Sortu prest da autokritikan sakontzeko, baina EAJrekin lerratzera behartu gabe

Iruditzen zaie autokritika mota bat bilatzen duela Jaurlaritzak, EAJren lerroari atxikia.Hala bada, bide motza iragarri dio Zuzendu programari

Pernando Barrena, atzo. J.C. RUIZ / ARP.
gurutze izagirre intxauspe
Donostia
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Autokritika ona da balio berriak finkatzeko, bizikidetza finkatzeko, iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta baita zauri zaharrak sendatzeko ere», Pernando Barrena Sortuko eledunak esan duenez. Horregatik, ontzat jo du Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Zuzendu programaren oinarria. Baina uste du Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak proposatu dutena «autokritika mota bat» dela. «Ezker abertzalea subjektu bakartzat daukana, gainera termino baloratiboetan autokritika egiteko eskatzen zaiona, eta bat egin behar dutenak goitik-behetik EAJren ikuspuntuarekin». Iritzi dio hori hala bada ez dela oso urrutira iritsiko, «inori ezin zaiolako eskatu bere planteamenduak uztea eta bere ikuspuntu alderdikoiarekin bat egitea». Hala erantzun dio Jaurlaritzaren proposamenari, Donostian eginiko agerraldian.

Hala eta guztiz ere, prest agertu da autokritikaren bidea urratzeko, «beharrezkoa delako bizikidetza finkatzeko». Dena den, gogoratu du ezker abertzalea dela autokritika praktikan gauzatu duen eragile politiko bakarra, «horrelaxe egina baitugu iraganari buruzko autokritika, bereziki ETAren biktimekin izaniko jarrerarengatik».

Esan du ezker abertzaleak biktima guztien aitortza egina duela, eta guztien erreparazioa nahi duen eragile politiko «bakarra» dela: «PPk, EAJ eta PSE-EEk, berriz, segitzen dute biktimak hierarkizatzen».

PPk ere ez du gustuko

Arantza Quiroga EAEko PPko idazkari nagusiak ere ez du begi onez hartu Zuzendu programa. Iruditzen zaio Urkulluk legealdi osoa daramala zubiak eraiki nahian «ezker abertzalea esparru demokratikora ekartzeko». Haren ustez, Urkulluk egin beharko lukeena da «Bildu eta mundu hori ispiluaren aurrean jarrarazi onar dezan ETAk ez zuela sekula existitu behar». Gainerako ahaleginak alferrik direla uste du, demokrazia «ezarria» dagoelako. «Hau da: espetxe politika indibidualizatuta daukagu, eta preso bakoitzak egin behar duena da egindako mina aitortu, gerturatzeak bakarka egin daitezen».

Hain zuzen, espetxe politika hori hartu zuen hizpide Barrenak, kontrakoa gertatzen ari dela argitzeko. Euskal Herrira gerturatzea eskatu duten presoei ukatu egin die Auzitegi Nazionalak eskaera, eta erantzun horiek «modu klonikoan» egin direla esan zuen Barrenak, ez banaka. Hori, «antijustizia» izateaz gain, adierazgarria iruditzen zaio: «Espainiako Justiziak euskal presoei ematen dien trataeraren ondorioz, euskal presoen kolektiboa onartzen dute, eskubideak blokean ukatzen dizkietelako».

Halaber, «zinikoa» iruditzen zaio esatea espetxe politikak eskubiderik ez duela ukatzen. Gogora ekarri du kostu ekonomikoaz gain hamazazpi lagun hil direla errepidean, espetxerako bidean, sakabanaketa indarrean denetik. «Politika kriminal» hori aldatzeko aldarterik ez dio ordea ikusten PPri.

«Akordio partekatuak»

Horregatik, Euskal Herrian akordio zabalak behar direla uste du biktimekiko gaietan, bizikidetzarekiko gaietan eta beste zenbait esparrutan. «Akordioen bidean bide propio bat jorratzea eskatzen digu PPren jarrerak, ahalik eta presio gehiena egin ahal izateko. Norabide horretan akordio partekatuak bilatzen segitu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.