Aniztasunaren aldeko gola

Union Tutera kluba sortu dute zenbait gazte tuterarrek kirolaren bidez euskara eta aniztasunari lotutako balio errespetuzkoak sustatzeko. Oraingoz, bi futbol talde osatu dituzte, eta berriki hasi dira entrenatzen. Zelaian eta harmailetan ez dute inolako diskriminaziorik onartuko.

Balio batzuen garrantzia. Alfredo Gil Txiki entrenatzailea Union Tuterako jokalariei azalpenak ematen, entrenamendua hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
Tutera
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Giro ona eta irribarreak dira nagusi harrizko harmailetan. Kamiseta beltza jantzi dute denek, eta halako batean agertu da Alfredo Gil Txiki, entrenatzailea. Zerrenda pasatu du, eta berehala joan dira jokalarietako batzuk baloiak eta bestelako materialak hartzera. Tuterako (Nafarroa) Santa Quiteria udal futbol zelaian ez daude haiek bakarrik: zelaiaren beste erdian talde bat ari da entrenatzen, eta ondoko zelaian beste talde bat. Harmailetan aldatzen ari direnen taldea, baina, ezberdina da. Euskarazko hitzak ere aditzen dira, tarteka. Union Tutera talde sortu berria da, eta bigarren astea dute entrenatzen.

Bilera egin dute deusetan hasi aurretik. Gilek gizonen taldeko jokalari guziak borobilean bildu ditu, eta agindu batzuk eman dizkie, baita heldu diren hitzorduen berri ere. Gogorarazi die talde horrek balio batzuk dituela, eta horiek errespetatzea ezinbestekoa dela zelaira atera ahal izateko. Zorrotza izan da Gil: «Ezin da inor diskriminatu edo iraindu bere arrazagatik, sexu joeragatik edo generoagatik, ezta beste taldeetako jokalariak edo epailea ere. Hori egiten duena kanporatuko dugu». Hitzak adituta, berehala hasi dira beroketa ariketekin.

Erronka handia dute aurretik. Gilek argi du bidea ez dela erraza izanen: «Ez dugu jarrera diskriminatzailerik onartuko zelaian; beraz, lan handia egin beharko dugu futbola ikustera doazen zaleekin. Erriberan zaila izanen da hori ulertaraztea». Futbolean ohikoak baitira denetariko irainak eta jarrera oldarkorrak, baita maila apaletan ere. «Hasiera zaila izan da, oso talde heterogeneoa delako: batzuk futbolean arituak ziren, baina utzita, beraz, kosta egiten da kirol diziplina berriz hartzea», azaldu du entrenatzaileak. «Piezak elkartzea» kosta zaio gehien, baina dagoeneko lortu duelakoan dago, eta martxan da engranajea. Gilek ez daki euskaraz. «Alabak badaki, baina ez dit hitzik irakatsi». Hala ere, proiektuan ongi sartzen dela kontatu du.

Izan ere, euskara da Union Tutera klubaren ardatz nagusietako bat. Duela urte eta erdi hasi ziren proiektuan lanean, pandemiaren atarian. Baina aurretik heldu zen «harrikada», Iñigo Gonzalez taldeko jokalariak esan duenez: «Taberna batean eduki genuen harrikada bat zen. Gero hasi ginen jendearekin hitz egiten, eta sinetsi dugu proiektuan». Bestelako kirol talde bat sortu nahi zuten, balio jakin batzuk dituena.

Euskararen aldeko partida

Euskara da horietako bat. Zubi lana egin nahi dute, eta euskararen normalizazioan urratsak egin. Hori dela eta, Agerraldiak diru ekarpen «handia» egin diela kontatu du Gonzalezek. Zubi lan horren erakusle da izena: Union Tutera. «Askorentzat ezaguna da Tutera hitza, horregatik erabili dugu». Kartelak, txioak eta bestelako komunikazioak ere beti egiten dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Jokalarien artean denetarik dago: batzuk euskaldunak dira, beste batzuk ez. Horregatik, AEKrekin hitzarmen bat eginen dute, astean behin edo bitan euskara eskolak izan ditzaten jokalariek. Bestalde, mutilen taldean bigarren entrenatzaile bat bilatzen ari dira, euskalduna, aginduak euskaraz eman ditzan.

Maria Galarretak ez daki euskaraz, eta aretoko futboleko taldean sartu da: «Nik Iruñean ikasi dut, eta hitzen bat ikasi dut, edo, euskarazko solasaldiak aditzen baditut, ez nago erabat galduta, baina ez dakit deus ere. Nire lagunek badakite, beti egon gara euskara hitz egiten den lekuetan... Gogoa badut, baina denbora gutxi», kontatu du. Euskara inguruan aditzera ohituta dagoenez gero, taldean ere belarria zorrozteko prest agertu da.

Euskara dago proiektuaren oinarrian, eta dagozkion urratsak egin nahi dituzte euskara Erriberan zabaldu eta normaliza dadin, baina bidea luzea izanen den jakitun. «Agian ez da posible izango taldekide askorekin elkarrizketa bat izatea euskaraz, baina bakarrik bazaude 'solo' beharrean 'bakarrik' esatea, bada zerbait. Eta estrategian ere euskara nola sartu pentsatu behar dugu, baina egingo dugu», zehaztu du Gonzalezek. Bera bai, euskalduna da, eta kontatu du Erriberako taldeetan jokatzen zuenean Nafarroa iparraldeko taldeetako jokalariak harritzen zirela euskaraz ulertzen zielako: «Nire taldekideei itzultzen nien aurkariek esaten zutena, eta harritzen ziren: 'Badaki euskaraz?'. Aizu, zer uste duzu, ni hemengoa naiz!».

