Kritika. Antzerkia

Celestinaren soka luzea

Agus Perez.
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
'Celestina, la tragicomedia'

Konpainia: Atalaya. Egilea: Fernando de Rojas. Bertsioa eta zuzendaritza: Ricardo Injesta. Musika: Luis Navarro eta herri kantak. Argiak: Alejandro Conesa. Lekua: Elorriko Arriola antzokia. Eguna: Urriak 8.

Sevillako (Espainia) Atalaya taldearen obra bat ikustearren, ez dut dudarik egin Elorrioko Arriola antzokira joateko, han eman baitute Celestina, la tragicomedia. Aurrera jarraitu baino lehen esan, nazioarteko konpainiak Ikuskizunik Onenaren saria jaso zuela lan honengatik 2016an, Moskuko Podmoskovnyye Vechera jaialdian, eta Atalayaren bertsioak istorioaren ikuspegi hedonista eta zeharo laikoa berreskuratu duela, jatorrizkoari fidel.

Fernando de Rojas espainiarrak XV. mendearen amaieran idatzitako testuak bi bertsio izan zituen —bigarrena aurrekoa baino osotuagoa izan zen—, eta ikerlari gehienek uste dute egilea sasiko judua izan zela Errege-Erregina Katolikoen aroan. Horrek azalduko luke testuan eaz agertzea erlijio ahalguztidunaren aipamenik; seguruenik, maisulanak horri esker erdietsi zuen berehala unibertsaltasuna, gutxira hebreerara, alemanera, frantsesera, nederlanderara eta latinera itzulita. Inkisizioa, ordea, hainbat pasarte zentsuratzen joan zen, azkenean erabat debekatu arte Frantziar Iraultzaren lehen urteetan.

Konpainia andaluziarraren ildo ideologiko aurrerakoiaren jarraituta, zertxobait azpimarratu dira klase sozialen arteko diferentziak, muturreko indibidualismoaren antzutasuna eta Melibearen ahalduntze determinatua. Askoren ustez, jatorrizko obrak badu eleberritik antzerkitik bezainbeste, baina taula gainera eramatean testuak daukan pisua da egungo teatrorako oztopo nagusia. Horren jakitun, Iniestak obraren izaera groteskoan sakondu du Calixtoren otseinen eta haien neska-lagunen pertsonaietan —eta Celestinarenean ere bai, zelan ez—, eta pantomima kutsua eman die eszena eta pasarte askori, haietariko asko kantu-musikarekin batera emanez, endredo eta jolas izaera alde horretatik bultzatzeko. Bide beretik etorri dira antzezle guztiek esaldi bakoitzean erakutsitako keinu adierazgarri zehatzak, koreografiatik hurbil egon direnak eta une batzuetan benetako dantza gogoratu dizkigutenak.

Dena esatera, Elorriora etorri dena bertsio eszeniko ertaina izan da, bertsio handian egitura metaliko arin batzuk zeudelako gailu eszeniko zentral gisa. Kasu honetan, ordea, argi-jokoen erabilera zehatza eta dena lotu duen soka gorri luze bat izan dira elementu esanguratsuak. Antzezleen prestakuntza eta entrega harrigarriaren esku geratu da emanaldiaren indarra, Melibearen suizidio aurreko agurrarekin eta aitaren dolu-bakarrizketa hunkigarriarekin bere punturik gorenera heldu zaiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.