrek denak talka dakar erakunde publikoek historikoki bultzatu duten ereduarekin, Guillanen ustez, «goitik beherakoa» baita, «oso elitista, eta hartzailea kontsumitzaile huts izatera bultzatzen duena».

Eduki eta estetikei lotuta, halaber, uste du gaztetxeek leku egiten diotela «zentsura eta zuzentasun politiko ofizialetik at sortu eta erakutsi ahal izatearekin zerikusia duen proposamen bati», eta hori ezinbesteko ezaugarritzat dauka «edozein jendarteren oreka eta osasun politikoarentzat».

Giro horretan eraiki dira gaztetxeak kultur gune moduan. Baina bada gelditu eta uste hori kolokan jarri duenik ere. Azpeitiko gaztetxe barruan antolatu direnen kasua da. Kontrakultura taldea deitu diote bilguneari. «Izen bat jartzeagatik», dio Ibon Guerra bertako kideak. Hain justu, kontrakultura zer den eta gaztetxeek hari benetan aterpe egiten dioten eztabaidatzen baitihardute. Ez daude oso ziur hala denik. «80ko hamarkadan, gaztetxeen mugimendua hasi zenean, definizio hori eman zitzaion, sinpleki, ezarritako kulturarekin kritikoak zirelako. Gaur arte kontrakulturatzat hartu dena kontrako posizionamendu bat izan da, baina ez da kontra-hegemonia bat eraiki». Guerraren arabera, gaztetxeek ez dute izan horretarako botererik, ez dutelako «agente politiko baten egitura izan eta ez dutelako ildo politiko jakin bat inoiz markatu».

Hori hala, ekintza kulturalak antolatzeko soilik ez, analisi kulturala egiteko ere baliatzen dute haiek espazioa. Gaztetxe askotan nola, eurek ere hitzaldiak, zinema zikloak, zirkua, kontzertuak eta beste hamaika ekintza antolatzen dituzte, «produkzio artistikotik harago doazenak». Beste gaztetxe batzuen aldean, «praktikoki» ez du ikusten, halere, argi bereizketa. «Diferentzia da, izatekotan, gu saiatzen garela hor eduki politikoa sartzen. Uste dut Azpeitiko gaztetxea azken bi urteetan gai izan dela eragile politiko moduan zerbait esateko». Hor dago gakoa Guerrarentzat, «posizionamendu politiko argi bat» hartzean. «Argi dut, hala ere, artea oso espresio bide subjektiboa dela. Baina kultura, batzuetan, terreno zingiratsu batean erortzen da, non kritika oso lausoa den. Eta guretzat oso lotuta dago gure bizien perspektibatik hartzera; inguruko miseriak ikusita, une batean, arteak hori adierazi behar du alternatiboa izateko».

Etenik gabeko plaza

80ko urteetan gaztetxeen mugimendua gertutik ezagutu zutenetako bat da Okene Abrego. Andoaingo (Gipuzkoa) gaztetxearen okupazioan aritu zen bera, eta giro horretan sortu zuen BAP taldea, beste kide batzuekin batera. «Gure kasuan, musika arloan genuen beharra betetzeko sortu genuen batez ere, baina, gero, kultura landu genuen —niretzat, kontrakultura—; liburuak, bertsoak... bilgune kultural bat sortu genuen, instituzioetatik oso urrun». Ordutik hona, gaztetxe asko eraldatuz eta ereduak ugarituz joan direla iruditzen zaio, eta denak ikusten ditu garrantzitsu. «Gaurko aniztasuna ere beharrezkoa da, ze denetan dago ildo bat: kontrakultura —edo deitu beste kultura bat— lantzekoa; guri erantzuten digun kultura bat».

