Feminismoa kameren atzean ere

Me Too mugimenduak eraldaturiko Hollywood baten erretratua osatu du Britainia Handiko 'Chivalry' telesailak, sei komedia atal laburretan. Filminek estreinatu du Hego Euskal Herrian

RYAN MCNAMARA.
Mikel Yarza Artola.
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Nik ere sinesten zaitut», «soilik baietz da baietz», «amaitu da»... lehen lerrora igaro dira esaldi feminista horiek, mundu zabaleko esparru sozial, politiko eta mediatiko askotan. Rubiales auzia izan da berriena, eta batzuek Hollywoodeko Me Too mugimenduarekin alderatu dute.

Harvey Weinsteinek, azken hamarkadetako zinema ekoizle estatubatuar boteretsuenak, 39 urteko kartzela zigorra bete beharko du sexu abusu eta bortxaketa delituengatik ezarritako bi kondenarengatik. 90 emakumek baino gehiagok salatu zuten Weinstein publikoki; haren kontra egindako salaketek Hollywoodeko kultura betiko aldatu zuten, eta kameren atzean gertatu den iraultza hori du oinarri Chivalry telesailak.

Badira aurrez halako film esanguratsuak: tartean, Maria Schrader zinemagile alemaniarraren She Said (2022). Film horrek Weinsteinen eskandalua argitaratzeko The New York Times egunkariko bi emakumezko kazetarik egindako ikerketa esploratzen du, eta ez zuen Oscar sarietarako hautagaitza bakar bat ere jaso. Aparteko oihartzunik gabe estreinatu zen Kitty Green australiarraren The Assistant ere (2019), Hollywoodeko ekoizleen bulego batean laguntzaile modura hasi berri den emakume gazte batek jasandako abusuen inguruko fikzioa.

Chivalry, pauso bat harago joan, eta industriaren eguneroko lokatzetan murgildu da. Cameron eta Bobby dira bikote protagonista: lehena, porrot komertzial bati buelta eman ezinean dabilen ekoizle matxista beteranoa; bigarrena, filmaketa estudioan feminismoa lau haizeetara aldarrikatzen duen zuzendaria.

Cameron harroak ez du onartu nahi garaiak aldatu direla, eta, bien bitartean, Bobby benetako parekidetasuna bermatu nahian dabil kamera angelu bakoitzean. Harekin harreman estuan ageri da lanean intimitate koordinatzailea, sexu eszenetan aktoreen ongizatea ziurtatzeaz arduratzen den figura eta, hain justu, Me Too mugimenduaren ondotik filmaketetan nabarmen ugaritu dena.

Zuri eta beltzen artean, ordea, gris ugari dago. Eguneko lanak amaituta, intimitate koordinatzailea maite jolasean hasi da Cameronekin, eta une batean ipurdia ukituko dio. «Teorian, ezin duzu hori egin, baina berdin zait», esango dio gizonak. «Baita niri ere», barrezka, intimitate koordinatzaileak. Bobby, bien bitartean, kontziliazioak itotzen du. Ez du nahikoa denborarik ez haurra behar bezala zaintzeko, ez bikotekidearekin sexu harremanak izateko, eta arnasestuka dabil, bilera batetik bestera. Bilera horietako batean helduko da telesaileko unerik bortitzena, iraganeko bortxaketa baten inguruko aitormena.

Zentzu bikoitzeko esaldiak

Drama zertzeladez harago, istorioak nagusiki screwball komediatik edaten du. Sortzaileek nahasteen, zentzu bikoitzeko esaldien eta txantxa adimentsuen bidez heldu diote berdintasunaren gai arantzatsuari, eta hori txalotzekoa da, zuzentasun politikoak goia jo duen honetan.

Hollywoodeko zenbait izar ere ageri dira pantailan, tartean Sienna Miller, John C. Reilly, Peter Mullan, Wanda Sykes... Azken horren bidez landu du telesailak kantzelazioaren kulturaren inguruko gogoetarik mamitsuena. Steve Coogan eta Sarah Solemani britainiarrak dira proiektuko zuzendari, gidoigile eta aktore protagonistak. Noiz eta noren eskutik helduko ote da Me Tooren inguruko behin betiko film amerikarra?

'CHIVALRY'
Sortzaileak: Sarah Solemani, Steve Coogan.
Aktoreak: Sarah Solemani, Steve Coogan, Wanda Sykes, Siena Miller, John C. Reilly.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena: 20 minutu.
Generoa: Drama. Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.