Larra-Belagua, pozik; gainerakoak, ez

Pandemiaren ondorioz ezarritako neurriek erabat baldintzatu dute eski denboraldia. Bisitarien faltan, estazio askok ezin izan dituzte ateak ireki. Larra-Belaguan txanponaren beste aldea ezagutu dute: inoiz baino nafar gehiago ibili dira.

Formigalgo estazioa urtarrilean, hutsik. Egoeraren ondorioz, ezin izan dute ireki. EFE.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Elur urtea gari urtea izaten dela esan ohi da. Aurten, nahi adina elur egon da, eta, ondorioz, garia egongo dela dirudi, baina egoera ez da inolaz ere arrunta izan eski estazioetan. Eskiatzaileen falta handia sumatu dute. Hala, eski estazioetako arduradunek, oro har, adierazi dute denboraldia «txarra», «galdua» izan dela. Konfinamendua eta mugen itxierak iritsi zirenerako azpiegiturak prestatzen ari ziren, denboraldi eta egoera berrira egokitzeko, baina gehienek ez dute lortu irekitzea. SARS-CoV-2 birusak aurre hartu dio elurrari. Hala, gutxi izan dira elurra zapaldu eta geruza gainean irristatzera iritsi direnak. Euskaldunen artean oso zabaldua dagoen zaletasuna da eskia, baina aurten milaka eskiatzaile etxean gelditu behar izan dira. Hala, itxiera perimetralaren ondorioz, nafarrek soilik izan dute beraien lurraldean eskiatzeko aukera.

Izabako (Nafarroa) Larra-Belagua eski estazioan, Ana Lusarreta estazioko zuzendariak adierazi duenez, denboraldiaren balantze ona egin beharrean daude: «Ez genuen espero denboraldia hain ona izango zenik. Gaur egungo egoerarekin, koronabirusarekin, ezin genuen ezer onik espero. Baina egoera guztiz bestelakoa izan da». Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak ezarria duen itxiera perimetralak on egin die. Beste erkidego batzuetatik jendea hartu ezin izanak, era berean, eski alpinoa egin ohi duten nafarrak bertan gelditzea ekarri du. Hots, iraupen eskia egitearekin konformatu behar izan dute, eta, hala, Larra Belaguak inoiz baino jende gehiago hartu du. «Egungo egoerari eta itxiera perimetralari esker, batez ere Nafarroan ezagutu ahal izan gaituzte», adierazi du Lusarretak. Azpimarratu du iraupen eskiko eskaera nabarmen handitu dela beste urte batzuekin alderatuz.

Egoerak eskatutako neurriak bete behar izan dituzte une oro Larra-Belaguan. Erabiltzaileek maskara jarrita eduki behar izan dute estazioko txoko guztietan. Horrezaz gainera, eraikin nagusiak ezin izan dira erabili sarrerak eta alokairuak ateratzeko ez bazen. Ostalaritza irekita edo itxita egon da Nafarroako Gobernuak une oro erabaki duenaren arabera. Sarrera eta irteera ibilbideak markatu dituzte, eta gune bakoitzean edukiera kopuru berriak errespetatu behar izan dituzte. Hori guztia kontuan izanik ere denboraldia salbatu dutela eta, pozik dago Lusarreta: «Erabiltzaile asko izan ditugu; gogobeteta gaude». Hala, azpimarratu du oraindik ere estazioa irekita egongo dela beste hiru astez, iraupen eskia egin nahi duten nafarren zain.

