Egoin Taldeak beste lantegi bat irekiko du, Europako erreferente nagusi izateko

Legution jarriko dute lantegia; hari esker, zurezko kontraxaflen ekoizpena handituko dute. 25 milioiko inbertsioa egin du, eta 2023an abiaraziko dute

Egoin taldearen fabrika bat. Zurezko moduluak ekoizten dituzte hartan. BERRIA.
xabier martin
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Egurrezko eraikinen sektorean Europako erreferente nagusi bat izateko oinarriak jartzen ari daBizkaiko Egoin Taldea azken hamar urteotan, eta, orain, beste urrats handi bat egin du helburu horrekin: Legutioko (Araba) Icon zena erosi du, eta 2023. urterako planta berri bat abiaraziko du. Hala, 22.000 metro kubikotik 64.000ra handituko du ekoizpen azalera, eta enpresak uste du ehun bat lanpostu zuzen emango dituela. Legution bertan beste fabrika bat dauka, eta beste bat Ean (Bizkaia).

25 milioi euroko inbertsioa egingo du fabrika berrian; jada hura egokitzen ari dira. Egoineko zuzendari nagusi Unai Agirrek esan du «ekoizpen prozesuetan, industrializazioaren eta digitalizazioaren aldeko urrats handia» egin dutela, eta horrek lagunduko diela Europako merkatuetan bide berriak irekitzen.

Bizkaiko enpresak aspaldian egin zuen zuraren alde etxeak eta bestelako eraikinak egiteko. 1992an hasi ziren egurrarekin lanean. «Baserrikoak gara, eta beti izan dugu basoa alboan. Eraikuntzan sartu ginen: egiturak egin, piezak mekanizatu eta mekano bat balira bezala lekuetara eramaten ditugu, han bertan muntatzeko», azaldu zion enpresak BERRIAri, Hondarribian (Gipuzkoa) bost solairuko egurrezko etxe baten eraikuntzaren harira. Enpresak arrakasta handia izan du Europan, eta askotariko eraikinak egin ditu; esaterako, AstraZenecaren egoitza nagusiaren zurezko egiturak Egoinen ardura dira; eraikina Cambridgen (Ingalaterra) dago.

Enpresak dio bertako lehengaia baliatuko dutela aurrerantzean ere piezak egiteko. Bertako pinua erabiltzen du aspaldian. Europa iparraldeko izeiak inportatzen zituen, harik eta hemengo insignis pinua eraikuntzarako hobea izan zitekeela ohartu ziren arte. Gaur egun, Euskal Herriko radiata pinuarekin aritzen dira gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.