Krisi asko, lider gutxi

Zenbait herrialde garrantzitsutako buruzagi politikoak ez dira izango Suitzako mendi estazioko bilkuran; besteak beste, etxean dituzten krisiekin nahikoa lan dutelako.

Bilkura gaur hasi eta ostiralean amaituko da. LAURENT GILLIERON / EFE.
Irune Lasa.
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ezkortasun eta kezka giroa areagotzeko, Davosko Foroak aspaldiko gobernu buru gutxien izango du aurten bere partaideen artean; besteak beste, munduko lider politikoetako askok nahikoa lan dutelako etxean Suitzara joaten ibiltzeko. Adibidez, AEBetako presidente Donald Trumpek bertan behera utzi du bidaia, oraindik ere bere administrazioaren zati bat itxia duelako. Frantziako presidente Emamnuel Macronek ere nahiago izan du Jaka Horien krisian Davosera ez hurbildu, eta,zer esanik ez, Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk nahikoa du brexit-arekin.

Azkenean, G7ko herrialdeetako hiru gobernuburu soilik izango dira Davosen: Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, eta Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa. Hala ere, joango direnen artean ikusmin handien pitz dezakeena Jair Bolsonaro izan daiteke, hautatu berria izan den Brasilgo presidentea. Iaz lehen aldiz parte hartu zuen Txinako presidente batek Davosen —globalizazioaren defentsa sutsua eginez, gainera—, baina Xi Jinping ez da Suitzan izango aurten.

Gobernuburuen presentziak oihartzun berezia hartzen du Davosko Foroan, eta, haiekin batera, kulturako pertsonaia ezagunek—aurten ere hantxe izango da Bono, U2ren kantaria—. Baina partaide gehienak negozioetako buruak izaten dira. Eta horien artean, ohiko parte hartzaileak izan dira azken urteetan Oleg Deripaska, Rusal aluminio konpainia erraldoiko presidentea —joan den igandean utzi zuen kargu hori—, Victor Vekselberg industria gizona, eta Andrei Kostin, Errusiako bankurik handienetako baten burua.

Hiru negozioburu errusiarak apirilean zigortu zituen AEBetako gobernuak, hauteskunde estatu batuarretan eragin nahi izana leporatuta. Zigor horren haritik, Munduko Ekonomiaren Foroak Davosko aurtengo bilkuratik kanpo utzi nahi izan zituen, baina Errusiako Gobernuak mehatxu egin zuen debeku hori kendu ezean herrialdeak ez zuela inolako ordezkaritza ofizialik izango Foroan.

Azkenean, Errusiako egunkarien arabera, hiru negozio gizonek baimenduta daukate parte hartzea, eta Errusiak ordezkaritza ofiziala ere izango du, presidenterik gabe —Vladimir Putin ez da joan 2009. urteaz geroztik—. Ikusteko dago, hori bai Oleg Deripaskak bere urteroko festa egingo duen oraingoan. Festa entzutetsu horietan azkena iaz arrakasta handiarekin ospatu zen xanpainarekin, kabiarrarekin, errusiar dantzariekin eta Enrique Iglesias kantariarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.