Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Troika hemen da berriz

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Joan den asteazkenean, Pedro Sanchez Diputatuen Kongresura itzuli zen esplikatzeko zein diren Next Generation programaren lerroak, baina ez zuen aipatu ere egin funts horiek doikuntza sozialeko zenbait politika dituztela baldintza gisa. Europako hedabide batzuek, aste honetan, zenbait informazio argitaratu dute Espainiako Gobernuaren eta Europako Batzordearen arteko negoziazioei buruz, eta jakinarazi dute 70 bilera egin dituztela urtarriletik. Estatuko agintariak eta alderdi politiko nagusiak, ordea, ezkutatzen ari zaizkie herritarrei zertan den erreskatearen truke talde ekonomiko handiei eman beharko zaien ordainaren inguruko eztabaida.

Sanchezen gobernuak onartua du Europako Batzordearen baldintza gogorrei eta kontrolari baietz esan beharko diela Next Generation funtsak jasotzearen truke. Hain justu horrexegatik iradoki du Jose Luis Escrivak, Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen ministroak, pentsioen kontrarreforma bat egitea ez ezik erretiratzeko adina atzeratzea ere. Bruselaren aholkuen uberan doa neurri hori, eta, haren ondorioz, are gehiago apalduko litzateke pentsio publikoen erosahalmena. Egin diren planteamenduek kutsu neoliberala dute, eta negozio pribatuari atea zabaltzea dute helburu. Horrez gainera, bide beretik doa zerga erregimenaren erreformaren inguruko eztabaida ere: Espainiako Gobernuak hautatutako «adituen batzorde» baten esku utzi dute lana, eta mahai gainean izango da BEZ balio erantsiaren zerga igotzea, hots, zerga bat zeharkakoa dena eta, beraz, progresiboa ez dena.

Lan erreforma bertan behera uztea ere, itxuraz, ez dago gobernuaren agendan. Unidas Podemosekoek eta inbestidurako bazkideek aurre egin arren, gobernuak Bruselaren doktrina onartu du. Zoritxarrez, betetzen ari dira garai batean Europako erreskatearen arriskuez ohartarazi zuten ekonomista kritikoen iragarpenak, eta, Giannis Varufakis Greziako Finantza ministro izandakoak esan zuen bezala, «berreraikitze funtsak gorabehera, troika berriz itzuliko da, eta, orduan, 2010ean eta 2015ean bezalatsu estutuko dituzte Espainia, Italia eta Portugal».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.