Albistea entzun

Onddoen izurri geldiezina

HBO Maxek 'The Last of Us' telesaila estreinatu du, Playstationeko bideojoko laudatuaren pantaila txikirako egokitzapena
HBO MAX Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2023ko urtarrilak 21

Zonbi apokalipsi bat amaitu eta berehala iritsi da bestea. The Walking Dead saio ikonikoak azaro amaieran esan zuen agur betiko, eta HBOrentzat bi hilabete nahikoa izan dira The Last of Us nobedadearekin mahai gainean kolpea emateko. Lehenengoz, streaming bidezko plataforma horrek bideojoko bat telesail formatura egokitu du, eta, horrela, jatorrizko istorioa Playstationen ezagutu zuten milaka zale erakarri ditu.

Bideojokoa 2013an estreinatu zuten eta, hamarkada bat geroago, kontakizunak ezingo luke garaikideago izan. Mikosi masibo batek pandemia global bat eragin du, lurraren tenperatura berotu, onddoen infekzioa mundu zabalean hedatu, eta kutsaturiko pertsonak odol egarri diren erasotzaile bortitz bilakatuko dira. «Edozein birus baino arriskutsuagoa da», dio epidemiologo batek 1968ko telebista saio batean, 35 urteko denbora jauzia egin eta apokalipsiaren hastapenetara jo baino lehen.

Kaos erabatekoan murgildutako hiri bat agertuko da hurrena pantailan. Senide, lagun eta bizilagunak kutsatzen hasi dira, eta histeria kolektiboa da nagusi. Jende andanak bere etxea atzean utzi du, eta ihesari ekin dio. Polizia kontrolak zorrotzak dira, errepide irteerak kolapsatuta daude, eta indarkeriaren sua lau haizeetara zabaltzen hasi da.

Pedro Pascal (Game of Thrones), Anna Torv (Mindhunter) eta Nick Offerman (Parks and Recreation) dira, besteak beste, telesaileko izar protagonistak. Aita, alaba eta apokalipsi osteko mundu horretan euren bidea egin nahian ari diren hainbat pertsonaia gatazkatsu dira. Craig Mazin da, berriz, proiektuaren gidaria, 2019an Chernobyl Emmy saridun telesaila sortu zuen gizona. Mazinek kalitatea bermatzen du, eta, beste behin, gai izan da ikusleak lehen minututik harrapatu eta haien sentipen sakonenetara heltzeko.

The Last of Us joan den udazkeneko Apagón telesail espainiarrak izatea lortu ez zuen hori guztia da, apokalipsi giroko istorio sakon eta entretenigarri bat, irudi ikaragarriz jositakoa, gainera. Hainbat eszena ikusleen oroimenean iltzatuta geratuko dira: esaterako, hegazkin batek lurraren kontra bortizki eztanda egiten dueneko pasartea, poliziak hurbil-hurbiletik nerabe baten kontra tiro egiten duenekoa edota kutsatzeak saihesteko protagonistek dozenaka gorpu sutara bota behar dituztenekoa.

Pertsonaiak eta istorioa

Pantaila handian zein txikian, hamaika apokalipsi istorio ikusi izan dira dagoeneko. Orduan, zergatik ikusi The Last of Us? Zerk egiten du horren berezi? Arrazoi nagusien artean daude pertsonaien eraikuntza konplexua eta sortzaileek drama, thrillerra eta komedia uztartzeko erakutsi duten aparteko erraztasuna.

Martxoan, telesailak bederatzi atalen emanaldia amaitzen duenean ebatzi beharko ea jostagarri bezain ikusgarria ote den. Oraingoz, HBOren urte hasierako apustu nagusiak ikusmina ez ezik milaka zaleren txalo zaparrada ere eragin du. Bide batez, lehen denboraldi honetako azken bi atalak Ali Abbasi zuzendari irandarrak gidatu ditu; joan den astetik Hego Euskal Herriko zinema aretoetan ikusgai dago haren film berriena, Holy Spider, Cannesen saritua.

'THE LAST OF US'
Sortzaileak: Craig Mazin, Neil Druckmann.
Aktoreak: Pedro Pascal, Bella Ramsey, Gabriel Luna, Merle Dandridge, Anna Torv.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: drama, izua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gorpuztutako literatura

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.
 ©EITB

«Primeran plataforman egongo da fikzio euskaratua, ez ETB1en»

Urtzi Urkizu

EITBk irailean aurkeztuko du Primeran plataforma. Iparragirrek iragarri du filmak, telesailak eta dokumentalak izango direla ardatz nagusia —%99 euskarazko audioarekin edo azpidatziekin—.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.