Katalunia

NBEk tramiterako onartu du Puigdemontek egindako eskaera

Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuak bere eskubide politikoak urratzen dituela argudiatuta, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak, JxC Junts Per Catalunyaren buruak eta diputatuak, aurkeztutako helegitea tramiterako onartu du NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordean. Txosten bat helaraziko dio Batzordeak Espainiako Gobernuari, eta horrek sei hilabete edukiko ditu bere argudioen berri emateko. Ebazpenaren kaleratzeak, beraz, luze joko du, nahiz eta, batzorde bat izaki, ez duen izaera loteslerik edukiko.

Horri buruz mintzatu zen, atzo, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailea, eta zehaztu zuen Madrilek zer adieraziko duen eman beharreko erantzunean: «Bere erantzukizunak saihesteko justiziari ihes egin dion pertsona bat dela azalduko dugu».

Puigdemontenaren antzekoa izan zen Jordi Sanchez JxCko bigarrenak aurkeztutako helegitea. Giza Eskubideen Batzordeak tramiterako onartu zuen joan den ostiralean, eta, gainera, ebatzi bitartean, kautelazko neurriak ezarri zituen, Madrili ohartaraziz Generalitaterako presidentegai izandakoaren eskubide politikoak bermatzea dagokiola. Espainiako Gobernuak ohar bat kaleratu du adieraziz behin-behineko kartzelaldiak «mugatze batzuk» atxikitzen dizkiola Sanchezi, baina bestela eskubide politikoak bermatuak dituela. Bide batez, berriro Generalitaterako presidentegai izateko asmoa azaldu du Sanchezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.