Mediku gutxiegi marinelentzat

Urte hasieran bost mediku zituen Itsasoko Gizarte Institutuak (ISM) Bizkaian eta Gipuzkoan, marinelei osasun zerbitzua emateko. Orain bi geratzen dira bakarrik, eta sektorea kezkatuta dago.

Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Kezka nagusitu da Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantza sektorean asteotan, osasun zerbitzuaren murrizketa dela eta. Hilabete gutxian erdira baino gutxiagora jaitsi da marinelen osasun azterketak egiteko eta itsasontzietako botika kutxak hornitzeko Itsasoko Gizarte Institutuko (ISM) medikuen kopurua: Pasaiako (Gipuzkoa) Itsasoko Etxeko medikuak erretiroa hartu zuen otsailean, eta hartu berri du Bermeokoak (Bizkaia); maiatzaren 27an, bat-batean hil zen Ondarroako (Bizkaia) Itsasoko Etxeko medikua. ISMk oraingoz ez du ordezkorik jarri hiru portuotan, eta gaur-gaurkoz, beraz, Bilbon geratzen diren bi medikuen gain geratzen da Bizkai eta Gipuzkoako portuetako marinel guztiei eskaini beharreko osasun zerbitzua.

Arrantza sektoreko ordezkariak eta Eusko Jaurlaritza harremanetan daude ISMko arduradunekin, hiru medikuen hutsunea lehenbailehen betetzeko asmotan. Sektoreko eragileak arduratuta daude, azken urteetan ISMk ordezkatu gabe utzi baititu portu txikiagoetan erretiroa hartu duten funtzionarioen lanpostuak. Baina gaur-gaurkoz Itsasoko Gizarte Institutuak ez dio adierazi Gasteizko gobernuari hiru medikuak ordezkatu gabe uzteko asmorik daukanik, zerbitzua Bilbon zentralizatuta. Jaurlaritzako iturriek azaldu dute «adi» daudela eta gertutik jarraitzen diotela egoetari. Arrantza sektoreko eragileak ere datozen egunetan dira bilerak egitekoak ISMko arduradunekin.

Eskumena eskatzeko garaia

Eustaten azken datuen arabera—2017koak—, 196 itsasontzi eta 1.866 marinel daude Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ISMko medikuek ez diete horiei bakarrik ematen osasun zerbitzua; kanpotik datozen itsasontziei eta marinelei ere ematen diete. Jaurlaritzak oraingoz ez du espero murrizketak kalte handirik eragiterik, marinel gehienek kostera hasi aurretik berritzen baitute osasun ziurtagiria, neguan.

«Hala ere, arduratuta gaude, marinelek aldiro-aldiro egin behar dutelako azterketa medikoa, eta hori gabe ezin direlako joan itsasora», azaldu du Ondarroako kofradiako buruak, esanez beharrezkoa dela zerbitzu hori ematea halako mugimendu handia daukan portu batean.

«Beharbada momentu aproposa da berriro mahai gainean jartzeko eskumena ekartzeko edo partekatzeko kontua, ikusita zailtasunak dituztela medikuak ordezkatzeko», azaldu du Leandro Azkuek, Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. 2014an ere Gasteizek proposatu zion Madrili itsasoko osasun arretaren zerbitzua Osakidetzak bere gain hartzea, baina ezetz erantzun zion Espainiako Gobernuak. «Medikuak bazituztela eta marinelei egin beharreko azterketak oso bereziak zirela argudiatu zuten orduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.