Telesailak

'Watergate' eskandaluaren B aldea

Julia Roberts aktoreak Martha Mitchellen rola jokatu du 'Gaslit' telesailean. Richard Nixonen dimisioaren eragile nagusietako bat izan zen

Mikel Yarza Artola.
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Martharengatik izan ez balitz, Watergate ez zen existituko», Richard Nixonen adierazpenak dira, 1974an AEBetako presidente gisa dimisioa aurkeztu osteko lehen elkarrizketan eginak. Eskandalu politiko sonatu horrek eztanda egin zuenean, Martha Mitchell AEBetako Fiskal Nagusiaren emaztea zen, harreman estua zuen hedabideekin, eta publikoki salatu zuen drogatu eta bahitu egin zutela, Nixonen administrazioa Alderdi Demokrataren egoitzan lapurretan eta espioitzan aritu zela frogatzen zuen informazioa argitara ez zezan.

50 urte beteko dira aurten gertakari historiko hartatik, eta Gaslit telesailak fikziozko istorio bilakatu du, luxuzko bi aktoreren bultzadarekin. Julia Roberts eta Sean Penn Oscar saridunek jokatu dituzte Martha eta John Mitchell senar-emazteen rolak, hurrenez hurren. Orain arte, beste bi zinema izarrekin lotu izan da Watergate eskandaluaren inguruko fikziogintza. Robert Redford eta Dustin Hoffman izan ziren 1976ko All the President's Men filmeko protagonistak. Lan horrek Watergate eskandaluaren berri eman zuten kazetariei egin zien gorazarre; estreinatu berri den nobedadeak, berriz, botere organoak kudeatu zituzten pertsonaia publikoen gainbehera kontatu du.

Gaslit-en gidaritzan bi izen seinalatu daude: batetik Robbie Pickering, Mr. Robot telesailean gidoigile gisa trebaturikoa; eta, bestetik, Matt Ross, Captain Fantastic film independentearen zuzendaria. Emaitza bi proiektu horien arteko konbinazio bizi bat da. Gidoia thriller gogoangarrien mailakoa da; muntaketa eta argazki arduradunak, bien bitartean, protagonisten zurrunbilo emozionalean barneratu dira.

Proiektu honek film luze baten tankera du, telesail batena baino gehiago, eta formalki AEBetako administrazioari loturiko hainbat lan garaikide ekar ditzake gogora, esaterako, 2001eko irailaren 11ko atentatuei loturiko Zero Dark Thirty eta Vice. Gaslit, ordea, drama politiko soil bat baino askoz gehiago da: sexu, akzio eta umore dosirik ere ez zaio falta. Gai da narrazio elektriko baten bitartez pantailan distira eragiteko eta, aldi berean, ustelkeriaren ubide ilunenetan murgiltzeko. Hori aski ez, eta sortzaileek gogoeta egin nahi izan dute hedabideen botereaz eta joko horretan parte hartzen duten pertsonen hauskortasunaz.

Watergate eskandaluaren inguruan hamaika erreportaje eta analisi egin izan dira, eta, alde horretatik, Gaslit ahalegindu da aski ezagunak diren gertakarien B aldea kontatzen. Telesailak aparteko ahalegina egin du garai hartako testuinguruaren erretratua aberasteko: gidoian txertatu ditu Etxe Zuriko korridoreetako negoziazioak, Richard Nixonen eta Fidel Castroren arteko harremana, Washingtongo kaleetako protestak eta Martha Mitchellek hoteleko logelan bakartuta jasan zuen kalbarioa.

Garai arriskutsuak bizi izan zituzten pertsonen kronika da hau, eta eszena batzuek nolabaiteko kutsu profetikoa dute. Ikusleek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten iraganeko gertakarien ondotik heldu zen zalaparta. Hori bai, orainaldian ere bada zer aletu; izan ere, telesailak paralelismo zuzenak ezarri ditu duela urte eta erdi amaitu zen Donald Trumpen agintaldiarekin.

'GASLIT'
Sortzaileak: Robbie Pickering, Matt Ross.
Aktoreak: Julia Roberts, Sean Penn, Dan Stevens, Hamish Linklater, Allison Tolman.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Starz.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.