Ez ezazu ama hil, arren

Xavier Dolan zinema zuzendari kanadar gazte eta transgresoreak estreinako telesaila plazaratu du: 'La nuit où Laurier Gaudreault s'est réveillé' familia drama. Asteartetik aurrera egongo da ikusgai Hego Euskal Herrian, Filminen

Mikel Yarza Artola.
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Enfant terrible edo haur izugarria bueltan da. Xavier Dolanek 20 urte zituela aurkeztu zuen J'ai tué ma mère estreinako filma, Cannesen. 34 urte ditu orain, eta bizkar gainean, beste zazpi film eta estreinako telesail bat. Familia disfuntzionalen inguruko dramak landuz egin da ezagun Dolan, gurasoen eta seme-alaben arteko harreman korapilatsuak modu apurtzailean jorratuz, eta pantaila txikirako prestatu duen lehen proiektu honetan urrats berri bat egin du bere estilo ezin pertsonalagoa fintzeko bidean.

Bi mutil eta neska bat dira protagonista, nerabezaroaren loraldian dauden hiru adiskide bereizezin, 1990eko hamarkadako eta egungo Kanada flashbacken bidez elkartzen dituen istorio honetan. Bortxaketa bat da narrazioaren ardatza. Gertakari horrek hirukotearen laguntasuna hautsiko du, eta bideak bananduko ditu. 30 urte geroago, ordea, amaren gaixotasunak berriz ere elkartzera bultzatuko ditu, eta iraganeko zauri sakonak irekiko.

Bistakoa da Dolan zinema mundutik datorrela. Antzerki obra bat oinarri hartuta, hark idatzi eta zuzendu ditu telesailaren bost atalak, eta elkarrizketen erritmoa, argi, kolore eta soinu lanketa... oso urrun dago pantaila txikiko ohiko kodeetatik. Kontakizuna nerabeen erromantze drama izan liteke, baita komedia ilun edota thriller misteriotsua ere. Are gehiago, Twin Peaks klasikoa ekar lezake gogora pertsonaia batek aurpegia ispiluaren kontra jotzen duen omenezko pasartean.

Telesaila harreman sentimental gatazkatsuen erretratua da, senideen arteko hitz pozoitsuek eta abusu emozionalek eragindako zaurien isla. Protagonistek urratua dute autoestimua; antsietatea, kezkak eta konplexuak haien eguneroko bazka dira. Zinemagile kanadarrak sendotasun handiz marraztu ditu haien arku dramatikoak, eta aktoreek sekulako interpretazioekin itzuli diote eskertza.

Zuzendari gazteak aipu filosofiko batekin abiatu du telesaileko atal bakoitza, eta eszena mordoa mailu kolpe bortitzen tankerako indarrez eraiki. Haiei batasuna emateko, Dolanek maisuki erabili ditu trantsiziozko irudiak. Ur txorrota, katiluan sartutako te poltsa, gorriz tindaturiko azazkalak... sexu, eztabaida eta hileta eszenak itsasteko elementu gisa baliatu ditu.

Aktoreen artean ere bada aurpegi ezagunik. Anne Dorval izar kanadarra bosgarrenez aritu da Dolanekin elkarlanean, eta lehenengoz Hans Zimmer soinu banden konpositore laudatua. Musikagile alemaniarra bere ibilbidearen gailurrean dago: dagoeneko bitan irabazi du soinu bandarik onenaren Oscar saria, The Lion King eta Dune filmekin, eta Dolanen nobedadea sentimenduen Olinpora altxatu du.

La nuit où Laurier Gaudreault s'est réveillé Hego Euskal Herrira heldu da orain, Filminen bitartez. Iparraldean urtarrilean estreinatu zuen Canal Plusek, eta kanadarren etxeetara are lehenago heldu zen, iazko azaroan. Oraingoz, harrera ezin hobea izan du, eta ez da harritzekoa; izan ere, Xavier Dolanek bere ibilbideko proposamen sakon, ilun eta helduena osatu du.

'LA NUIT OÙ LAURIER GAUDREAULT S'EST RÉVEILLÉ'
Sortzailea: Xavier Dolan.
Aktoreak: Xavier Dolan, Julie LeBreton, Patrick Hivon, Magalie Lepine, Anne Dorval.
Herrialdea: Kanada.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Filmin, Canal Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.