Zea Mays taldearen kasua beranduagokoa da, baina ez dago urruti. 1997an abiatu zen taldea, eta, Aiora Renteria abeslariaren esanetan, «gaztetxez gaztetxe hasi den talde bat» da haiena. «Horri esker gara garen bezalakoak», dio. Bilboko Rekalde auzoko Kukutza gaztetxearekin izan du bereziki lotura taldeak. Auzotik hasi eta Euskal Herriraino, Kukutzak «askorako» eman zuela uste du, kolektibo ugari bildu zirelako haren inguruan. «Sinestezina zen jendeak zenbat lan egiten zuen han! Kukutza nola handitzen zen ikustea sekulakoa izan zen; espazio fisikoa hobetuz, askotariko ekintzekin pentsamendua zabalduz».

Zirkuitu horretan abiatuta, hogei urteko ibilbidearen ostean, areto handiagoetara ere heldu da Zea Mays. Horietan jotzen gozatzen dutela dio Renteriak, baina ez dietela ematen gaztetxeen zirkuituari baino garrantzi handiagoa. Espazio autogestionatuetako kideen ilusioa eta berotasuna lehenetsi ditu berak. «Askotan, ez dute diru laguntzak jasotzen dituzten lekuen erosotasuna, baina borondatez egindako lanaren maitasuna dute».

Abregorentzat, «hautu kontziente bat» izan da gaztetxeetatik hurbil garatzea jarduna; BAPekin hasieran, Inoren Ero Ni-rekin gero. «Gero eta gehiago lantzen dugu espazioa, sentitzea zauden tokian lan bat egiten ari zarela; kobratu edo ez, benetan ari zarela lurpetik doan kultura hori babesten. Zaila dugu, baina gure musika gero eta askeagoa da, eta horrelako lekuetan sentitzen gara benetan aske». Onartu du, aitzitik, «borroka txiki batzuk» ere izan dituztela azken urteetan. «Urte asko egin ditugu doan eta kausa askoren alde jotzen, baina, gaur egun, baldintza batzuen aurrean, zalantza pizten da. Inoiz behartuta ere sentitu gara, mugimenduarekin bat egiten dugulako; muga non dagoen ikusi behar da». Zenbaitetan, baldintza «prekarioagoak» eskaini izan dizkiete toki pribatuetan, eta, kasu horietan, errespetu faltatzat hartu izan ditu. «Halako lekuetan jo ahal izateko, askotan, gutxieneko bat negoziatzen aritu behar dugu oraindik. Horrekin pixka bat nazkatuta gaude. Nik gero eta garbiago ikusten dut zeintzuk diren salduak dauden lekuak; babesleei, instituzioei eta logika merkantilistei. Saltzen ari dira musika, eta saltzen kultura. Eta ez ditut maite».

Entzule moduan ere, bizi du deserosotasun bat sarri «toki ofizialetako» kultur eskaintzan. «Saiatzen naiz horietara ere joaten, baina, azkenean, gaizki pasatzen dut. Ez dut ondo arnasten horrelako tokietan; hainbat gauzak molestatu egiten didate».

Musikak pisu nabarmena hartu izan du gaztetxeetako plazan, baina, bistan da, ez da izan bakarra. Bere antzerki ibilbidean «habitat naturaltzat» du gaztetxeena Guillanek; «memoria eszenikoa» duenetik aritu da bertan, eta zirkuitu garrantzitsutzat du egun ere. Hasieran, «lanak probatzeko, esperientzia hartzeko, mugitzeko» leku bat topatu zuten; eta, denborarekin, euren harremanen sarea gaztetxeetatik urrunduz joan dela sentitu arren, aukera duten artean hor segitu nahi dutela dio. Ia obra guztiak, antzokietan egin dituztenak ere, erakutsi izan dituzte gaztetxeren batean. Salbuespena da Miss Karaoke, azkena, fisikoki kabitzearen zailtasunengatik ez dutena gaztetxeetan egin. Obra bera gaztetxean edo antzoki handiago batean eman, diferente bizi izan dute: «Izan dugu inpresioa antzokietako emanaldiak ekonomikoki irauteko egin izan ditugula sarri; eta gaztetxeetan, berriz, obra berarekin publiko gehiago eta interesatuagoa topatzen genuela». Antzokietan, publikoa «motibatzeko» lanak eskas direla uste du, eta alderantziz gertatzen dela gaztetxeetan. «Oso saio jendetsuak eta beroak egin izan ditugu gaztetxe askotan. Horiek zentzua eman diezaiokete obra bati».

