Turismoa. Abuztuko datuak

Trafikoa eta zarata ez dira arazo bakarrak Donostian

inaut matauko rada
Donostia
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zikinkeria, kalean ezin ibiltzea, trafikoa eta zarata izan ohi dira Donostiako turismo masiboaren aurkako kexa nagusiak. Baina bestelako eraginak ere baditu. Gero eta pisu turistiko gehiago izateak, esaterako, alokairuko etxebizitzen eskaintza jaistea eragin du, eta horrek, halaber, alokairuaren prezioa nabarmen igoarazi. BiziLagunEkin elkarteko Asier Basurtok dio Europako hegoaldean dagoen turismoarekiko mendekotasunak lan prekaritatea handitu duela, eta «edozer gerta daitekeen garai hauetan» ekonomia atzerriko bisitarien menpeko izatea arriskutsua dela deritzo.

Pandemiaren ostean indarberrituta itzuli da turismoa Donostiara, eta 2019ko datuak gainditu ditu. Basurtoren iritziz, izurriteak eragindako geldialdiak aukera sortu zuen Donostiako turismo eredua birpentsatzeko, baina «galdu» egin da abagune hori.

Basurtok esan duenez, instituzioek pandemian berebiziko interesa izan dute turismo jarduerarekin lotutako sektoreak laguntzeko. «Sekulako apustua egon da pandemiaren ostean turismoaren sektorea berraktibatzeko. Biktimismo handia egon zen, baina, azkenean, erori diren bakarrak tabernari txikiak izan dira». Terrazen espazioak handitu zituzten, «kale espazioaren pribatizazioa» bultzatuz.

Basurtorentzat, gaur egun munduan dagoen turismo eredua ezingo da luzaro mantendu, ez baita jasangarria; kolapso turistikoa izendatu dute fenomeno hori: «Kolapso turistikoarekin esan nahi duguna da hau ez dela jasangarria, eta neurri batean denok dakigu. Gaur egun dagoen hipermugikortasuna ez da jasangarria. Eta ez da diskurtso ideologiko bat, kalkulu ekonomiko bat baizik».

«Saturatuta», EH Bildurentzat

EAJren eta PSEren turismo eredua «agortuta» dagoela adierazi zuen atzo Donostiako EH Bilduk prentsaurreko batean. Saturazio ratioa modu tranpati batean erabiltzea egotzi dio koalizio abertzaleak udal taldeari; izan ere, ratioa %8koa dela diote gobernuko alderdiek, baina Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du erdiguneko auzoak direla saturatuenak. %20 eta %25 artekoa da saturazioa auzo batzuetan. Horiek horrela, Gros, Erdialdea eta Antigua auzoak «jarduera turistikoz saturatutako eremu» izendatzea proposatu dute, eta pisu turistikoen baimen kopurua murrizteko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.