Finlandian dolu eguna egin dute herenegungo erasoa «terroristatzat» jo ostean

Asilo eskaera egin zuen gazte marokoar batek bi lagun hil eta zortzi zauritu zituen labankadaz. Biktimarik gehienak emakumezkoak dira

Herritarrak, atzo, erasoa izan zen lekuan kandelak pizten, Turkun. MARKKU OJALA / EFE.
Erredakzioa
2017ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Dolu eguna izan zuten atzo Finlandian. Turku hirian izu eguna izan zuten bezperakoa. Arratsaldeko lauretan, 18 urteko gazte batek hainbat laguni eraso zien labanaz. Hogei minutuan, bi lagun hil eta zortzi zauritu zituen. Hasieran, ez zegoen argi zein zen erasoaren arrazoia, baina, biharamunean, Poliziak zehaztu zuen «ekintza terrorista» gisa aztertzen ari direla erasoa, eta ikerketa abiatu dutela jakiteko ekintzaileak bere kabuz aritu ote zen edo talde bateko kide ote zen. Segurtasun indarrek beste lau lagun atxilotu zituzten ostiral iluntzean, ekintzailearekin harremana zutelakoan.

Berez, Marokokoa da ekintzailea, eta iaz iritsi zen herrialdera, artean adingabea zenean, asiloa eskatzera. Krista Granroth Poliziako bozeramaileak zehaztu du ikerketa hasi besterik ez dela egin, ekintzaile jihadistak uko egin diolako galderak erantzuteari —ospitalean dago gaztea, zaurituta, erasoaren ostean poliziek hankan tiro egin baitzioten—.

Erasotzaileak, bereziki, emakumezkoak hartu zituen jomugan. Granrothek adierazi du Poliziaren beraren ustea dela nahita aukeratu zituela emakumeak: «Uste dugu ausaz aukeratu zituela biktimak, baina bereziki emakumeak hartu zituela jomugan. Hamar biktimatik zortzi emakumezkoak dira, eta zaurituta dauden gizonezko bakarrak bi dira, emakumeak laguntzera edo erasotzailea geldiaraztera joan zirenak». Hildako biak emakumeak dira; 67 urtekoa bata eta 15 urtekoa bestea.

Krisi kabinetea

Finlandiako Gobernuak, krisi kabinetea egin, eta dolu eguna ezarri zuen atzo. Juha Sipila lehen ministroak batasunerako deia egin zuen: «Elkartuta egon beharra daukagu une hauetan, gorrotoari ez zaio gorrotoarekin erantzuten».

Finlandian alerta mailarik txikiena zegoen ezarrita, ekainera arte; orduan, bigarren maila ezarri zuten, lauko eskalan. Turkuko erasoaren ostean, ez dute alerta maila igo, baina polizia gehiago atera dituzte kalera, eta zaintza lanak zorroztu, bereziki eremu publikoetan, aireportuetan eta geltokietan.

Finlandiako populaziorik handieneko hirietan hirugarrena da Turku —160.000 biztanle—; Helsinkitik mendebaldera dago, 150 kilometrora, herrialdearen hego-mendebaldean, eta portu hiri lasaia eta idilikoa da. Ostiralean, baina, izua ezagutu zuen bihotz-bihotzean; Puutori eta Egurraren plaza artean izan zen erasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.