Romain Jamet. 'Iparraldean' filmaren zuzendaria

«Iparraldeko mendiak eta kostaldea erakustea izan da xedea»

Mendi Film jaialdiko ikusle zen lehen Romain Jamet, eta orain bere lan bat emango du. Ingurumenari lotutako mezu bat zabaldu nahi du, eta baita euskara munduan entzutea ere.

Iparraldean filma. RAMAIN JAMET.
Unai Ugartemendia.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Lyonen (Frantzia) jaioa den arren,ezagutu zuenetik, Euskal Herriko paisaiez eta inguruez maiteminduta geratu zen Romain Jamet. Miarritzera (Lapurdi) etorri zen lehenik, ikastera eta surf egitera. Gero, euskara ikasteko hautua egin zuen.

Noiz jakin zenuen lehenbizikoz Mendi Film jaialdiari buruz?

Duela bi urte, Foruko [Bizkaia] barnetegian euskara ikasten ari nintzela. Traila eta surfa praktikatzen ditut, eta maite dut jaialdietako pelikula berriak ikustea. Sare sozialetan Mendi Film jaialdiaren berri izan nuenean, hona etortzeko interesa piztu zitzaidan.

Zerk erakarrita etorri zinen lehenbizikoz Bilbora?

Kafe Antzokia ezagutu nahi nuen batez ere. Asteburu bat probestu nuen bertan, Guggenheim museoa bisitatzeko, kontzertu bat entzuteko eta Bakion surf egiteko. Bilbon denetik dago! Mendia eta itsasoa ondoan dituen herri handi bat da. Euskal Herriko kulturan murgilduta dago, eta ongi sentitzen naiz bertan. Batzuetan, lagunekin ere joaten naiz denbora pasatzera.

Gaur egun, Miarritzen bizi zara, eta euskara ikastea ere erabaki zenuen. Zergatik?

Interes handia daukat euskal kulturarekiko: musika, dantza, historia, hizkuntza... Ez dakit nola esplikatu, baina, Euskal Herrian bizi naizenez, euskaraz hitz egin nahi dut!

Aurtengo ekitaldian, Iparraldean aurkeztuko duzu. Nolatan?

Flo Armengaud lagun eta kamerariarekin, duela urte eta erdi hasi ginen Iparraldean filma grabatzen. Zazpi minutu eta erdiko film labur eta artistikoa da. Itsasoa eta mendia erakutsiko ditugu lehenik, baina Iparraldea ere erakutsiko dugu, egunez eta gauez, euritan eta eguzkitan... Argia eta paisaiak izugarriak dira.

Zer erakutsi nahi duzu filmean?

Komenigarria da filma ingurumenaren ikuspegitik aztertzea. Naturaren babesaren inguruan, beti erakusten dizkigute hondamendien irudiak, baina guk beti beste hainbat gauza eder erakutsi nahi ditugu. Gurekin bidaia bat egitea da asmoa, natura zein ederra den ikusteko! Horrela, mendiaren eta euskal kulturaren arteko analogia ulertuko duzue. Gizakiok bizitza osoan mendiak igarotzen ditugu, baina gero hil egiten gara. Baina mendiak hor mantentzen dira, bizirik. Giza balioek eta hizkuntzek mendiak zeharkatzen dituzte, eta funtsezko galdera bat sortzen da orduan: «Zer gertatuko da gero gure planetarekin?»

Zer espero duzu dokumentalaz?

Ingurumenari lotutako mezu bat zabaltzea eta euskara munduan entzutea nahiko genuke film labur hau erabiliz. Jende askok ez du inoiz entzun euskara, eta plazer handia da guretzat haiei erakustea.

Ikusi duten gertukoek zer esan dizute?

Gehienak harrituta gelditu ziren egindako filmarekin, eta jaialdira aurkeztera animatu gintuzten. Horregatik aurkeztu dugu!

Zer esan nahi du Mendi Film bezalako jaialdi batean zure dokumentala emateak?

Ohore handia da guretzat gure filma Mendi Filmen eta Bilbon aurkeztea. Aukera handia da nazioarteko jaialdi batean gure mezua euskaraz pasatzea!

Zer da zuretzat Mendi Film?

Mendizaleen munduko jaialdi eder eta famatu bat da. Bertan, munduko pelikularik famatuenak aurkezten dira. Duela bi urte, ni nintzen ikuslea, eta, orain, poza ematen dit bertan nire filma ikusteak.

Noren laguntza izan duzu filma osatzeko?

Asko izan dira laguntza eman didatenak. Aukera probestu nahi dut guztiei eskerrak emateko: Mikel Epalzari, bere testuengatik eta ahots ederrarengatik; Xabi Etxettipiari eta Alos Quarteti, musikarengatik; Antoine Ossiereri, bere muntaiarengatik, eta Arthur Picard argazkilariari.

'IPARRALDEAN'
Ekoizlea: OVERSHOT Media (Frantzia).
Zuzendaria: Romain Jamet.
Saioa: Abenduaren 5ean, 18:00etan, BBK aretoan, eta abenduaren 6an, 12:00etan, Golem zinema aretoetan.
Sinopsia: Iparraldeko txoko ederretan barrena lasterka dabil korrikalaria, itsasoa eta mendia uztartuz, kultura eta tradizioa elkartuz, kontenplazioari bide emanez. Euskal kulturak natura eta gizakiaren arteko harremanari estuki lotuta dirau mendeetan zehar, mendiek aroak gainditu dituzten gisan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.