Mirari baten tankerako garaipena eskuratu nahi du Realak Bartzelonan

Jon Ander De la Hoz.
Bartzelona
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Nahikoa dira 28 urte. Denbora hori darama Realak Bartzelonari Camp Noun irabazi gabe, eta bolada txar horri amaiera eman nahi diote txuri-urdinek. 1991n John Aldridge eta Dalian Atkinsonen golei esker irabazi zuenetik (1-2), gehienez berdindu egin dute donostiarrek Bartzelonaren etxean. Ordutik itxura eskasa eman dute Realekoek Camp Noun, eta errotik ebaki nahi dute joera hori. Aste Santuen erdian, berpizte moduko bat litzateke hiru puntuekin etxeratzea.

Izugarri zaila da lana; etxekoak sasoi betean daude, eta asteartean aise azpiratu zuten Manchester United (3-0), Txapeldunen Ligako final-laurdenetako itzulerako partidan. Kataluniarrek erabateko kontrola izan zuten neurketan, eta aurkariek ezin izan zuten deus ere egin.

Espainiako Liga eskura du Bartzelonak, Atletico Madrilekiko bederatzi puntuko abantaila baitute Ernesto Valverdek prestaturiko jokalariek. Litekeena da Athleticeko entrenatzaile ohiak zenbait aldaketa egin eta ohiko jokalariei atsedena ematea, eta Realak hori baliatu nahi du ezustekoa emateko.

Azken norgehiagoketan pattal aritu dira donostiarrak. Bolada txarrean dira, eta azken zortzi partidetatik bakarra irabazi dute, Betisen aurka (2-1). Horrek urrundu egin du Europa liga, eta helburu horri eusteko azken aurkera du Bartzelonan. Sei partidaren faltan, bistakoa da ia ezinezkoa duela postu horren jabe egitea.

Willian Jose, zelaian

Imanol Alguacilek zenbait jokalari berreskuratu ditu biharko partidarako. Horietako bat Willian Jose da; Vigon txartel gorria ikusi zuen brasildarrak, eta partida bateko zigorra bete zuen Eibarren aurkako derbian. Gauzak ondo bidean, hasieratik ariko Bartzelonan. Adnan Januzaj, berriz, min hartuta egon da, baina taldekideekin entrenatu zen atzo. Belgikarrak bidaiatu dezake, baina ez dirudi jokatzeko moduan izango denik.

BARTZELONA-REALA

Bartzelona. Ter Stegen; Semedo, Pique,Lenglet, Alba; Busquets, Arthur Melo, Vidal; Messi, Suarez, eta Dembele.

Reala. Rulli; Zaldua, Aritz, Navas, Aihen; Zubeldia, Sangalli, Merino; Oiartzabal, Juanmi eta Willian Jose

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. Camp Nou. (99.354 ikusle).

Ordua. Bihar, 20:45. (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.