Puntua banatzea onena

Ia ordu eta erdiko partida jokatuta, Elezkano II.ak eta Zabaletak 21-22 irabazi diete Ezkurdia eta Merino II.ari, eta bosgarren puntua lortu dute

unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Lau pilotariak lurrera begira, pausorik eman ezinik, eta arnasa bere onera ekartzeko nahikoa lanekin. Iruñeko Labrit pilotalekuko azken tantoaren aurreko irudia da hori, Ezkurdiak pilota aurrean moztuta 21-21ekoa lortu ondorengoa. Ordurako, 80 minutura joanda zegoen Binakako Txapelketako zortzigarren jardunaldiko bigarren partida, eta txikituta zeuden lau pilotariak. Arrastaka, Danel Elezkanok ezker gantxoarekin amaitu zuen azken tantoa (21-22), eta Zabaleta eta biak zoratzen joan ziren aldageletara. Pilatutako nekeari porrotaren kolpea gehitu behar izan zieten, berriz, Ezkurdiak eta Merino II.ak.

Zaleek zutik eta txaloka agurtu zituzten lau pilotariak, egindako ahaleginaren sari gisa. Huts askoko partida izan zen —hala amaitu ziren lehen hamar tantoetatik zazpi, eta 43 tantoetatik 21—, tentsio handikoa, baina gozatu handia hartu zuten Labritera bertaratutakoek. Ia ordu eta erdiko borroka ederrean, 11 berdinketa izan zituen partidak.

Elezkano aurreko koadroetan nagusi zela, 7-6kotik 7-11kora igaro ziren irabazleak, baina 11-12 inguratu ondoren, 12-15ekoa ere parera eraman zuten Ezkurdiak eta Zabaletak. Bost tanto bata bestearen segidan eginda, 17-15 aurretik jarri ziren galtzaileak, baina nekea bere lana egiten hasi zen orduan. Horrelakoetan, buruari agindua emanda ere, zaila izaten da hura gauzatzea, eta hutsak pilatuz jarraitu zuten partidaren hondarrean. Lau pilotariak bost koadro barruan zirela, zirika etengabekoak izan ziren 21-22kora arteko tanto gehienak. Ezkurdiak eta Merino II.ak huts bana pilatuta, 19-21 aurreratu ziren Elezkano II.a eta Zabaleta, baina defentsak eta Ezkurdiaren odol hotzak 21-21ekora eraman zuten partida. Ordurako merezi, puntu bana merezi zuten bi bikoteek, baina Elezkano II.ak poz ikaragarria hartu zuen hil edo biziko azken ezker gantxoarekin asmatu zuenean.

Olaizola II.a-Untoria eta Altuna III.a-Barriolaren txanda izango da gaur, Gasteizen. Bihar jokatuko dute Irribarria-Rezusta, Bengoetxea VI.a-Larunbe lehia, Tolosan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.