Haragi berri feminizatua

Alice Birch gidoigile britainiarrak telesail bihurtu du David Cronenberg zuzendari kanadarraren 'Dead Ringers' kultuko filma. Amazonen dago ikusgai

AMAZON PRIME VIDEO.
Mikel Yarza Artola.
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
1988an, David Cronenbergek Dead Ringers filma plazaratu zuen, Kanadako zinema akademiaren hamar Genie sari irabazi zituen, eta berehala bilakatu zen kultuko lan bat. Berdin-berdinak diren bi biki ginekologo dira protagonistak. Xarmagarria bata, barnerakoia bestea; ohitura, apartamentu eta emakume berberak partekatzen dituzte, amodioak euren bizitza hankaz gora jarri arte.

35 urte geroago, Alice Birchek telesail formatura egokitu du Cronenbergen klasikoa. Birch Lady Macbeth eta The Wonder filmetan gidoilari izateagatik da ezaguna, biak ala biak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian aritutako lanak.

Bi kasuetan, aktore ingeles batek jokatu du biki protagonisten rola. Orduan, Jeremy Irons aktore ingelesa izan zen filmaren protagonista, eta orain Rachel Weisz da sei ataleko telesailaren euskarria. Arreta gizonezkotik emakumezkora igaro da, eta horrek errotik eraldatu du istorioaren mamia.

Amatasuna da ardatza; erditzearen nahia, ezina eta trauma. Tartean dira intseminazio artifiziala, gorputz ez-normatiboak eta matxismoaren lorratza. Hori bai, hemen ez dago zuzentasun politikorik, hamaika korapilo psikologiko baizik. Gordintasunaren aldeko apustua hasieratik argi geratu da, Sean Durkinek (Southcliffe, Martha Marcy May Marlene) zuzenduriko lehen bi ataletako eszena odoltsu eta itogarrietan.

Ginekologo lanak amaituta, biki protagonistak kafetegian bildu dira atseden une lasai bat pasatzeko, eta gizonezko batek galdetu die ea sexu harremanetan hirukoteen zaleak ote diren. Segidan, gau giroko gehiegikeriak, haragi gose aseezina eta drogen espiral eroa iruditan islatzen dituzten pasarteak txandakatuko dira, abiada biziko muntaketaren bidez, telesaila lurralde ilunetara garraiatuz.

Protagonistek ebakuntza gelan jantzi ohi dituzten mediku mantal gorriak salbu, Birchek apenas egin dio erreferentzia formalik Cronenbergen filmari, baina zinemagile kanadarraren arrastoa hor dago, ezinbestean.Haragi berriaren kontzeptua eta gizateriak teknologiarekin duen harreman gatazkatsua XXI. mendeko betaurreko feministekin interpretatu dituzte telesailaren sortzaileek, emakumez jositako lantaldearen gerizpean.

Hutsuneak narrazioan

Telesailak alor narratiboan ditu ahulgune gehien. Elkarrizketak luzeegiak dira, batzuk irrigarriak, eta pertsonaien burutazio oro euren ahotik irteten da, eszena iradokitzaileagoak eraiki ordez. Hori da, ziurrenik, Dead Ringers pantaila handitik txikira igaro izanagatik ordaindu beharreko bidesarietako bat.

Hiri handien anonimotasunaren babesean, Weiszen bikiak Ironsenak baino nabarmen gizartekoiagoak dira. Murray Golden soinu banda, berriz, gertuago dago pop artefaktutik, Howard Shoreren sentimendu klasikotik baino. Modu batera edo bestera, Amazonek ekoitzitako Dead Ringers berria aitzakia ezin hobea da hura inspiratu zuen nobelarekiko jakin-mina berpizteko. 1970ean, Barri Wood eta Jack Geasland idazle estatubatuarrek fikziozko Twins eleberrian bildu zuten errealitatean berdin-berdinak izan ziren New Yorkeko bi biki ginekologoren bizitza eta heriotza, misterioz josia.

'DEAD RINGERS'
Sortzailea: Alice Birch.
Aktoreak: Rachel Weisz, Michael Chernus, Poppy Liu, Britne Oldford, Jennifer Ehle.
Herrialdeak: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Amazon Prime Video.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.