Galizian RTVEri boikota egiteko eskatu dute, imitazio bat dela medio

urtzi urkizu
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Joan den astelehenean, TVEko Masterchef Celebrity saioan galiziar doinua imitatzen ibili ziren aurkezleak. Galiziako herritar askok ez zuten batere ondo hartu, eta Galegoaren Normalizazioaren Aldeko Mahaiak RTVE itzaltzeko deia egin du biharko. Elkarte horretako presidente Marcos Maceirak salatu du Espainiako telebista publikoak «mespretxatu» egiten duela galegoa, eta sukaldaritza saioaren imitazioa izan dela azkeneko adibidea. Biharko protestan, TVEk galegoz emititzen dituen 39 minutuak salbuetsiko dituzte. «TVEko kateen 120 orduetatik soilik 39 minutuz emititzen dute galegoz, eta haurrei eta gazteei zuzendutako programazioan minutu bakar bat ere ez», oroitarazi du Maceirak.

Galegoaren eskubideen alde lan egiten duen elkarteak nabarmendu du Galiziako Parlamentuak akordio bat onartu zuela aho batez, TVEn galegozko bikoizketa, azpidatziak eta audiodeskribapenak sustatzeko. Elkarteak, halaber, hiru aldiz eskatu du TVEko zuzendaritzarekin biltzea, aldarrikapenak aurkezteko. Ez du erantzunik jaso. Maceirak, bestalde, esan du jolabide horrek ez duela zerikusirik RTVEko Galiziako langileekin. «Haiek galegoarekin duten konpromisoa ez dago zalantzan jartzerik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.