Bere egitasmoen berri eman dio Udalbiltzak Jaurlaritzari bilera batean

Erakunde biak estreinako aldiz batzartu dira. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Udalbiltzako presidente Luis Intxauspe egon dira bileran, Gasteizen

Eusko Jaurlaritzako eta Udalbiltzako ordezkariak, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Udalbiltzak bilera izan dute, Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Bileran, amaitu berri duen gogoeta prozesuaren berri eman dio Udalbiltzak Jaurlaritzari, eta abian jarri nahi dituen programak jakinarazi dizkio.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Justizia eta Herri Administrazio sailburu Josu Erkoreka egon dira bileran. Udalbiltzaren aldetik, berriz, hango presidente Luis Intxauspek eta batzorde eragileko kide Haizea Isasak eta Oihan Mendok parte hartu dute bileran.

Udalbiltza 2013an berrantolatu zenetik, erakunde horrek eta Jaurlaritzak egindako estreinako bilera izan da oraingoa. Udalbiltzak aukera baliatu du hurrengo urteetarako lan ildoak gobernuari azaltzeko.

Elkarlanaren beharra

Bilera amaitutakoan, Intxauspekeskerrak eman dizkio Jaurlaritzari harrera egin izanagatik, eta bi erakundeen arteko elkarlana indartzeko beharra nabarmendu du. Era berean, elkarlan hori errazteko «ahaleginean» jarraituko dutela adierazi du Udalbiltzako presidenteak.

Intxauspek gogorarazi du Udalbiltzak «Euskal Herri osoa kohesionatzeko xedea duten egitasmoak» gauzatu nahi dituela, eta, horri begira, erakunde publikoen arteko harreman instituzionala sendotzearen onurak goretsi ditu, «erakundeon arteko saretze lana oso eraginkorra» delako eta «toki eta sektore gehiagotara iristeko» aukera ematen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.