Altsasuko auzia. Epaia. Amaia Izko. Abokatua

«Erabat ideologikoak dira epaimahaiak erabili dituen zigor irizpideak»

Epaia epaiketa hasi baino lehen idatzita zegoela uste du Izkok, eta salatu du epaimahaiak«manipulatu» egin dituela defentsaren frogak.

jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Epaia jakin aurreko kezkatik, ezagutu ondorengo minera. Eta berriz lanera. Hasierako une garratza pasatu ondoren mintzatu da BERRIArekin Amaia Izko abokatua (Iruñea, 1971).

Terrorismo deliturik ez diete egotzi, baina zigorrik gogorrenak jarri dizkiete leporatutako delituengatik. Zergatik?

Epaimahaiak onartzen du ez dela terrorismoa; gure ustez, ezin zuelako bestela izan; eta jakin bazekiten ezin zuela izan. Baina zigorrak jartzen ditu egitateak terrorismotzat hartuko balitu bezala. Oso larria da hori. Jokaldia oso argia da. Bazekiten ezingo zituztela terrorismoagatik zigortu, baina fiskaltzak hori erabili du hasieratik, zigor gogorrenak bermatzeko. Terrorismoa leporatuta lortu zuten kasua Auzitegi Nazionalera eramatea, eta horrela egin da instrukzio osoa eta hartu dira erabaki guztiak —espetxeratzeak-eta—. Zalantzazko bide hori erabilita lortu dute zigor gogorrenak jartzea.

Eta zer iritzi duzu epaimahaiak larrigarri gisa erabili dituen irizpideei buruz?

Hasieratik esan dute Euskal Herrian gorrotoa-eta dagoela guardia zibilen kontra. Baina aurkakoa esango nuke: auzipetuak zigortzeko erabili diren argudioak direla ideologikoak. Eta hori hala izan da hasieratik, eta prozesu guztian zehar. Epaimahaiak ikusi duenean terrorismoagatik ezin zituela zigortu, gorrotoarena erabili du larrigarri gisa. Erabat ideologikoak dira epaimahaiak erabili dituen zigor irizpideak.

Zein izango duzue argudio nagusiena helegitean?

Oso goiz da esateko nola eraikiko ditugun helegiteak. Esan dezakeguna da zigorrak guztiz neurrigabeak direla, eta ez datozela bat benetan han gertatu zenarekin eta objektiboki epaiketan frogatutako egitateekin. Justiziaren kontrakoa da epai hau.

Zer espero duzue goragoko instantzien aldetik?

Gure lehen helburua da kasua Auzitegi Nazionaletik ahalik eta azkarren ateratzea. Baina duela gutxi eginiko lege erreforma dela-eta, orain auzitegi honetako helegiteen epaitegira jo behar dugu Gorenera iristeko. Gorenetik ez dakit, baina Auzitegi Nazionaletik ezer onik ezin dugu espero.

Hiru auzipetuk espetxean jarraitzen dute, behin-behinean. Epai hau erabiliko duzue aske uzteko, gutxienez irmoa izan arte?

Bai. Espetxean edukitzeko argudiatu izan dute terrorismo delituak leporatzen dizkietela, eta orain halakorik ez dago. Dena den, itxaropen handirik ez dugu.

Zer iritzi duzu aurkeztu zenituzten frogen inguruan epaimahaiak egin duen balorazioaz?

Epaiketa bat egon da epaiketa aretoan, eta beste bat kanpoan. Ikusi diren zenbait froga —bideoak, testigantzak...— oso modu ezberdinean baloratu dituzte epaimahaiko kideek eta herritarrek. Epaian, froga horiei buelta eman diete. Berez, akusatuen aldeko egitateak erakusten dituzte, baina haien kontra egiteko erabili dituzte, argudio harrigarriak erabilita. Pentsa: guk erabilitako frogak gure kontra erabili dituzte! Hemen ez da egon frogen balorazio objektibo bat. Frogen balorazioa guztiz zuzenduta eta bideratuta egon da. Horrek askotan esan duguna erakusten du: epaiketa hasi baino lehen idatzita zegoela epaia.

Frogen erabilera «ez objektibo» horren adibiderik?

Bideoarena. Horrek inflexio puntu bat markatu zuen epaiketan; bereziki, gizartearen pertzepzioan. Bideoak erabat gezurtatzen zuen akusazioak kontatzen zuena. Baina epaimahaiak froga hori ez du horretarako erabili; erabili du, hain justu, grabatu zuen pertsonaren kontra egiteko. Bideo horretan, epaileek grabatzen duenaren jarrera soilik ikusten dute, eta diote oldarkorra dela, erasokor dagoela... Hori ez da bideoan ikusten, eta bai bestea: alegia, ez dela egia akusazioak esaten duena. Baloratu baino gehiago, epaimahaiak manipulatu egin ditu frogak. Aldiz, akusazioaren frogak ez ditu baloratu ere egin. Hasieratik epaitegietatik kanpo markatu zen irizpideari jarraitu diote epaileek: bertsio bakarra da akusazioarena, eta horrek soilik du sinesgarritasuna.

Auzitegi Nazionalak atzo jakinarazi zuen iazko martxoan Iruñean izandako istiluen harira auzipetutakoen epaia ere. Zer antzekotasun eta zer alde ikusten dituzu Altsasukoarekin?

Bi kasu hauek erabili nahi izan dituzte lerro arriskutsu bat irekitzeko: terrorismotzat hartu ahal izatekodisidentzia politikoa etazenbait ideologia edota jarrera erradikal, besterik gabe, Zigor Kodearen 573. artikuluaren bidez. Eta ez dute lortu. Hori oso garrantzitsua da aurrera begira.

Baina, zigorrei erreparatuta, emaitza bestelakoa izan da. Zergatik?

Altsasuko kasuan, estatu tresna guztiak erabili zituzten. Interes politikoak egon dira, mediatikoak, pertsonalak, korporatiboak... Horrek markatu du ezberdintasuna, nire ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.