Literaturia

ATZAPAR BETE LITERATURA

Gaur amaituko da Literaturia, Arantxa Iturberen, Miren Narbaizaren eta Eider Rodriguezen 'Elkarrizketa baten soinua eta notak' ikuskizunaren emanaldi batekin. Goizean, liburu azoka eta aurkezpenak izango dira. Inoiz baino argitaletxe gehiago elkartu dira Zarautzen, udaberri giroan.

Pello Unzurrunzaga Itxaropenako arduraduna, oroigarria jasotzen. G. RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Zarautz
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Liburuek beren barruan gordetzen duten piztia aurkitzeko, eguneroko errutina ernegagarriaren piztia baretzeko, irakurzaletasunaren piztia pizteko. Hiru horietarako eta beste hamaika asmotarako bidea jarri du aurtengo Literaturia jaialdiak. Herenegun hasi zen, eta atzo hartu zituen Zarauzko kaleak (Gipuzkoa); eguzkiak gozatu zuen, gainera, udaberrirako buelta, bi urtez udazkenean egin eta gero.

Inoiz baino argitaletxe gehiagok eraman dituzte beren euskarazko liburuak Zarauzko Lege Zaharraren plazara: Alberdania, Ataramiñe, Denonartean, Elkar, Erein, Hatsaren Poesia, Igela, Maiatz, Pamiela, Susa, Txalaparta eta Zortziko elkartu dira. Eta, atzo goizean, bisitariak lehen ordutik ibili ziren liburuei begirada bat ematen eta Ahotseneak azokaren aldamenean antolatutako aurkezpenak entzuten: Estitxu Fernandezek eta Erika Lagonak M ama* eme* ume* liburu berriaren harira amatasunari buruz esandakoekin hasi, eta Anjel Lertxundik Desertuan behatxuloa-tik abiatuta pandemiaz eta giza kondizioaz egindako gogoetekin amaitu, tartean Antton Kazabonek kantuz aurkeztutako piezak adituz, Txalopinak. Zaharberritutako kanta finak liburukoak.

Salmahaietan, nobedadeak nabarmendu dira; batzuk, oraindik aurkeztu ere egin gabeak, Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen Erradikalak antzezlana (Ganbila, Susa) eta Mikel Asurmendiren Kalaportutik Iurretara saiakera kasu (Pamiela). Igela argitaletxearen mahaian daude Literatura Unibertsala bildumako bi lan berriak: Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoa, Joxe Mari Berasategik euskaratua, eta Leonardo Sciasciaren Todo modo, Gaizka Ugaldek itzulia.

Ez kasualitatez, bisitari askok jo dute horietara: itxura berritua dute. Lander Majuelo editoreak kontatu du bilduma berritzeko lanean aritu direla azken boladan. Liburu berriek Alain Urrutia artista bilbotarraren margolan bana daramate azalean, askori argazkiak iruditzerainoko errealismoz eginak. Aldaketarekin gustura dago Majuelo, eta espero du balioko duela irakurle gehiago erakartzeko. Atzoko erosleak izan ziren lehenengoak: «Zuzenean ekarri dugu Itxaropenatik hona».

Zarautzen bertan inprimatu dituzte Literatura Unibertsala bildumako liburu berriak, baita azokako beste asko ere. Euskal literaturaren eremuko inprimategi ezaguna da Itxaropena, eta, aurten, hari omenaldi bat egin diote Literaturian. Bereziki nabarmendu dituzte, argitaletxea zela, 1952. eta 1973. urteen artean, Kuliska sortan argitaratu zituzten 76 liburuak. Itziar Iruretagoiena Literaturiaren antolatzaileak eman dio oroigarria Pello Unzurrunzaga inprimategiko arduradunari: «XX. mende hasierako euskal pizkundearen eta gerraosteko berpizte kulturalaren arteko zubi gutxietako bat izan zen, eta garai historiko zailetan literatur argitalpenak daukan balioaren sinbolo izaten jarraitzen du».

Unzurrunzagak pozik jaso du aitortza, eta adierazi du, inprimategiak aurten 90 urte beteko dituenez, erakusketa bat prestatzen ari direla, irailaren amaieran zabaltzeko asmoz. Itxaropenaren lehen 50 urteei buruzkoa izango da, eta hainbat dokumentu erakutsiko dituzte: zentsurapean argitaratutako liburuak, eskuidatziak, ilustrazioak, zentsurako dokumentuak...

Garai apala

Euskal argitaletxeak azokaz azoka dabiltza aurtengo udaberrian, eta gehienen inpresioa da salmentak apalak ari direla izaten, dendentzat ere ez dela garairik onena, eta irakurleekin izandako tratu gertukoa dutela horrelako egunetako pozik handiena. Txalapartako Garazi Arrulak baxu samar nabaritu du goiza, beste urte batzuen aldean: «Espero dut gero hasiko garela bonuen eragina nabaritzen, zeren azken urteetan antzeman dugu hori».

Alberdaniako Jorge Gimenez gustura zegoen eguerdi partean, Lertxundiren liburua aurkeztu berritan: «Azoka berezia da hau, asko gustatzen zait. Lertxundirena liburu potentea da, eta, haren komunikazio gaitasunari esker, jendeak gustura jaso du».

Arratsaldean segitu dute salmentak eta aurkezpenek, eta han ibili dira literaturazaleak ere, topaketak poztuta, irakurgaien zerrenda puztuta, eta, kasurik onenetan, literaturak piztituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.