urtzi urkizu
Donostiako 67. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Ahoan bilorik gabe

2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Jon Sistiagak eta Alfonso Cortes-Cavanillasek Zubiak dokumentala aurkeztu dute Zinemaldian. ETA, el final del silencio sortaren parte da lan hori (Movistar+). Bertan, Ibon Etxezarretaren eta Maixabel Lasaren arteko bazkari luzea da parterik interesgarriena, mamitsuena. Etxezarretak aipatzen du Euskal Herritik 800 kilometrora dagoen preso batek ezin duela Euskadi Irratia entzun, eta horrek eragin kaltegarria duela harengan. Lasak ere presoek Euskal Herrian egon behar dutela aipatzen du.

Baina askoz ere bozgorailu eta indar handiagoarekin egin zuen astearte gauean eskaera Txepe Lara ekoizleak, Zinemira saria jaso zuenean. Xingola horia soinean, preso politiko katalanak oroitu zituen. Eta ihardetsi zuen euskal presoen senideek bidaia oso laburrak egin beharko lituzketela maite dituztenak ikusteko.

Larak bere ibilbide politiko eta zinematografikoa gogoratu zuen. Esan zuenez, ETA (pm)-k dirua jarri zuen Segoviako ihesa filma egin zedin (1981ean Kritikaren saria jaso zuen pelikulak Zinemaldian). «Eta horri esker zabaldu zuen euskal zinema». Kritika gehiago ere egin zituen, bide batez.

Euskal Zinemaren Galaren osteko festan, Lara parez pare egokitu zitzaidan, eta zorionak eman nizkion eman zuen diskurtsoagatik. Hark paper bat eman zidan. Paper horretan bere proiektu berri baten berri ematen zen, finantza kolektiboaren bidez egingo duten film labur batena. Urtero milaka haur etxetik kaleratzen dituztela salatu nahi du lanak, istorio hunkigarri baten bitartez: mutiko baten urtebetetze eguna da, eta etxerakoan jendetza ikusiko du. Tartean izango dira pankartak eta poliziak. Urtebetetze festa, ordea, etxe kaleratzea da. Feliz desahucio izena jarri diote, oraingoz (Etxe kaleratze zoriontsua), proiektuari.

Kontakizunaren borroka amaigabean, Larak bere alea jarri zuen Euskal Zinemaren Galan. Ahoan bilorik gabe. Haren hitzak ez ditu gure memoriak berehalakoan kanporatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.