Nouvelle Pyrenees taldeak zortzi eski estazio kudeatzen ditu Okzitaniako Pirinioetan: Cauterets, Gourette, Grand Tourmalet, Luz Ardiden, Peyragudes, Piau, Pic du Midi eta Arette-San Martingo Harria. Guztira, 400 kilometrotik gora eskiatzeko. Baina horietatik bi soilik ireki ahal izan dituzte aurtengo neguan: Cauterets eta Arette-San Martingo Harriak. Eski nordikoa egiten da estazio horietan, hain zuzen. «Taldearen balantzea txarra da, ez dugulako ia batere jarduerarik izan», adierazi du Guillaume Roger operazio zuzendariak. Urte arrunt batean bi milioi erabiltzaile izaten dituzte Okzitaniako Pirinioetan; aurten, berriz, 50.000 erabiltzaile izatera ere ez dira iritsi. Abenduaren erditik martxoaren bigarren astera aritu dira Nouvelle Pyrenees taldeko estazio biak martxan. Beste seiak Frantziako Gobernuaren erabakiz egon dira itxita, ostalaritza eta kultur guneak bezala.

Cauterets eta Arette-San Martingo Harria estazioetan Larra-Belaguako antzeko zerbait pasatu zaie. Eski alpinoa egin ezin izan duen jendeak iraupen eskia egin du. Hala, San Martingo Harria estazioak iraupen eskia egin duten 11.000 erabiltzaile hartu ditu. Rogerrek adierazi duenez, alor horretan, aurreko denboraldiarekin alderatuta, %20 edo %25eko hazkundea izan da. «Urte arrunt bateko eski alpinoarekin alderatuz, baina, erabiltzaile kopurua mikroskopikoa da», adierazi du Rogerrek.

Datorren urteari begira

Candanchuko eski estazioa da (Aragoi, Espainia) Euskal Herriko eskiatzaileen kutunetako bat: eskiatzaileen erdia inguru euskal herritarrak dira. Aurten, baina, euskaldunak ezin izan dira beraien lurraldeetatik irten, eta nolabait eragina izan du Aragoiko eski estazioaren denboraldian: ezin izan dute ireki ere egin.

Estazioko iturriek adierazi dute denboraldiaren balantzea «oso txarra» izan dela: «Ezin izan dugu ireki, gure balizko erabiltzaile kopurua oso txikia zelako. Ekonomiaren ikuspuntutik ez zen bideragarria irekitzea», adierazi dute. Halaber, gaineratu dute, elurrari dagokionez, elur denboraldi ona izan dela, eta denboraldi arrunt batean oso positiboa izango zela haran osorako.

Aramon taldeak, bestalde, Aragoiko (Espainia) lau eski estazio biltzen ditu: Cerler, Formigal-Panticosa, Javalambre eta Valdelinares; 289 kilometro guztira. Hauek ere ez dituzte pistak ireki, eta galdutzat eman dute denboraldia. Otsailean argitaratutako prentsa ohar batean ziotenez, neguan eski estazioak itxita mantentzea erabaki zuten: «Eski-denboraldiaren egoera aurreratuaren eta mugikortasun-murrizketen ondorioz, irekiera ez da ekonomikoki bideragarria». Gainera, Aramon enpresako 900 langileak ERTE batean daude joan den azarotik. Enpresaren arabera, espediente hori langileak eta enpresaren etorkizuna babesteko aurkeztu zen.

Candanchun Gabonak baino lehenagotik ikusi zuten Huescako herritarrentzat bakarrik irekitzea ez zela bideragarria; azterketa egina zuten. Pandemiaren bilakaeraren arabera, murrizketak nolabait malgutzea espero zuten, Aragoi osoko bezeroak hartu, eta, hala, eski estazioa irekitzeko. Neurriak, baina, martxoaren erdialdera hasi ziren malgutzen, eta, arduradunen esanetan, oso denboraldi laburra geratzen zen. «Elur-galera izugarria zen ordurako. Beraz, ez genuen irekitzeko aukerarik».

Datorren urtera begira jarrita dute burua Candanchun eta Aramon taldeko eski estazioetan. «Argi dago denboraldi hau ez dela batere ona izan, baina gu hurrengo denboraldian aritzeko ilusio eta interes berarekin ari gara lanean», adierazi dute Candanchukoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.