Ereduak, talkak

Gaztetxeetako eredua defendatu arren, «idealizatzerik» ere ez du nahi Guillanek. «Funtzionamendu ezberdinak dituzten gaztetxeak daude, baita gaztetxeen barruan etapa ezberdinak ere denboran». Gainera, iruditzen zaio gaur egun zenbait erakunde publikok ere egiten dutela bestelako kultur eredu bat bultzatzeko saiakera. «Prozesu oso mantsoa da hori. Autogestioa ere lantzen da gaztetxeak ez diren hainbat espaziotan, baina beldur naiz ez ote diren gero eta gutxiago. Akaso, proiektu autogestionatu gehiago daude, baina ez espazioak; kontrastatu gabeko sentsazio bat da». Edonola ere, gaztetxeena beti izango da sortzaileentzako eremu garrantzitsua Guillanen ustez, «lotura gutxiago eta esperimentatzeko tarte gehiago dagoelako».

Autogestioa oinarri, gaztetxe hitzaren zentzua ere zabaldu daitekeela iradoki du. «Azkoitiko [Gipuzkoa] Matadeixe, Gernikako [Bizkaia] Trinkete eta halako espazioetan adin ezberdineko jendea dabil, eta egiteko oso garrantzitsua jokatu dute arte eszenikoetan». Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo eta Gasteizko Monstrenka ere ildo horretan kokatu ditu, gaztetxeak ez izan arren.

Hain justu, hasieran gaztetxe ziren zenbait proiekturen garapena kulturan ardaztu denean —Matadeixe eta Gernikako Astra aipatu ditu— gaztetxe izateari utzi diotela uste du Guerrak, eta horrek birdefinizio une batera eraman dituela asko. «Gaur, gaztetxeak jarrera politiko autonomo bat hartzen ari dira. Hala ere, garrantzitsua da gaztetxeen bilakaera ez ulertzea kulturatik aldentzen: orain, gaztetxeak gune kultural batetik harago berrikusiak izaten ari dira. Hor erabat beharrezkoa izango da pentsatzea nolakoa izango den gure guneen produkzio kulturala, eta horretan gaude».

Bai Arangurenek eta bai Guerrak uste dute gaztetxeak elkarlanean aritzen saiatzen direla inguruko kultur eragileekin. Arangurenek zehaztu du, baina, erakundeek ez dituztela beti hain erraz onartzen halako espazioak, eta «mehatxu gisa» ikusten dituztela maiz. Putzuzuloren kasua hala sumatzen du. Gogora ekarri du Zarauzko Udalak gaztetxea dagoen lekuan etxebizitzak eraikitzeko proiektu bat duela martxan, non Putzuzulo botatzea aurreikusten den.

Azpeitiko kasuan, Guerrak dio ona dela herriko beste kultur eragileekiko harremana. Garbi du, baina, euren eskaintzak bestelakoa izan behar duela. «Instituzioak masa kulturaren eta elite kulturaren arteko borrokan ari dira. Gu ez gara kokatzen ez batean, ez bestean; parametroak beste batzuk dira. Logika merkantilistak agintzen duenean, ez du inporta obra zertarako egin den: horrek merkatuan duen balioak inporta du».

Begia geroan, bi erronka nabarmendu ditu Arangurenek: belaunaldien arteko kohesioa eta transmisioa lantzea, eta konpromisoa birpentsatzea. «Kosta egiten da proiektu kolektiboetan konprometitzea. Lehen, sakrifikatu egin behar zenuen, eta hori ez dugu nahi orain. Baina hortik 'libre banago, azalduko naiz' batera, salto handia dago».

Beste eginbehar handi bat ere sumatzen du: «Toki hauek aitortu eta maitatzea. Denok esaten dugu 'Maravillas aurrera', baina, Maravillasek edo edozeinek aurrera egiteko, behar da egon, lan egin, pentsatu... Ditugun bitartean, maitatzeko eta erabiltzeko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.