Telesailak

Jolas parkeak, androideak eta gizatasuna

HBOren 'Westworld' telesailak laugarren denboraldia estreinatu du. Gizakien eta androideen arteko talka da nagusi thriller ilun honetan

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Game of Thrones berria. Gisa horretan saldu zuen HBOk Westworld telesaila 2016an, lehen denboraldia estreinatu zuenean. Jolas parke futurista batean giroturiko istorioa zen, gizaki itxura zuten androidez beteriko jolas parke teknologikoa. Bisitarien instintu ilunek eta androideen aske izateko desirak aukera dramatiko mamitsuak ireki zituen, eta hastapenetan garuneko labirinto horiek esploratzen aritu zen Jonathan Nolanek gidaturiko lantaldea.

Ordutik, ordea, sei urte igaro dira, eta HBOren promesa handientsua tokitan geratu da. Westworld laugarren denboraldira heldu da, eta, atalek aurrera egin ahala, telesailak ikusleei joko konplexu bat proposatu die, benetako eta ametsezko munduaren arteko etengabeko joko bat. Bide horretan, istorioa oso zerebrala bilakatu da, eta emozioak bazterrean geratu dira. Pertsonaien harreman eta gatazka afektiboak beti egon dira kontakizunaren erdigunean; amodioa, androideen gizatasuna, norbanako ororen sentitzeko beharra... baina, maiz, modu mekanikoegian garatu dituzte, eta jarraitzaileek pertsonaienganako interesa galdu dute.

Egiari zor, telesaila teknikoki bikaina da. Kamera angeluak, konposizioak, pertsonaien koreografia... argazki lanari loturiko kontu horiek guztiak azken xehetasuneraino findu dituzte, eta emaitza izugarri zaindua da: lehen mailako artelan paregabe bat. Hirugarren denboraldia inflexio puntu bat izan zen alor estetikoan: istorioko protagonistek jolas parkea atzean utzi eta benetako mundua ezagutu zuten. Western giroko basamortu eta tabernetatik etorkizuneko metropolietara igaro ziren. Norabide aldaketa horrek are gehiago ilundu zuen telesailaren estiloa; irudien tonuak hotzagoak bilakatu ziren, eta atal berriek ere ildo horri eutsiko diote. Hasieran, ordena eta kontrola ziren Westworld telesailaren hasierako ardatz tematikoak; ostera, kaosa nagusitu zen. Zortzi atal berri hauetan muturreko edozer gerta liteke, eta hori eskertzekoa da, ikustaldia zaildu arren adierazten duelako oraindik ere badela arriskatzeko adorerik.

Hollywooden talaiatik begiratuta, Westworld izar handientzako geltoki bilakatu da. Anthony Hopkins, Ed Harris, Vincent Cassel, Aaron Paul... denak dira izen handiak eta denak gizonezkoak. Horregatik, azpimarratzeko modukoa da telesailak bigarren lerroan zeuden emakumezko bi aktoreri eman dien sona. Izarrak izar, Evan Rachel Wood eta Thandiwe Newton dira drama honetako bi protagonista nagusiak, eta proiektu honetan parte hartzeak sekulako hazkunde profesionala ekarri die. Alde horretatik, gidoiak emakumeen ahalduntzeari buruzko ildo narratibo garrantzitsu bat jorratu du, feminismoaren prismatik. Michael Crichton nobelagilearen 1973ko jatorrizko filmean ez zen halakorik existitzen.

Westworld oraindik ere telesail sendo bat izan arren, galdera nagusia hau da: noiz arte luzatuko dute? Zenbat iraun dezake HBOren nobedadeen katalogoan geroz eta interes komertzial txikiagoa sortzen duen proiektu batek? Telesailaren antzera, epaia ere konplexuegia da esaldi bakarrean laburtzeko.

'WESTWORLD'
Sortzailea: Jonathan Nolan.
Aktoreak: Evan Rachel Wood, Thandiwe Newton, Jeffrey Wright, Tessa Thompson, Ed Harris.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.