Qatarko Munduko Kopa

Qatar, potentzia izan nahi zuen emirerri txikia

Diktadura absolutista bat ezarria dute Qatarren. Oso azkar garatu da azken urteetan, atzerriko langileen esplotazioari esker. Anbizio handia du nazioartean.

Talibanen ordezkaritza bat Afganistango Gobernuarekin negoziazioak hasi aurretik, Dohan, 2020ko irailean. EFE.
Ricard Gonzalez.
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Emirerri txiki bat da Qatar, eta haren funtsezko ezaugarriak bat datoz Persiar golkoko bertze petromonarkien ezaugarriekin: diktadura absolutista bat ezarria dute, joera kontserbadorea nabarmena da, mineral erreserba handiak daude, eta, azken urteetan, abiadura bizian garatu da herrialdea, atzerritik etorritako langileen eskulan merkeari eta haien esplotazioari esker. Baina, bada ezaugarri bat Qatar bereizten duena inguruko bertze herrialdeetatik, hala nola Kuwait eta Bahraindik: haiek baino anbizio handiagoa du nazioartean, eskualdeko potentzia gisa jokatu nahi baitu. Nazioarteko ekintzak eta, bereziki, Munduko Futbol Kopa antolatzea zera da, mundu zabalean oihartzuna lortzeko ongi prestatutako estrategia baten parte.

1995ean aitaren lekukoa hartu ondotik, Hamad bin Khalifa al-Thani emirrak bururatu egin zuen 70eko urteetan hasitako trantsizioa, eta, hala, Britaniar Inperioko kolonia gibelatu bat zena mundu osoko ardatz ekonomikoetako bat bilakatu zen, gas naturalaren erreserba apartak zituelako, munduko handienetan hirugarrenak. Qatarrek bi milioi eta erdi biztanle ditu; horietatik %11k dute qatartar herritartasuna, eta haien artean banatzen dituzte hobiek emandako etekinak. Bertze guziak atzerritarrak dira, hala Mendebaldetik joandako lepo zuriko langileak nola Asiakoak, gehien-gehienak Indiako azpikontinentekoak. Hori oinarritzat hartuta, munduko per capita errentarik handieneko komunitate nazionala bilakatu dira qatartarrak: 90.000 dolarrekoa da, gutxi goiti-beheiti.

Al-Thani emirrak bide eman zion herrialdea irekitzeari, eta, horren erakusgarri, Al-Jazeera abiarazi zuen, lehenbiziko telebista kate panarabiarra. Kate arrakastatsu horrek goitik beheiti aldatu zuen eskualde hartako hedabideen panorama grisa, eta,munta handiko aldaketen garai baten aurrekari eta bultzatzaile izan zen, aldi berean. Are gehiago: urteetan, erreferentziazko hedabidea izan zen eskualdean, eta Qatar ezagun egin zuen mundu zabalean. Urteak dira bertze hizkuntzetako kateak ere abiarazi zituela, tartean ingelesezko bat.

«1996an, Al-Jazeera kazetaritza independentearen adibide zen, zalantzan paratzen baitzuen mundu arabiarreko estatu komunikabideen kontakizuna; horretarako, gainera, lekua egiten zien Israelgo eta Irango eragileen iritziei ere, zeinak bertze kate batzuetan bazterrean uzten baitzituzten beti», zehaztu du Gulf State Analytics enpresako Corrado Cok aholkulariak. Edozein modutan, Udaberri Arabiarriak eragindako polarizazioak eta Al-Jazeerak islamisten alde agertutako joerak mugatu egin dute kate horrek «botere biguneko» tresna gisa zuen balioa. «2011ko matxinadak ezegonkortasun iturri gisa ikusten hasi zen iritzi publikoaren parte bat... Gainera, Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuen ildoko hedabide panarabiarrak agertzeak apaldu egin du Al-Jazeeraren eragina».

1825ean Al-Thani dinastiak Qatarko agintea hartu zuenetik, independentziari eustea izan da herrialdeko atzerri politikaren ardatza, eta, horretarako, aliantzak egin dituzte munduko zenbait superpotentziarekin: lehenbiziko, Erresuma Batuarekin, eta, geroago, AEB Ameriketako Estatu Batuekin. Gaur-gaurkoz, Qatarren dago AEBek Ekialde Hurbilean dituzten base militarretan handiena. Segur aski, base hori gabe Washingtonek ezin izanen zituen abiatu Afganistanen eta Iraken aurkako gerrak.

Dena den, Qatarrek ez du inongo arazorik izan Washingtonen etsairik sutsuenetako batzuekin harreman ona atxikitzeko; bertzeak bertze, Iranekin eta Hamasekin. Baina, aldi berean, Tel Avivekin zuzeneko harremana zuten estatu arabiar bakanetako bat zen duela gutxi arte. Independentziari eusteak modua eman dio zenbait gatazkatan bitartekari edo bideratzaile aritzeko: errate baterako, Darfurkoan, eta, bereziki, Afganistangoan. Zortzi urtez, talibanen kanpo harremanetarako bulegoa Dohan egon zen, eta Trumpen gobernuak eta fundamentalistek han sinatu zuten AEBetako tropak erretiratzeko ituna, zeinek bidea ireki zien talibanei agintea berriz hartzeko.

Hain kide heterodoxoak izateak ez dio arazorik sortu Dohari Mendebaldeko aliatuekin. «Qatarrek eragin sare trinko bat du Washingtonen, eta, hari esker, babestua dago errepresalietatik, bere atzerri politika goiti-beheiti. Gainera, AEBek Qatarren jarria dute eskualde hartan dituzten base militarretan handiena», xehatu du Cokek. Halarik ere, gogora ekarri du AEBetako zenbait administraziok kritikak egin dizkiotela Dohari, bertzeak bertze Donald Trumpen gobernuak. Hori bai, Al-Thani emirrak egoera bideratzea lortu zuen, eta Washingtonentzat erabilgarri izatea erdietsi. «Qatarrek, AEBekin negoziatu nahi zuenetan, eskura paratu zizkien Iranen eta talibanen artean dituen kontaktuak... Oraindik ere, Qatar da AEBen eta talibanen arteko ezkutuko lotura diplomatiko nagusia», erran du analistak.

Udaberri Arabiarra abiatu zelarik, Dohak ikusi zuen aukera paregabea sortu zitzaiola bere eragina zabaltzeko. Lehengo ordena kolokan zegoen, eragile berriak agertu ziren, eta Qatarrek babesa eskaini zien berehala, gerorako aliatuak bereganatzeko asmoz. Libiako matxinoen alde egitea zekarren horrek, bai eta Egiptoko Anaia Musulmanak eta Baxar al-Assaden aurka ziharduten Siriako miliziak babestea ere. «Politika hori ikuspegi pragmatiko baten ondorio da, eta ez ideologiaren ondorio. Ustez irabazteko aukera gehien zutenen alde egin zuen Qatarrek; ez zituen ideologia islamista zutelako babestu», adierazi du Georges Fahmi Europako Unibertsitate Institutuko ikertzaileak.

Al-Thani emirra, Saudi Arabiako printze Bin Salan ez bezala, ez zen beldur matxinadaren bat piztuko ote zen bere mugen barrenean, eta horrexegatik abiatu ahal izan zuen islamismoaren aldeko politika hori. Qatarren, Udaberri Arabiarrak ez zuen mugimendu politikoa biziagotu ere egin. Qatartar gutxiegi daude (300.000 inguru) eta aberatsegiak dira oposizio mugimendu zabal bat lora dadin. Hori bai, emirrak ez du barkatzen bere boterearen aurkako ekintza bakar bat ere, eta horren erakusgarri da, hain zuzen, Raxid al-Marri abokatua, atxilo hartu baitzuten iaz, ordezkaritza sistema indartu zezatela eskatzeko protesta bat antolatzeagatik.

Presioari buru eginez

Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek, ordea, bekatu barkaezintzat hartu zuten Qatarrek atzerri politikan egindakoa, bai eta Anaia Musulmanekin aliantza egin izana ere. 2017an, bi herrialde horiek, Egiptok eta Bahrainek blokeo ekonomikoa eta aire blokeoa ezarri zizkioten Qatarri, haren atzerri politika «errebeldea» amaiarazteko. Baina Doha ez zen kikildu: bertze ibilbide eta bazkide batzuk bilatu zituen. 2020an, jada agerikoa zelarik blokeoak porrot egin zuela, Riadek deliberatu zuen hura bertan behera uztea, Joe Biden presidente hautatu berriari borondate ona erakusteko. Horren truke, teorian behinik behin, Al-Thani emirrak konpromisoa hartu zuen, zehaztasun handirik gabe betiere, bere politikak aldatzeko, baina ez da halakorik gertatu egiazki.

Qatar monarkia absolutu bat da, baina, duela zenbait hamarkadatik hona, erreforma batzuk egin ditu, zenbait eskumen legegile emateko Xuraren Kontseiluari, hots, gobernuari aholkua ematen dion aspaldiko erakundeari. 2003an erreformatutako konstituzioaren arabera, kontseiluko 45 kideetatik 30 sufragio unibertsalaren bidez hautatu behar dira; gainerakoak, berriz, emirrak izendatzen ditu. Behin baino gehiagotan gibelatu ondotik, 2021ean egin zituzten hauteskundeak lehenbiziko aldiz. Giza Eskubideen Aldeko Golkoko Institutuak salatu zuenaren arabera, dozenaka hautagaik uko egin zioten bozetan parte hartzeari, segurtasun aparatuak presio egin baitzien, erregimenaren aldekoek irabaz zezaten.

Qatar kontserbadorea da, errotik, baina ez du lan aktiboa egin islamaren bere interpretazioa herrialdetik kanpo zabaltzeko, Saudi Arabiak eginaz bestera; izan ere, Riadek hainbatetan paratu du dirua herrialdetik kanpo meskitak eraikitzeko. «Saudi Arabiak erlijioaren beharra du zilegitasuna lortzeko; bertzeak bertze, hango dinastiak Mekaren zaindari titulua duelako. Qatarrek, baina, ez du horren beharrik, eta nahiago du botere biguneko tresnak erabili bere eragina zabaltzeko», xehatu du Elkano Errege Institutuko ikertzaile Haizam Amirah Fernandezek.

Qatarrek ausart jokatzen du ekonomian ere. Ukrainako gerrak are gehiago nabarmendu du haren balio estrategikoa. Ezin da ahantzi munduko gas erreserbarik handienetan hirugarrena duela. Azken hilabeteotan, Europako agintari anitz izan dira Dohan, itun berriak egiteko. Nolanahi ere, zenbait kirol ekitaldi bultzatu izanak, tartean Munduko Kopa, ez dio ikusgaitasuna bakarrik eman Qatarri, haren jokaera xehekiago aztertzea ere ekarri baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.