Telesailak

Amets amerikarretik ihesi

'The Mosquito Coast' eleberri saritua telesail bilakatu du Apple TV Plusek. Paul Theroux nobelagilearen iloba Justin da zazpi ataletako aktore protagonista

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Gizon adimentsua da Allie Fox, energian burujabe berak sorturiko gailu teknologikoei esker. Sistematik at bizi da, Internetik eta ia giza kontakturik gabe. Amerikar ametsaz, kontsumismoaz eta lehen munduaren ustelkeriaz nazkatu, eta AEBetatik ihes egingo du bere emaztea eta bi seme-alabekin batera.

1981ean argitaratu zuen The Mosquito Coast eleberria Paul Theroux bidaia literaturan trebaturiko nobelagile estatubatuarrak, eta bost urte geroago egokitu zuen lan hori zinemarako Peter Weir zinemagile australiarrak, Harrison Ford eta Helen Mirren protagonista hartuta. Lau hamarkada geroago, Therouxen iloba Justin da aktore protagonista Apple TV Plus plataformak argitaratu duen zazpi ataleko izen bereko telesailean.

AEBetako gobernutik ihesi, Mexikoko muga zeharkatzen ahaleginduko da familia, eta bidean hamaika oztopo gainditu beharko ditu. Abentura kutsua du telesailak; ikusleak ez daki zeintzuk diren pertsonaia protagonisten iragana eta ihesaldirako arrazoiak, eta horrek areagotzen du istorioaren misterioa.

Giro horretan, aitaren erabakitasunak talka egingo du alabaren zalantzekin. Nerabea bere ahotsa bilatu nahian dabil, ez die uko egin nahi lagunei, unibertsitateari, etorkizuneko lanbideari... geroz eta kritikoagoa da gurasoekin; izan ere, sentitzen du bere bizitzan aske erabakitzeko aukera lapurtu diotela.

Behin ihesaldia abiatuta, telesaileko eszena ugaritan agertuko dira sistemaren kontrol mekanismoak. Polizia jazarpenak, korporazio handietako jabeen interesak eta droga kartelen azpijokoak, besteak beste. Txanponaren beste aldean, bere helburua lortzeko edozer egiteko prest dagoen gizon zuria. Hau ez da AEBetara heldu nahi duten latinoamerikarren istorio bat, alderantzizkoa baizik. Mexiko du jomuga gizon zuri estatubatuar protagonistak, eta bere familiaren ongizatea besterik ez zaio axola. Helburu hori lortzeko beharrezko baldin bada, prest dago ingurukoak zapaltzeko.

Lantaldeak aparteko ahalegina egin du telesailari tokiko giroa emateko. Mexiko Hiriko ezenak artista mexikarren erritmora girotu dituzte, haien doinuen bidez jaso dute kaleetako erritmoa, metropoliaren taupada komertzialetik hasi eta espoi lanetan aritzen diren haurretaraino.

Dena den, istorioa hausporik gabe geratu da berehala, zulaturiko puxika baten antzera. Aktoreen lan finak bultzatu du kontakizuna, eta, hala ere, pasarterik onena ez da iristen Homeland telesaileko atal arrunt baten mailara. Aurrez, Neil Cross sortzaileak nazioarteko onarpena izan du Luther telesailarengatik, eta The Mosquito Coast osatzeko alboan izan ditu lehen mailako zuzendariak, tartean Game of Thrones, Boardwalk Empire eta Carnivale telesailetan aritutako Jeremy Podeswa.

Baina liburua telesailen formatu zatikatura egokitzeko unean zerbait galdu dute. Bide bazterrean geratu dira politika, energia eta ingurumenari loturiko gogoetak, baita familia protagonistaren dilema moralak ere. Justin Theroux aktore eta ekoizleak espero du ildo horiek modu zabalagoan jorratzea telesaileko hurrengo denboraldietan. Oraingoz, ordea, ez dute etorkizunerako inolako bermerik.

'THE MOSQUITO COAST'
Sortzaileak: Neil Cross.
Aktoreak: Justin Theroux, Melissa George, Gabriel Bateman, Logan Polish, Kimberly Elise.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Apple TV+.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama. Abenturazkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.