CAFek libre du Parisko enkargu erraldoiarekin hasteko bidea

BFMTVk zabaldu duenez, Alstomek uko egin dio kontratua berriz negoziatzeari, eta hasieran aurkezturiko baldintzak onartuko ditu

CAFek Zeelanda Berriko trenbide enpresa publkoarentzat eginiko tren bat. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Alstomek ez du berriz negoziatuko Parisko RER B linearako aldiriko 146 tren egiteko kontratua, eta, ondorioz, ez dio trabarik jarriko CAFek eta Bombardierrek irabazitako lehiaketa publikoari.BFMTV Frantziako telebistak zabaldu duenez, Alstom trengintza enpresak, Bombardierren egungo jabeak, ez dio helegiterik jarriko emaitzari. Hala, CAF aurki hasi daiteke ekoizpen lanean.

Korapiloaren jatorria aurtengo otsailean dago, kontratua lehiaketa publikoz adjudikatu zenean. Alstomen ustez, 2.560 milioi euroko eskaintza irabazlea merkatu preziotik behera zegoen, eta lehiaketari helegitea jartzeko asmoa plazaratu zuen. Kontua da CAFek eta Kanadako Bombardierrek eskaintza bateratua egin zutenean Alstom oraindik ez zela Bombardierren jabea, eta adjudikazio prozesua egin bitartean erosi zuela. Alstomen muzina baieztatzen bada, albiste bikaina izango da CAFentzat, azken asteetako ziurgabetasun egoera uste baino bizkorrago uxatu ahal izango duelako.

Albistearen iturriaren arabera, Valerie Pecresse Ile de France eskualdeko presidentearen esku hartzea erabakigarria izan da egoera desblokeatzeko. Auziarekiko jarrera aldatu ezean Alstomek ondorio ekonomikoak jasan zitzakeela jakinarazi zien enpresako buruei. Ez zen nolanahiko mehatxua, Alstomen enkarguen %25 RATPk (Parisko garraio publikoaren kudeatzaileak) egin dituelako. Dena den, litekeena da trenak egin ahala prezioan aldaketa txikiak egotea. Ohikoa da halako enkargu handietan.

600 milioi euroko aldea

Alstomek hasiera bateko jarrera irmoa aldatu du. Otsailean esan zuen enkargua egiteko 600 milioi euro gehiago behar zirela, eta baldintza horietan ez zela errentagarria. Are gehiago, Henri Poupart-Lafarge Alstomen presidenteak kritika zorrotza egin zion CAFi Le Figaro kazetari emaniko elkarrizketa batean. Besteak beste, bi enpresen arteko lankidetza akordioetan arazo tekniko handiak egon direla esan zuen eta atzerapenak ohikoak izan direla. Are gehiago, ulertzera eman zuen Parisko enkargua bi urtez atzeratu zitekeela. Epea 2025. urtea da.

CAFek ezer gutxi esan du gaiaren inguruan azken asteetan. Alstomek bere asmoa plazaratu zuenean, kontratua ziurtatuta zuela nabarmendu zuen Beasaingo enpresak. Bien bitartean itxaron egin du. Ozen hitz egin duena, aldiz, Pecresse izan da, batez ere iragan martxoaren 10ean. Alstomi «gogoratu» zion RATPek haren lan poltsan duen pisua, eta kontratu hori onartuko balu, etorkizuneko lehiaketetan «leialtasun klausula» sartzeko prest agertu zen. RER B lineak Frantziako hiriburuko iparraldea eta hegoaldea eta haren aireportuak lotzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.