Bittor Esparta. Eskalatzailea

«Lehen seien artean sailkatzeak izugarrizko poza eman zidan»

EKAITZ ANDA.
Unai Ugartemendia.
Berriobeiti
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Askorentzat txapelketako ezusterik handiena izan zen Bittor Espartak (Bilbo, 1998) egindako lana. Bere erregulartasunak bi domina eman zizkion.

Bi domina lortu dituzu Espainiako Txapelketan. Gustura?

Eroso sentitu naiz; oso giro ona izan da txapelketan zehar, baina azkenerako oso nekatuta amaitu dut. Bost egunez jarraian aritu gara, proba asko, atseden gutxi... Azkenerako, azalak ere ez dio eusten. Bloke onak, bide apartak eta antolakuntza bikaina izan dira txapelketan.

Zure diziplina gustukoenean, zailtasunean, bigarren postua lortu zenuen lehenbizi larunbateko finalean.

Bai, gustura ibili nintzen finalean. Oso gogorra izan zen, baina sentsazio onak izan nituen, eta azkenean pozik amaitu nuen bigarren postuarekin.

Igandean, overall formatuan ere bikain ibili zinen. Zer moduz sentitu zinen final handian?

Aurreko egunetan, hiru diziplinetako puntuak pilatuta, lehen seien artean sailkatzea lortu nuen lehenbizi, eta horrek izugarrizko poza eragin zidan. Denetik izan nuen finalean: lehenik, abiaduran, ez nintzen oso fin ibili, ez naizelako batere trebea eta abiadura oso gutxi entrenatzen dudalako; boulderrean, ordea, oso ondo aritu nintzen; zorte handia izan nuen, eta irabazi nuen; eta zailtasunean, ondoen moldatzen naizen diziplinan, ez nintzen oso ondo moldatu.

Boulderren hiru blokeak kateatu zituen eskalatzaile bakarra izan zinen.

Bai, uste dut denak harrituta gelditu zirela [barreak]. Egia esan, boulderra ez da nire gustukoena, baina ederki moldatu nintzen. Blokeak asko gustatu zitzaizkidan, eta oso emaitza ona lortu nuen.

Gehienek adierazi duzue oso gogorra dela txapelketa berriaren formatua.

Bai. Oso goiz hasten gara, lo gutxi eginda askotan, bakarrik egoteko eremuan ordu asko pasatzen ditugu, egun osoa leku itxi batean...

Espainiako Kopako zailtasuneko azken proba izango duzue hil honetan jokoan Madrilen. Zer asmorekin joango zara?

Lehen probara ez nintzen joan, baina, bigarrena irabazi eta gero, orain ia derrigortuta nago bertara joatera. Podiumaren bila joango naiz.

Madrilgoa eta gero, denboraldia amaitutzat emango al duzu?

Txapelketena bai. Arrokara itzultzea gustatuko litzaidake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.