Planto diskriminazioari

Baina euskaltzaletasuna ez da talde sortu berriak duen oinarri ideologiko bakarra. Balio jakin batzuk landu eta defendatuko dituzte zelaian, aniztasunari lotuak batik bat: arrazakeriaren, sexismoaren eta homofobiaren aurka. «Esango nuke talde honetan dagoena ez dagoela Tuterako beste taldeetan. Uste dut gutako askok ez dugula izena eman soilik futbolean aritzeko, baizik eta atzean dagoen guziarengatik. Pentsa, 26 urtetan ez banintzen inoiz futbolean aritu...», azaldu du Galarretak. Klubaren balioak jasotzen dituen kode etiko bat prestatu dute, eta jokalari guztiek, zuzendaritza batzordeak eta bazkide guztiek sinatu behar dute.

Uxue Moneo ere hasi da aretoko futboleko taldearekin entrenatzen. Beste talde batzuetan aritu izan da, eta aldea nabarmendu du: «Hemen beste modu batean hartu nautela sentitu dut, eta balio hauek ez dute tokirik beste taldeetan: errespetua, aniztasuna... Hemen bai, hemen balio horiek dira abiapuntua».

Gonzalezek beste talde batzuetan aurkitu duenaren berri eman du: «Nik ikusi dut futbol zelaietan emakume epaile baten kontrako jazarpena, eta ez da ezer gertatu. Lotsarik gabe esan diote 'Joan zaitez harrikoa egitera' edo 'Hau ez da zure tokia'. Ikusi dut, halaber, nola jazarri zaizkion pertsona beltz bati, eta ez da ezer gertatu. Edo aldageletan 'marikoia' eta horrelakoak esatea. Horrelako gauzak guk ez ditugu onartuko, eta, futbol zelaian horrelako jarrerarik ikusten badugu, nahiz eta gure taldekideen kontra ez izan, partida utzi eta joango gara. Erakutsi nahi dugu errespeturik gabe ez dagoela partidarik».

Union Tutera bestelako taldea dela argi du Adrian Villafrancak. «Duela hamar urte utzi nuen futbola, baina proiektu honek bultzatu nau itzultzera; ez nuen soilik bileretan egon nahi, zelaian ere egon nahi nuen, hor defendatzen direlako balio hauek». Lehenbiziko entrenamenduen ondoren baieztatu du taldea berezia dela: «Bai atzo, neskak ikustera joan nintzelarik, bai gure entrenamenduetan, jendea gorputz eta arima aritzen da. Inoiz ez dut halakorik ikusi aritu naizen beste taldeetan. Giro ona dago, eta dena ematen badugu zelaian, oso ongiikusten ditut bi taldeak jarrerari dagokionez. Eta, gero, euskarazko hitzak aditzen dira. Hori Tuterako talde batentzat asko da», kontatu du jokalariak.

Poliki-poliki ari da Union Tuteraren berri zabaltzen, eta sare sozialetan lan handia egin dute diru bilketa kanpainaren bidez sosak lortzeko. Izan ere, ohartu dira futbol talde bat egitea ez dela batere merkea. «Hasi ginen mutilen taldea sortzen, eta bat-batean ikusi genuen zenbat gastu dauden, zenbat denbora behar den, eta zer negozio dagoen muntatuta futbolarekin», esan du Villafrancak. Hala ere, ez dute soilik futbolean aritu nahi: aurrera begira, klubean beste kirol batzuk sartu nahi dituzte, filosofia berari eutsiz.

Zelairatzeko prest

Orain, bazkide kanpainarekin hasiko dira, eta, esan dutenez,saiatuko dira kuota «eskuragarriak» paratzen. Babesle batzuk badituzte, baina horretan ere lan egin beharko dute. Ez dute edozeinen sosik onartuko, aitzitik: «Noski, gure balioen araberakoak: ez dugu onartuko bankurik edo esplotatzen duen enpresa bat», ohartarazi du Gonzalezek.

Entrenamenduak martxan dira. Gizonen taldeak bi aste daramatza Nafarroako erregionaleko lehenbiziko mailan jokatzeko prestatzen. Emakumeen taldea asteon hasi da, eta Nafarroako ligako bigarren mailan ariko da urritik aurrera. Aurrez, lagunarteko partida dute irailaren 4an.

Gogotsu dira gazteak. «Oraingoz giro ona dago, gogoa ere bai, eta lotsarik ez. Jokatu, ongi pasatu eta listo. Ezin garenez mailaz jaitsi, ez da deus pasatzen», esan du Galarretak. Moneo ere kontent da lehenbiziko entrenamenduen ondotik: «Hasieratik babes handia izan dugu guzien aldetik. Hasiberriak gara, eta babes handia izan dugula sentitu dut».

Zelaira ateratzeko prest dira, baina inoiz ere atzendu gabe zergatik jantzi duten Union Tuterako kamiseta: «Kirolaren bidez heztea da helburua. Futbola bozgorailu handia da, eta hori aprobetxatu behar da», gogorarazi du Gonzalezek. Argi ikusi dute: «Proiektu askotan aritu gara, eta honek izan duen oihartzuna ez dugu lortu beste gauza batzuekin». Arreta bereganatu dute. Orain, gola sartzea baizik ez da falta. Aniztasunaren aldeko gola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.