'Trilogia hiperlaburra'

Talentua, molde txikian

Egilea: Karlos Linazasoro. Argitaletxea: Elkar.

2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962) idazle oparoa dela erredundantzian erortzea litzateke. Izan ere, oparotasuna, atrebentzia, zirriparra-mentala eta Karlos Linazasoro gauza bera ote diren galdetzen diot maiz neure buruari. Eta halaber, zenbat Karlos Linazasoro ote dauden tamaina horretako lan produkzioa ekoiztu ahal izateko. Edozein literatur genero fintasunez jorratzeko gaitasuna erakutsi digu sarri baino sarriago liburuzainak. Berriki hiru liburu argitaratu ditu jarraian: bi euskaraz, iruzkintzera goazen Trilogia hiperlaburra (Elkar, 2016) eta Zerua beti behera dago (Utriusque Vasconiae, 2016) poemarioa; eta gaztelerazko lehen antologia poetikoa, Llueve siempre y no es en vano (Ediciones Oblicuas, 2016), idazle gisa bete duen 25. urteurrenaren karietara, lehendik euskaraz argitaratutako zenbait liburutatik hartutako poemen itzulpenekin.

Zenbaitzuek absurdoaren kronistatzat jo izan duten arren, bizitzaren absurdoaz gain, bildutako materiala anitza da oso gaiei dagokienez. Trilogia honetako hirugarren partean —Kaxako umea eritegian—, Trinitate Sainduaren gisara, lazgarri bihurtzen baitu, zentzu guztietan, gizaki orok heriorekin eta minarekin duen erlazio jasangaitza. Batzuek leporatuko diote, apika, beti jorratzen dituela gai berberak: aipatu bizitzaren absurdoa, herioaren kontrako borroka antzua, ironiaren erabilera edozein kasu eta lekutan, eskatologia erraza, joko espresiboen luzamendu etengabea, idaztearen eta ez-idaztearen gaineko hausnarketa korrosiboa, ohitura irrazional, erlijio eta dogmen kontrako diatribak; baina zer da literatura gai berberetan enegarren tekla jotzea baino?

Trilogiako lehen zatian —Puntako orduetan—, istorio laburrak ondu ditu. Badira batzuk barrez lehertzeko modukoak, eta gure literaturatik kanporatua izan denean barrearekin berriro bat egiteko aukera izateagatik bakarrik mereziko luke irakurketan barneratzeak. Umoreak, ironiak eta absurdoak bat egiten dute Linazasorori berezko zaion kontraesanen unibertsoan. Baditu idazle erreferentzialak ere; Oulipo taldekoak, Borges, Gombrowicz edo Chesterton aipatuko nituzke, besteak beste. Bizitzaren absurdoaz baino gehiago, gizarteak —edo gure gizarteek— eraikitzen duen absurdo moralen eta ohiturakerien kontrako liburua dela esango nuke.

Bigarren partean, Linazasorok hain gustuko duen hiztegi partikularraren generoa jorratzen du. 2015eko liburu onenen artean sailkatu nuen Literatura Hiztegi Teknikoa-ren ildoari jarraiki, oraingoan Fobien liburua dakarkigu. Baditugu filiak eta fobiak. Nola ez, Linazasorok fobiarik harrigarrienak aukeratu behar. Badira batzuk nahiko sinesgaitzak, Querophobia esaterako: «Poeten gaixotasuna. Poetak beldur dio alaitasunari, bozkario zalapartatsuari, zorioneko izateari». Lan ezin zientifikoagoa, benetan, bigarren parte honetakoa.

Alta, hirugarren partean, txantxak izoztu egingo zaizkigu, eta geure buruaz beste egin baino lehen irri edo zirri egin behar, herio malapartatuaren eta horren aurrekari diren eritegien txanda heltzen baita. Linazasoro serio xamar jarriko zaigu, serio jartzerik baldin badu, arrazoibiderik ez duen min fisikoaren aurkako hausnarketa amoralak ehuntzeko. Hotzikara batek hartuko du bat-batean irakurlea, eta herioaren atari modernoari «beherazarre» egingo zaio. Izan ere, bizitza eta liburu on guztiek gauza txar bat bakarra dute, amaitu egiten direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.