Albistea entzun

Telesailak

Idaztearen pasioa eta ikara

Apple TV Plus plataformak 'Lisey's Story' telesaila estreinatu du. Stephen Kingek idatzi du, eta Pablo Larrainek zuzendu. Thrillerrak zortzi atal ditu.
LISEY'S STORY Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2021eko ekainak 12

Duela 15 urte, 2006an plazaratu zuen Stephen Kingek Lisey's Story eleberria. Ordurako, mende erdi zeraman beldurrezko generoaren maisuak fikziozko literatur lanak argitaratzen. Kingentzat, ordea, Liseyren istorioa da bere ibilbide osoko kuttunena. Horregatik, ez da harritzekoa Apple TV Plus plataformak eta Kingek berak telebistarako egokitzapen honen aldeko apustu sutsua egin izana.

Nobelagile estatubatuar sonatuak idatzi ditu telesaileko atal guztiak, eta Pablo Larrain kultuzko zinemagile txiletarrak zuzendu. Jackie filmarekin egin zuen Larrainek Hollywoderako jauzia, eta hau da AEBetako kodeen menpe pantaila txikirako osatu duen lehen lana. Ekoizpena sekulakoa da, baita aktore protagonisten zerrenda ere: tartean daude Julianne Moore, Clive Owen, Joan Allen eta Jennifer Jason Leigh. Primerako osagai horiekin guztiekin, zerk egin lezake huts?

Telesaila ez da hondamendi bat, baina minaz beteriko zelai baten itxura du. Emakume alargun bat da istorio honetako protagonista. Senarra, idazle arrakastatsua, tiroz hil zuten ekitaldi publiko batean, eta ordutik haren galera eta mamu pertsonalak gainditu ezinik dabil. Kontakizun hori jorratzeko, Kingek bere autorezko estiloa bereizi duten elementuei heldu die. Izu psikologikoa da abenturaren ardatza, protagonistek iparra galdu dute, eta maldan behera doaz, espiral suntsitzailean. Larrainek aparteko artisau lana egin du giro itogarri hori iruditan islatzeko, eta ausardia formal handia erakutsi, pasarte onirikoetan, batez ere.

Tamalez, lantaldeak eszenaratzean jarri ditu indarrak, eta narrazioa ahaztu du. Gidoiak gabezia gehiago ditu bertuteak baino, zulo beltzez beteta dago, eta ez du lehen mailako thrillerren erakarpen gaitasunik. Une zehatzetan irudiek gogorarazten dute zeinen bortitza den istorioa, baina, azkenerako, pantailan agertzen diren ur zingiratsuak bezain astuna bilakatzen da. Minutuek aurrera egin arren, ikusleek puntu berean katramilatuta egotearen sentsazioa eduki lezakete, eta hori da, ziurrenik, telesail baten bekatu kapitala.

Flashbacken erabilera nahasgarria da eta eszena batzuek betegarri itxura dute, telesaila zortzi ataleko iraupenera luzatzeko trikimailu merkeen pare. Antagonisten muturreko zikoizkeriak, berriz, ikusleei zuzenduriko disuasio neurri bat dirudi. Kingek eta Larrainek shocka baliatu nahi izan dute kontakizuna publikoaren oroimenean iltzatuta gera dadin, baina lorpen horretatik oso urrun geratu dira.

Telesailaren porrota horren agerikoa izanik, batek baino gehiagok pentsatuko du ea ez ote den Stephen Kingen itzal luzea arazo guztien iturburua. Idazle estatubatuar laudatuak 200 istorio labur eta 60 nobela plazaratu ditu 50 urtez gaindiko ibilbidean. Denbora horretan, haren lan asko egokitu dituzte ikus-entzunezko formatura modu gogoangarrian. Lisey's Story, ordea, ez da horietako bat. Sortzaileak ahalegindu dira papereko sentipen fantasmagorikoa pantailara eramaten, telesaila zipriztintzen izuaren generoko magia bereziarekin. Hobe ahaleginak eta bi egin izan balituzte.

'LISEY'S STORY
Sortzaileak: Stephen King, Pablo Larrain.
Aktoreak: Julianne Moore, Clive Owen, Joan Allen, Jennifer Jason Leigh, Dane DeHaan.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama. Izua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iruñeko Arrotxapea auzoko Runa parkea, atzo eguerdian. Ostiralean zabaldu zituzten barrakak. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Ihesbide bat Runa parkean

Ane Eslava

Sanferminak aurten ere bertan behera gelditu diren arren, Iruñean barrakak jarri dituzte. Uztailaren 3ra arte egongo dira zabalik. Langileak itxaropentsu daude; bisitariak, ilusioz beterik.

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Baionako zikin garbitzaileak ezagutu ditut behi eta orgekin»

Ainize Madariaga

Erramun «denek» ezagutzen dute Baionan: hiriko arima da. Bestek har lezakete haren izena. Bar Du Marcheko ostalerrak «azkar» aldatzen ikusi du hiria, bai Banka sorterria ere.
<em>Onward</em> animaziozko filma (2020) katalanez ikus daiteke Disney Plus plataforman. ©PIXAR / EFE

Disney Plus, katalanez

Urtzi Urkizu

Katalanera bikoiztutako 25 lan ikus daitezke 'streaming' plataforma horretan. Azken bi asteetan jarri dituzte zerbitzuan 25 film horietatik 21

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria