I+Gko inbertsioa. Proiektuak enpresetan. Fagor Arrasate

Makinak urrunetik zaintzeko plataforma

IK4-Ikerlanek digitalizazio sistema aurrerakoi bat garatu du Arrasateko kooperatibarentzat, mundu osoko makinak gainbegiratzeko. Berrikuntzak lehiakorrago egingo du konpainia, eta aukera emango dio negozioa zabaltzeko.

Ikerlanek eta Fagor Arrasatek elkarlanean sortutako plataforma digitala, pantailan. MONDRAGON.
Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Bi begi dauzka IK4-Ikerlanek, eta bakoitza toki batera begira. «Bata enpresen epe motzeko beharrizanei begira daukagu, eta, hori da gure helburu garrantzitsuena», azaldu du Rikardo Idiakezek, IK4-Ikerlaneko marketin arduradunak. «Baina beste begi bat daukagu etorkizunera begira, bost-hamar urte barru zer teknologia etorriko den ikusteko eta jakintza metatzen joateko; gerora ere, enpresek behar dutenean gu prest egoteko».

Zentro liderra da ezagutza teknologikoaren transferentziari eta enpresari balio lehiakorra gehitzeari dagokionez, eta gerturako begiarekin, lankidetza betean ari da, esate baterako, Fagor Arrasate kooperatibarekin. Bi-biak dira Mondragon Taldeko kooperatibak. Arrasateko (Gipuzkoa) makina-erremintako konpainiarako digitalizazio sistema aurrerakoi bat ari da garatzen, makinen urruneko mantentze lanak egin ahal izateko.

Plataforma digital bat sortu du Ikerlanek, datuen analisirako. Horri esker, Fagor Arrasatek munduan dauzkan makinen funtzionamendua gainbegiratu ahal izango du. Makinetan instalatutako sentsoreen bidez, konpainiak une oro monitorizatuko du makina bakoitzaren egoera. Informazio guztia Internet bidez joango da sareko plataforma batera, eta han jaso, bildu eta prozesatuko ditu datu guztiak. Alarma eta transmisio sistema aurreratu batek denbora errealean makinen egoeren berri emango du, funtzionamenduan izan litzakeen akatsen abisua emanez.

Orain arte, ez zegoen merkatuan Fagor Arrasateren beharretara osorik egokitzen zen konponbide teknologikorik. Orain, IK4-Ikerlanen laguntzarekin sortutako plataforma digitalak Industria 4.0ren abangoardian kokatu du Arrasateko kooperatiba.

«Orain arte, alderdi fisiko edo mekanikoan oinarritu da berrikuntza eta garapena. Euskal Herrian batez ere metalaren eta makina-erremintaren industria gailendu da, baina enpresok etorkizunean bezeroei balio erantsia emateko digitalizaziorako pausoa ematen ari dira orain».

Makinak saltzeaz gain, makina horien mantentze zerbitzua ere eskaintzen du Fagor Arrasatek. «Aurrerantzean, mantentze prediktiboa egin ahal izango dute Arrasatetik bertatik», nabarmendu du Idiakezek. «Berrikuntza horri esker, makina-erreminten mantentze zerbitzuaren negozioa zabaltzeko aukera ere emango dio, lehiakorrago izateko».

Aurrerantzean, beraz, sektoreko enpresek eskura izango dituzte makinei buruzko datuak eta mantentze prediktiboa; alabaina, horrek ekarriko duen negozio eredu berria zelan diru bihurtu izango da haien etorkizuneko erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.