Kerstin Koeditz. Die Linkeko diputatua

«Neonaziek, NPDkoek eta AfDkoek hartzen dute parte protestetan»

Samara Velte.
2014ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Die Linke ezkerreko alderdiaren Gai Antifaxistetarako bozeramailea da Kerstin Koeditz (Leipzig, 1967) Saxoniako parlamentuan. Pegidarekin, gizartean errotutako xenofobia azaleratu baino ez dela egin uste du.

Zerk eragin du haserre hori orain piztea?

Kolonian izan genuen beste kasu bat, HoGeSa deiturikoa: hooliganak salafisten aurka. Konbinazio bitxia da, badakit, baina jende asko irten zen kalera; oso talde desberdinetako futbolzaleak, elkarrekin protestan. Ekialde Hurbileko gertakariek indartu egiten dute giro hori, eta erraza da islam osoa errudun jotzea, eta hortik asilo bila dabiltzanengan proiektatzea haserrea.

Ez da lehen aldia halako mugimenduak Dresdenen eta, orohar, ekialdean agertzen direna. Badago loturarik?

Izatekotan, arazoa da azken 25 urteotan despolitizazio lan handia egin duela hemen CDUk. Alemania elkartu zenetik berak agindu du beti hemen [Saxonian], eta koalizioa osatu behar izan duenean, kide ahulak bilatu ditu, politika nagusietan ezer ez aldatu behar izateko modukoak. Gogor egin dute, eskoletan ez zezaten politikari buruz irakatsi. Horrek bi ondorio ekarri ditu: batetik, jende askok ez dituela harreman politikoak ulertzen; eta, bestetik, badago halako giro orokor bat, «Hau ere esan beharko dugu ba» dioena. Hortik aise elikatzen dira alderdi populistak.

Pegidakoak ez dira neonaziak modu irekian, baina diskurtsoak nabarmen xenofoboak dira, eta batzuetan faxistak ere bai.

Joaten direnen zati bat benetan kezkatuta dauden herritarrak dira, etorkinei eta asilo eskatzaileei buruzko informazio aski ez daukatenak. Baina manifestazioetan neonaziek, NPDkoek eta AfDkoek ere hartzen dute parte; eta, atera duten programari begiratzen badiozu, 19 puntuetako gehienek ez dute zerikusirik delako «islamizazioarekin».

Alemaniara beti heldu dira etorkinak. Nondik dator asilo eskatzaileen aurkako amorru hori?

Eskatzaile kopuru handiena 1990eko hamarkadan izan genuen, Balkanetako gerran. Orduan ere izan ziren haiei babesa ematearen aurkako protestak, eta politikak erantzun egin zuen: asilo eskubidea zorroztu eta ia desagerrarazi zuen. Jakina, Alemaniak ez dauka EBtik kanpoko mugarik, Espainiak edo Italiak bezala, eta EBtik sartzea oso zaila da; beraz, Greziatik asilo bila heldu direnak hara deportatzen ditugu. Denbora luzez, alderdi nagusiek ez zuten ikusi nahi immigrazioko herrialdea ginela.

Eta orain, nola ari dira erantzuten gobernutik?

Haize ematen die Pegidaren aldarrikapenei, neurri batean prest daudelako haien eskaerei erantzuteko. Saxonian ezin da hitz egin islamizazioaz: herritarren %0,1 baino gutxiago da musulmana. Kezkatzen nauena ez da zenbat pertsona bilduko diren protesta horietan; ez dut uste egitura politiko bihurtzeko gaitasuna dutenik. Kezkatzen nau klase politikoak haien eskaerei kasu egiteak, 90eko hamarkadan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.