martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Izen aldaketa besterik ez

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Iritsi da azkenean Altsasuko gazteen aurkako sententzia, Espainiako Auzitegi Nazionalean sortu berria duten Apelazio Auzitegiak emana. Ia erabat berretsi du areto horrek magistratuek ekainean ezarritako zigor ikaragarria, Altsasuko taberna batean izandako istiluengatik bi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri baitizkie gazteei.

Akusazioa hasieratik saiatu zen gertatutakoa «terrorismoa»-rekin lotzen, eta era horretako delituen gainean ebazten duen Auzitegi Nazionalera eramaten auzia; baita lortu ere, nahiz zigor arloko aditu askok salatu zuten burugabekeria zela delitu horiek auzitegi berezi horretan epaitzea. Legelari ez garenontzat, are ulergaitzagoa da lehen zigor gogorra erabaki zuten epaileek sententzian esan zutena, alegia, delitua ez zela «terrorismoaren» alorrekoa, baina ez zutela auzia Nafarroako Auzitegira bidaliko. «Zergatik ez?», galdetu genion askok geure buruari.

«Dena da ETA»aterki juridiko orohartzaile bezain elastiko haren aitzakia nagusia bukatuta—ETAren desagerpena—, beste argudio bat sortu beharra zegoen, haren funtzio bera beteko zuena. «Diskriminazio ideologikoa». Erraz ulertzen da, Espainiako hegoaldeko herri bateko istilu batean herritar arrunta den polizia, beti polizia da istilu hori Euskal Herriko herri batean gertatzen bada. Hau da, kategoria juridiko desberdina edukitzea onartzen diote polizia horri, segun istilua non gertatu den.

Injustizia handia egiten ari dira Altsasuko gazteen aurka, erantsita daramana abisu bat, Alde Hemendik bezalako ekimenak bultzatu edo haietan parte hartzen duten gazteentzat. Hori da, horretarako abagunea topatuz gero, gertatuko zaiena.

Aurrera segituko du defentsak helegiteekin, eta Gorena da hurrengo geltokia. Urruti dago Estrasburgo oraindik; urrutiago, gazteak kartzelan daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.