begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ni ez naiz hemengoa… ala bai?

2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Sari guztiak eskuratu dituzten bi film dira. Aretoak, pandemia garaiko zinema saloiak, mukuru betetzen dituzten bi film dira. Zinemaldi kasik guztiak makurtu egin dira beren egileen aurrean. Laster izango den Oscar sarien zeremonian lehiakide oro gaindituko dutela ez dute dudatan jartzen ezta Londresko apustu etxeetan ere. Are gehiago, nahiz eta hirukoiztarra, laukoiztarra eta abar izateko aukerak gero eta handiagoak diren, betidanik eta betiereko bitarra, bikoa, binarioa izan den, den eta izango den mundu honetan, non Rollingen eta Beatlesen artean, Realaren eta Athleticen artean, Baionako Avironen eta Miarritzeko B.O-ren artean,Tarantinoren eta Bergmanen artean, Gatiburen eta Berri Txarrak-en artean egin behar duzun hautu, zinema ikusleria, zinema zaleok, zinema jaleok bitan banandu gaituzten bi film dira.

Ezinezkoa baita Lee Isaac Chungen Minari eta Chloe Zhaoren Nomadland indar beraz maitatzea. Zinez diotsuet, Manuel Larramendi txit agurgarriak berak gaindituko ez lukeen ezina da bi film horien aldekoa izatea. Hautatu beharra beti da zirraragarria. Zirraraz beteriko istant bat. Zoratzeko momentua. Bizitza aldaraziko dizun tximista. Jainkoek eta Deabruak berak beren kuttunentzako erreserbaturiko proba.

Nik neuk gogoko dut berandu baino lehen hirukoiztarra edo laukoiztarra izango den mundu honetan joko biko, bitar, binarioetan jardutea. Nik ikusi bezain pronto egin nuen aukera; Chloe Zhaoren Nomadland-en zale amorratua, peto petoa, bere agindupeko gerlari leiala naiz, bertan ikusten baitut nire iruditeria osatu duten Amerikako, Ameriketako epopeia horien azken-aurreko arnasa. Gaur egungo hatsa, egun hauetako azken hezigaitzen zizpurua. Minari-n, aldiz, gustu handiz eta, jakina, eskubide osoz, etxekotu den etorkin baten istoriotxo gozoa baino ez duk ikusten. Nik.

Hala ere, interesgarria oso deritzot biek, bai Chloek bai Lee Isaacek Amerikako, Ameriketako, Estatu Batuetako erraietan, barrenetan, beren izaeraren hautematean eragin izan duten urraketari. Pixkanaka-pixkanaka ohitu ziren bertakoak (Trumpen aldekoak izan ezik, KKKen ondorengoak izan ezik, negazionistak eta supremazistak izan ezik) 51 estatu horietan biztanleen mintzo eta odolak nahasiak izatera. Apurka-apurka, hasi ziren jatorrizko/hasierako herriak deitzen Europako Mendebaldetik joandako aurrendariek egindako genozidiotik bizirik iraun zutenen ondorengoei. Jakina zauria ez dela orbaindu. Jakina askok Black Lives Matter ez dutela onartu nahi. Jakina, baina aldi berean dreamers (ameslariak) izendatu zituzten legezko paperik ez izan arren bertan jaiotakoak, Trumpek infernuzko materiaz gauzaturiko Paradisutik bota nahi izan zituen horiek.

Hainbat eta hainbat zinemaldi jatorrizko herri horietako kideek filmaturiko istorioei kasu egiten hasi ziren. AEBetatik kanpo ere bai. Berlinalek badu Native izeneko sail eder bat, esaterako.

Aspaldiko eta amaierarik gabeko borrokan ari dira beltzen eta latinoen komunitateak, bai. Baita jatorri arabiarra dutenak ere. Baina zeinen gutxi egiten den berba Asiatik etorri zirenei buruz. Jakin badakigu txinatarrek ezarri zituztela trenbideak AEBetan. Jakin badakigu, Pearl Harbour eta gero, kontzentrazio esparruetan sartu zituztela jatorri japoniarreko hiritarrak. Jakin, Vietnamgo gerra krudelaren ostean, beste milaka lagunek bilatu zutela Amerikan aterpe latza. Hollywoodek ekin zion gutxiengoei kasu egiteari, baina kosta zaio jakitea nola maneiatu eta non sailkatu koreeraz mintzaturiko Minari. Nahiz eta Arkansasen kokatua izan. Nahiz eta estatubatuarra den Lee Isaac Chungek egina izan... Ba al zen mintzaira atzerritarraz hitz egindako filma bertakoa? Ba al zen film amerikanua?

Pekinen jaiotako Chloe Zhaoren filmak are sakonago astindu eta harrotu ditu bazterrak. Nola liteke Pekinen jaiotako emakume batek John Steinbecken eta John Forden The Grapes of Warth eta Jack Kerouacen On the Road maisulanen ildo bera zapaltzen duen filma gauzatzea? Nola liteke bere burua ez hemengo, ez hango, ez inongo jotzen duen egile batek egungo Ameriketako epopeia berri eta garratza sinatzea? Biek, bai Chloek bai Lee Isaackek, jarri dituzte Ameriketako Estatu Batuak beren kontraesan guztien ispiluaren aurrean. Hori da film bien ezkutuko balioa. Baina ni, beti Nomadland-en alde. Sutsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.