Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Netflixek ez dio ulertzen Moraimari

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Siri Appleren ahots laguntzailearen eta Moraima galizieraz egiten duen neskato baten arteko elkarrizketa biral bihurtu da sare sozialetan. Sirirekin bere hizkuntzan hitz egiten saiatzen zen Moraima, baina Sirik erantzuten zion ez ziola ulertzen, eta, azkenean, umea konturatzen zen multinazional horren tresna teknologikoak galizieraz ez jakitea zela komunikatu ezin izatearen arrazoia. Moraimaren gurasoek grabatutakoa adibide ezin hobea da erakusteko zer arazo dituzten hizkuntza gutxituek globalizazio garai honetan, eta zer zailtasuni aurre egin behar dieten behar bezalako babes instituzionalik gabe existitzen segitzeko.

Galizierak ikus-entzunezko plataformen katalogoetan duen egoera ere bada arazo horren adierazle. Normalizazio Linguistikorako Mahaiaren datuen arabera, Netflixen, HBOn, Prime Videon eta Disney Plusen eskuragarri dauden 25.782 telesail eta filmen artean soilik 25 daude galizieraz den-denak, Galizian ekoitziak. Gaztelaniaz, ordea, eskaintzen diren titulu guztiak ikus daitezke bikoiztuta edo azpidatzita. Hala, agerian geratzen da, beste behin ere, zer-nolako desparekotasuna dagoen hizkuntza ofizial batzuen eta beste batzuen eskubide linguistikoen artean.

Ikus-entzunezko komunikazioaren inguruan Espainiako Gobernuak abian duen lege proiektu orokorrak katalana, euskara eta galiziera baztertzen segitzearen alde egiten du. Lege proposamenak %50eko gutxieneko emisio kuota bat ezartzen du nahitaez gaztelaniazko lanentzat, baina ez du inongo eduki kuotarik ezartzen gainerako hizkuntza ofizialentzat, eta irekita dauden finantzaketa lerroetatik kanpo uzten ditu, gainera.

Behar-beharrezkoa da lehenbailehen erreforma bat egitea proiektu horri, hainbat indar politikok eta Kataluniako, EAEko eta Galiziako gobernuek eskatutakoari jarraituta. Datorren astea giltzarri izango da legeak zer bide hartuko duen zehazteko. Azkenean onartzen den aukerak ez baldin badu barnean hartzen Xabarin egitasmoaren bitartez Galiziako Parlamentuan aho batez exijitutakoarekin bat datorren alternatibaren bat plataforma teknologikoetan galizieraren eta gaztelaniaren arteko eduki berdintasuna egotea eskatzen du egitasmo horrek, zera gertatuko da: Moraima eta hura bezalako beste haur batzuk ezingo direla galizieraz bizi XXI. mendeko mundu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.