Koronabirusa

Zailtasunak hondartzan

Egun sargoriak izan dira Donostian azken aldian, eta jende askok hartu du hondartzarako bidea. Erabiltzaileek aipatu dutenez, neurriak errespetatzen saiatzen dira, baina zailtasun ugari edukitzen dituzte.

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Sargori dago Donostian, eta halako egunetan bainu bat izaten da beroaren aurkako erremediorik onena. Lapurdin eta Bizkaian hondartza batzuk itxi behar izan dituzte, baina ez da Donostiako kasua, eta jendea eguna aprobetxatzeko asmotan dago. Abuztuko ohiko egun bat dirudi, baina maskaren eta udaltzain askoren presentziak hankaz gora jartzen dute hiriko ohikotasuna. Modu ezberdinean gozatzen dute hondartzaz bertaratzen direnek. Batzuk oinez dabiltza itsasertzetik, eguzkia hartzen besteak, eta kirola egitera animatu direnak ere badaude. Beste batzuk ez dira hondartzarekin konformatzen, eta Santa Klara uhartea da horientzat topagunea. Jende ugari dago itsasontzia hartzeko zain. Guztiek maskara jantzita dute, baina zailtasunak dituzte segurtasun neurriak errespetatzeko.

Ander Zabalza, Urko Elezgarai eta Maika Alonso sarritan joaten dira hondartzara. Zabalzaren ustetan, oso «lan zaila» da egoera «hain berezia» ondo kudeatzea eta segurtasun neurri guztiak errespetatzea: «Iruditzen zait ezinezkoa dela hondartzetan uneoro segurtasun distantziak mantentzea». Elezgaraik ere zailtasun berak ikusten ditu: «Etzanda zaudenean ez dago arazorik, baina oinez ibiltzean zailagoa da distantziak errespetatzea. Are gutxiago, marea igotzen denean». Alonsok gehitu du hondartzaren arabera egoera aldatzen dela: «Kontxan distantziak ongi mantentzen dira. Ondarretan, aldiz, ez da hori errespetatzen».

Aldaketa handiena maskaren erabileran nabaritu dute: «Pixkanaka jendeak garrantzia eman dio maskarari, eta paseatzen ari diren guztiek daramate soinean», azaldu du Zabalzak. Alonsok ere berdina ikusten du, eta oinez ibiltzen ari diren «guztiek» maskara erabiltzen dutela baieztatu du. Elezgaraik ere nabaritu du aldaketa, baina oraindik lana dagoela iruditzen zaio: «Ondarretara joanez gero jende gehiago ikusten da maskara jantzita, baina Zurriolan jende gutxik janzten du».

Neurriak errespetatzeaz gain, beste arazo bat identifikatu dute Alonsok eta Elezgaraik: marea igotzen denean, Kontxa itxi egiten dute, eta bertatik botatzen dituztenak Ondarretara joaten dira. «Ondarretan pertsona kopurua zorrotzago neurtu behar da, Kontxa ixten dutenean jende guztia bertara joaten delako», adierazi du Alonsok. Horrez gain, Elezgaraik gehitu du arazoa tokiz aldatzeak ez duela ezer konpontzen: «Kontxatik botatzen duten jende gehiena Ondarretara joaten da, eta horrek ez du arazoa konpontzen, arazo hori beste toki batera bidaltzen du, besterik ez». Hori konpontzeko «inbertsio handiagoa» behar dela gehitu du.

Kontrolaren eragina

Zabalzak dioenez, «kontrola» izan da neurriak errespetatzeko arrazoia. Adierazi du azken asteetan udaltzainen presentzia «handitu» egin dela: «Kontrola handitzen ari da, eta hori berebizikoa da kutsapen arriskuak murrizteko». Elezgaraik beste ikuspuntu bat du, izan ere, dagoen kontrola ez zaio guztiz eraginkorra iruditzen: «Minimoa da. Batez ere, maskararen erabilera bermatzen saiatzen dira, eta ez da kontrol zorrotzegia». Alonso da kontrol falta nabarmentzen duen bakarra: «Hondartzan bertan ez da kontrolatzen ari den inor ikusten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.